Arabako intzidentzia tasa metatuak behera egiten jarraitzen du: une honetan 438,81ekoa da, eta azken 24 orduetan soilik 51 positibo berri atzeman dira lurraldean. Kasu horietako 41 Gasteizen atzeman dira, eta hiriburuko intzidentzia tasa metatua 465ekoa da une honetan.
Aurreikusita zegoen bezala, beheranzko joera mantendu da eta lurralde osoa zein hiriburua eremu gorritik kanpo daude jada. Agurain ere, 336,26ko intzidentzia tasa metatuarekin, eremu gorritik kanpo dago.
Aramaio, eremu gorrian dagoen bakarra
Ostegun honetan udalerrien egoeraren inguruan Osasun Sailak plazaratutako azken ebazpenaren arabera, hainbat aldaketa izan dira: udalerri bakar bat ere ez da eremu gorrian sartu, eta Agurain, Gasteiz, Guardia, Iruraiz-Gauna, Moreda eta Urkabustaiz eremu gorritik irten dira, azken egunetako egoeraren bilakaera ona izan delako.
Horrenbestez, Arabako udalerri bakarrean eskola kirola etenda mantenduko da, asteartetik ostiralera gutxienez: Aramaion, 2.635,14ko intzidentzia tasa metatuarekin.
Bitartean, 5.000 biztanletik beherako udalerriei dagokienez, intzidentzia tasa metatua hainbat udalerritan da 500etik gorakoa, baina lurraldeko egoera orokorrak hobetzen jarraitzen du:
- Añana: 1.117,32
- Armiñon: 1.345,29
- Berantevilla: 801,60
- Ekora: 1.498,13
- Gaubea: 751,88
- Guardia: 1.238,59
- Iruraiz-Gauna: 915,75
- Kripan: 546,45
- Moreda: 1.486,99
- Urizaharra: 694,44
- Urkabustaiz: 896,55
- Zanbrana: 672,65
Testak eta ospitaleak
EAEko egoera orokorrari dagokionez, ostiraletik igandera bitartean: ostiralean 11.236 test diagnostiko egin ziren; horietatik 613 positiboak izan ziren (%5,5); larunbatean 8.880 test diagnostiko egin ziren; horietatik 423 positiboak izan ziren (%4,8); eta igandean 7.550 test diagnostiko egin ziren; horietatik 418 positiboak izan ziren (%5,5).
Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,80koa da une honetan, bai EAEn eta baita Araban ere; hortaz, kutsatzeen hazkundea moteltzen ari da.
Ospitaleen egoerari dagokionez ere, egoera hobetuz doa. Osasun Sailaren azken datuen arabera, azken 24 orduetan:
- 38 pertsona ospitaleratu dituzte Covid-19aren ondorioz.
- 474 lagun daude Osakidetzako solairuetan.
- 170 pertsona ZIUan daude, Covid-19aren ondorioz larriki gaixorik.
- Guztira, 644 pertsona daude ingresatuta Osakidetzako ospitaletan Covid-19aren ondorioz.
Ertzaintzaren txertaketa
Osasun Sailak jakinarazi duenez, EAEk aste honetan hasiko du klinika pribatuetako zein eguneko zentroetako profesionalen txertaketa, baita Ertzaintzako agenteena ere.
Bitartean, egoitzetan egoiliarren eta profesionalen immunizazio osoarekin jarraituko da, baita Osakidetzako lehen lerroko osasun profesionalen txertaketarekin ere.
Hortaz, klinika pribatuetako lehen lerroko profesional sanitarioen, Ertzaintzako agenteen eta eguneko zentroetako profesionalen txertaketarekin hasiko da Osakidetza datozen egunetan. "Betiere txertoen eskuragarritasunaren arabera", argitu du Osasun sailburu Gotzone Sagarduik.
Otsailetik ekainera bitarteko estrategia
Bestalde, asteburu honetan, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko estrategia jasotzen duen hirugarren Bizi Berri Plana aurkeztu zuen ostiralean. Planak otsaila eta ekaina bitartean jarduera eta ohitura sozialak arautzeko helburua du, pandemiaren bilakaerara egokituz.
Lehendakariak adierazi duenez, azken urteko esperientzian oinarrituta, edukiak eguneratu eta Jaurlaritzaren estrategia pandemiaren bilakaerara zein otsaila-ekaina aldirako aurreikuspenetara egokitu da.
Plan berriak bost agertoki eta adierazle zein arrisku maila bakoitzari egokitutako prebentzio neurriak aurreikusten ditu. "Oinarrizko helburua da, oraindik ere, konfinamendu zorrotza, osasun-kolapsoa, hezkuntza-itxiera, koma ekonomikoa eta gizarte-arrailak areagotzea saihestea", adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Udalerrien arteko mugikortasuna
Horrez gain, ostiralean, indarrean dagoen dekretua 20 egunez luzatzea erabaki zuen LABIk. Astelehenetik aurrera, bi salbuespen onartuko dira udalerrien konfinamenduaren esparruan:
- Mugakide diren ohiko udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, aire zabaleko gizarte, ekonomia eta kirol jarduerak egiteko.
- Udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, honako kasuetan:
- Lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak.
- 500 baino intzidentzia tasa txikiagoa duten udalerrien arteko mugikortasuna:
- Kirol federatuko lehiaketa eta entrenamenduetarako.
- Eskola kiroleko entrenamenduetarako.
- Gimnasio, klub edo kiroldegietan programatutako ikastaro edo jardueretarako.