Goiainen jartzekoa den enpresa kutsagarriaren kontrako aldarria hiriburura eraman dute

Erredakzioa 2020ko uzt. 27a, 10:00
Larunbatean sinadurak bildu dituzte Gasteizen. / Urrunagako Administrazio Batzarra

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi dira Agaleus taldeko SADER enpresaren jarduera Goiainen jartzeko asmoaren aurkako mobilizazioak. Legutioko herri plataformak mila sinadura baino gehiago bildu ditu.

Asteburu honetan, Legution enpresa toxiko gehiagorik ez plataformako kideek eta hainbat legutioarrek sinadurak bildu dituzte Gasteizen, Agaleus taldeko Profersa/SADER enpresa Gorbeialdeko udalerrian instalatzearen aurka.

Urrunagako urtegiari eusteko diketik 100 metro baino gutxiagora jarri nahi duten enpresaren kontrako plataformak mila sinadura baino gehiago bildu ditu jada.

 

Proiektu "oso kutsagarria"

Hain justu ere, Icoa enpresa zenak Txabolapean dituen instalazioetan agertu omen du interesa aipatutako enpresak. Aukera horren aurrean, herri plataforma bat sortu dute, eta enpresaren asmoen berri ematen duen esku-orriak banatu dituzte etxez etxe.

Plataformatik azaldu dute SADER (Hondakinak Deskontaminatzeko eta Ezabatzeko Sozietate Anonimoa) enpresak "osasunerako hondakin industrial arriskutsuak eta ez arriskutsuak" kudeatzen dituela, eta Jaurlaritzak ingurumen baimen integratua behar duen IBI enpresa bezala katalogatuta duela.

Gaineratu dute enpresa Bilboko Zorrotzaurre auzoan zegoela, baina handik alde egin behar izan dutela bi arrazoirengatik: "Batetik, Zorrotzaurreko penintsularen berregituraketa berria dago; gune erabat industriala izatetik, Bilbon gehien hazten ari den bizitegi-auzoetako bat izatera igaro da ingurune hori. Bigarrenik, auzoaren beraren eta inguruko auzoen kexa eta salaketa etengabeak daude, azken urteotan enpresa horretatik sortzen diren ke, bibrazio eta usain txarrengatik".

Baserritik 30 metrora

Hasiera batean, instalazioak Zierbenara eramatea zen asmoa. Baina, plataformatik adierazitakoaren arabera, bertako Udalak uko egin zion aukera horri, eta, ondorioz, enpresak Legutiora jo du orain.

"Lekualdatzeko asmoa duten eremua hurbilen dauden etxeetatik 30 metrora dago, Santa Engrazia urtegitik 100 metro eskasera; eta Albiña eta Uribarri Ganboako urtegietatik lerro zuzenean bi kilometrora. Denok dakigun bezala, Araba eta Bizkaia edateko urez hornitzen dituzten urtegiak dira horiek. Gorbeiako Parke Naturalaren mugen barruan ere badago", gogorarazi dute plataformatik.

Horrekin batera, gaineratu dute Goiain eta Lladie industria guneetan hondakinak kudeatzen dituzten eta kutsakorrak diren bestelako enpresak ere badaudela gaur egun. Horregatik guztiagatik, mota horretako enpresak udalerrian jartzearen aurka agertu dira herritarrak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide