Aramaiok bat egin du 'Bertatik bertara' kanpainarekin, euskararen aberastasuna ikusarazteko

Erredakzioa 2020ko eka. 23a, 10:04

Aramaioko jatetxeetan mahai gainean ikusi ahal izango den mantela. / ARAMAIOKO UDALA

Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak lelopean, udalerri euskaldunek euren baitan biltzen duten aberastasuna ikusarazteko eta aldarrikatzeko xedea du UEMAren eskutik Aramaion abiatutako kanpainak.

Bertatik Bertara kanpaina antolatu du UEMAk, eta Aramaiok bat egin du. Horrela, herriko hainbat establezimenduetan ikusi ahal izango da, Gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak aldarrikatzeko irudia.

Ekainaren 19an abiatu da kanpaina, eta udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu. Udalekin eta zerbitzuen sektoreko eragileekin batera, herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ekimena izango da.

Uda, lehen urratsa

Kanpainaren lehen euskarriak udako lehen hilabeteetarako aurreikusi eta prestatu ditu UEMAk. Besteak beste, jatetxe, taberna eta ostatuetan otorduren bat egiten duten pertsonek mahai gainean ikusi ahal izango duten mantela. Horrekin batera, udal eraikinetan eta dendetan ikusgai egongo diren kartelak, herritarrak eta bisitariak kontzientziatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago