"Guikuri jantzi-denda ibiltaria jarriko dugu martxan ekainean"

Mirian Biteri 2020ko mai. 9a, 08:00

Nuria Lopez de Letona (ezkerrean) eta Marisa Suso, Maurgako Guikuri jantzi-dendan.

Kezkatuta dago Nuria Lopez de Letona, Guikuri jantzi-denda itxita izan duelako azken asteotan. Dena dela, baikor agertu da, eta koronabirusa heldu aurretik zuen proiektua abian jartzeari eusten dio. 

Zigoitiko Maurga herri txikian dagoen Guikuri jantzi-dendak astelehenean ireki zituen berriro ere ateak. Deseskalatze planaren arabera, bezeroak hitzordua aurretiaz hartuta baino ezin da zabalik egon, eta horrela dabiltza lanean Nuria Lopez de Letona eta Marisa Suso "denda-kontzeptu ezberdin bat" duen negozioan.  

Denda zabalik duzue, baina ez lehengo egoeran. Nola funtzionatzen duzue zehazki?

Egoera oso aldakorra da eta dekretua aste batetik bestera aldatzen doanez, horren arabera funtzionatzen dugu. Segurtasun neurri guztiak bermatzeko, banan-banan ari gara bezeroak hartzen, hitzordua aurretik eskatuta; ez dugu nahi bezeroa gurean dagoen bitartean beldurtuta egotea. Sartu eta jarraian, bezeroak eskuak garbitu behar ditu eta arropa probatu ahal izateko ere hainbat neurri hartu ditugu. Aldagelak, esaterako, itxita ditugu; gortinak daude bertan eta horiek desinfektatzea zailagoa denez, komuna erabiltzen dugu. Arroparen kasuan, bezeroak probatzen baldin badu, esprai batekin desinfektatu ostean, aparte uzten dugu hurrengo egunerako. Lehen, Guikurira zetorren jende asko agian bi ordu ematen zituen arropa probatzen; orain salmentak ezberdinak izango dira: zerbait konkretua edo opari baten bila etorriko dira.   

Guikuri ez da ohiko jantzi-denda...

Hala da, denda-kontzeptu ezberdin bat daukagula esaten dut. Tratu hurbila dugu bezeroarekin. Erosteko beste modu bat da, zerikusirik ez daukana merkataritza gune bateko denda batean topatuko duzunarekin. Denda 60 bat biztanle dituen herri txiki batean dago eta bezeroak autoz datoz, arratsalde pasa, presa barik; adibidez, hala nahi badu, lorategian kafetxo bat hartu dezake.   

Kontzeptu ezberdin horrek buelta erraztu al dizue?

Pozik gaude jendea hasi delako deitzen, baina mugimendua behar dugu, bi hilabete eman dugulako itxita eta oso gogorra delako.  

Lan egiteko beste modu bat dugunez, agian errazago egin zaigu moldatzea, bai. Koronabirusa heldu aurretik, ostiral eta larunbat iluntzean baino ez zegoen denda zabalik eta astean zehar bisitatu nahi izanez gero, aurretik eskatu behar zen hitzordua. Zentzu horretan ez da aldatu. Baina, aldi berean, kontuan hartu behar da pertsonen mugikortasuna oraindik ere mugatuta dagoela.

 

Krisi honetan babestuta sentitu al zarete?

Ez, batere ez. Hasieratik autonomo eta enpresa txikientzako laguntza batzuk aterako zituztela esan zuten eta horrela izan da, baina oso zaila da horiek eskuratzea; denok gabiltza eta berdin. Guikuri bi pertsonek osatzen duten kooperatiba txikia da, eta gainerakoak bezala bi hilabete eman ditugu geldi, dendan denboraldi berriko arropa guztia dugu saldu gabe, eta ez dakigu zelan egin ahalko diogun aurre egoerari. 

Zigoitiko Udalarekin kontaktuan zaudete?

Autonomoen kuota bertan behera utziko zutelakoan nengoen, bi hilabete hauetan ez dugulako inongo diru sarrerarik izan.

Bai. Alkatearekin hitz egin dugu eta Udalak bertako negozioentzako laguntzak emateko asmoa agertu du; horrek asko lagunduko gaituela uste dut. Bestetik, autonomoen kuota bertan behera utziko zutelakoan nengoen, bi hilabete hauetan ez dugulako inongo diru sarrerarik izan. Baina, azkenean, ordaindu dugu. Hori gatxa da.    

Itxialdian, dena dela, ez zarete geldi egon. Sare sozialetan zinemarekin lotutako lehiaketa bat antolatu duzue, besteak beste. Bide berriak asmatu behar, ezta?

Bai. Hasierako egunetan geldi egon ginen oso kezkatuta geundelako, baina gero egoerari poztasun ukitu bat ere eman nahi izan diogu eta Facebook eta Instagram erabili ditugu denboraldi berria erakusteko eta oraindik ere martxan dagoen lehiaketatxo bat ere antolatu dugu. Pozik gaude, jendeak oso ondo erantzun duelako. 

Normaltasunean ere Guikuri ez da jantzi-dendara mugatzen, ekintza irekiak antolatzen dituzuelako...

Desfileak prestatzen ditugu denboraldi berria ezagutarazteko; urtean birritan: irailean eta martxoan.

Azken hiruzpalau urteotan, Maurgako elizan egin ditugu desfileak; lekua zoragarria bada ere, oso gutxitan erabiltzen da, eta guk bertan antolatzen ditugu. Oso polita izaten da bezeroek eta lagunek egiten dituztelako modelo lanak; normalean, 200 lagunetik gora elkartzen gara. Martxoaren 28an egin behar genuen azkena, baina bertan behera geratu zen. Dena ondo badoa, udazkenean egingo dugu hurrengoa.  

Horietan elkarlana sustatzen duzue inguruko ekintzaileekin.

Bai, normalean, gainera neskekin egiten ditugu. Desfileetan beti dugu norbait bere produktuak jendeari erakusteko. Iaz, Baias garagardokoekin eta Lamia biokosmetikakoarekin egin genuen, eta aurten, Gopegiko ileapaindegi berri batek parte hartu behar zuen. Elkarlana sustatzea du helburu, herrian gaudenok elkartzeko eta norberaren eskaintza ezagutarazteko aukera ona da eta.  

Jantzi-dendaz gain, zuk zeuk Guikuri landetxea ere baduzu Murua herrian. Zelako aurreikuspenak dituzu horretarako?  

Astelehenean, maiatzaren 11n, irekiko dugu etxea. Guk nahiko ondo daukagu, espazio komunik ez dugulako, apartamentuak dira. Baina, gertatzen dena da bezeroak ezin direla beste probintzia batetik etorri eta, hortaz, zalantza asko ditugu. Gu, dena dela, saiatuko gara.

Amaitu aurretik, jakin dut koronabirusa baino lehen proiektu berria zenutela Marisa Susok eta zuk esku artean. Oraindik ere buruan al duzue?

Bai. Autobus zahar bat erosi dugu eta horretan jantzi-denda ibiltari bat egokitzekotan gabiltza. Dagoeneko zortzi urte pasa dira denda ireki genuenetik, eta batzuetan denda beste herri batera eramaten nuen hainbat egunez, bertan lokal bat alokatuta. Aurrerantzean bi denda izango ditugu: Maurgako finkoa eta Arabatik nahiz Gorbeia inguruko herrietatik mugitzen joango den autobus ibiltaria. Ia guztia prest zegoen apirilean martxan jartzeko, baina koronabirusarekin atzeratu egin da; ea ekainerako prest dagoen. Kamioiak gidatzeko karneta behar dut eta horretan nabil. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago