Urkabustaizko osoko bilkurak 2020rako udal kontuak onartu ditu: 1,3 milioi euroko aurrekontuak EH Bilduren aldeko botoa eta EAJko ordezkarien abstentzioa jaso zituen.
Ingurumen jardueretara eta eraginkortasun energetikora bideratutako dirua azpimarratu du Urkabustaizko Udalak. Partida hori 3.500 eurotik 17.000 eurora pasako da; hots, orain arte egindako inbertsioa halako bost. Besteak beste, baratze ekologikoen proiektu bat bultzatzeko prestakuntza ikastaroak eta tailerrak ahalbidetuko dituela azaldu dute.
Horrez gain, Izarrako plazako argiteria publikoa LED bihurtzeko aldaketa egingo dute. Partida horretan bertan, konposta egiteko proiektuak martxan jartzea eta frontoiaren eraginkortasun energetikoa hobetzea ere planteatu dute. Izan ere, Urkabustaizek legealdi honetan aurre egin nahi dion inbertsio handienetako bat da, hain zuzen ere, Izarrako pilotalekua eraberritzea.
"Urte honetan prozesu parte-hartzaile bat jarriko dugu martxan, etorkizuneko azpiegituraren beharrak zehaztuko dituena", azaldu du alkate Xabier Alvarez de Arkaiak. Prozesutik ateratako ondorioetan oinarrituta idatziko dute aurreproiektua 2021ean. Legealdia amaitu baino lehen obrak hasi ahal izateko asmoa azaldu du Alvarez de Arkaiak.
Euskararen sustapenerako, berdintasuna sustatzeko eta kultur jardueretarako zein Kultur Etxearen funtzionamendurako partidek ere gora egin dute, Udal langileentzako gastuek bezala.
Bestalde, Udalaren Lanpostuen Zerrenda (LPZ) ere aldatuko da: alde batetik, liburuzain postuaren lanaldia handituko da; bestalde, 2016tik hutsik dagoen administrari lanpostua beteko da.