Urkabustaizek eraikuntzen gaineko zerga berria du

Erredakzioa 2020ko eka. 3a, 15:55
Urkabustaizko udaletxea, Izarran. / WIKIPEDIA (Zarateman)

Urkabustaizko Udalak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga arautzen duen ordenantza berria onartu du. Araudi honen helburua etxebizitzak birgaitzea eta energia-eraginkortasuna zein irisgarritasuna hobetzea da.

Urkabustaizko udalbatzak ordenantza eguneratu du, EH Bilduk proposatuta eta EAJren abstentzioarekin: "Aurrekoa 2005ekoa zen eta ez zion egungo errealitateari erantzuten", azaldu du Udalak, ohar bidez.

Etxebizitzak birgaitzeko presio fiskala murriztu dute, irisgarritasunari lotutako lanak erraztu nahi dituzte, eta adinekoentzako zein baliabide gutxien dituztenentzako hobariak onartu dituzte.

Horrez gain, lehen sektoreari eta enpresa txikiei laguntzen saiatu direla azaldu du Xabier Alvarez de Arcaya alkateak. Eta beste helburuetako bat udalerriko etxebizitzetan eraginkortasun energetikoa hobetzea da.

Onartu berri den araudiak, besteak beste, %85eko hobariak emango dizkie oztopo arkitektonikoak kendu behar dituzten 65 urtetik gorakoei; eta %50ekoa irisgarritasuna hobetzen duten obrei. Jarduera ekonomikoa gauzatzeko obrak egin behar dituzten enpresa txiki eta ertainek %10eko hobaria izango dute.

%50eko murrizketa aurreikusten da eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak, biomasa-galdaren instalazioa edo energia berriztagarriko beste edozein instalazio jartzen diren obretarako. Beste horrenbeste jasoko dute A edo B etiketa energetikoa lortzen duten birgaitze-obrek.

Gainera, %3tik %0,3ra jaitsi du teilatuen eta fatxaden eraberritzearen gaineko zerga. Beste bi puntu murriztu da (%3tik %1era) abeltzaintzarako lurrak ixtekoa, eta baita harlangaitzezko hormak birgaitzeko edo negutegiak jartzeko lanen gainekoak ere.

Kontzejuek egindako eraikuntza, instalazio eta obren udal-zergan parte hartuko dutela erabaki du udalbatzak, eta zerga horren kuotaren zati bat emango zaie urtean zehar likidatu eta bildu badira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide