juan antonio aretxaga

"Mugitzen ez bada, Arabak aukera galduko du sagarra landatzeko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 29a, 08:00
Juan Antonio Aretxaga da Arabako Sagardogileen Elkarteko lehendakaria. PHOT.OK

Euskal Sagardoa jatorri-deituraren beharrei erantzuteko sagar hektarea gehiago landatu beharko dira Euskal Herrian hurrengo urteetan, guztira berrehun bat inguru; Araban aukera hori baliatzeko eskatu du bertako sagardogileen buru Juan Antonio Aretxagak, eta administrazioari dei egin dio urratsak egiteko.

Nahiz eta 1885ean Gasteizen oraindik ere Arabako sagardoa saltzen zuten, mahastietan, zerealetan eta patataren hazkuntzarekin hasi zen bete-betean lurraldea, eta behin betiko ahaztu zuten sagarrondoak landatzea eta sagardoa egitea. Alta, laborea pixkanaka berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza sagardogile batzuk herrialdean. Juan Antonio Aretxaga (Elosu, 1962) da horietako bat. Herrialdeko sagardogileen elkarteko lehendakariak orain arteko "konpromiso eta apustu handiago bat" eskatu dizkio Arabako Diputazioari, sagarraren laborea sustatzeko eta nekazariei sagastietan inbertitzen laguntzeko.  Gipuzkoan dagoen eskariari aurre egiteko berrehun hektarea sagar gehiago landatu behar direla nabarmendu du Aretxagak: "Araban, hurrengo urteetan, ehun hektarea berri landatzea izan behar da helburua".

Kanpaina honetan 95.000 litro sagardo eta 15.000 litro sagar-zuku jaso dituzue Arabako sagardogileek. Zenbaki onak dira?

Orokorrean sagar uzta oso-oso ona izan da, baina ez toki guztietan. Araba biodibertsitate handia duen herrialdea da; ez da Gipuzkoan edo Bizkaian moduan, uzta ona izaten dutenean lurralde osoan izaten dutela. Hemen, Aramaion, oso uzta ona egon da, nik esango nuke ia historikoa izan dela, baina aldiz, Trebiñun, oso gutxi jaso dute, izotza oso berandu bota zuelako. Alde handia dago Trebiñu eta Aramaio artean.

Euskal Sagardoa izeneko sor-markan daude Iturrieta eta Kuartango sagardotegiak. Zer eman dizue jatorri-deiturak?

Duela hiru bat urte sortu genuen sor-marka. Baldintza nagusia da Euskal Herrian jatorria duen sagarra erabili behar dela sagardoa egiteko, bertako barietatea eta bertan ekoitzitakoa. Hemen, Araban, alde horretatik ez dugu arazorik; Kuartangokoak ez ditu sagarrak oraindik, baina inguruan erosten ditu, eta Aramaion baditugu nahi adina. Trebiñun, berriz, arazo administratiboa dago sor-marka sartzeko, Burgosko lurraldean dagoelako sagardotegia, baina egiten duen sagardoa ere bertakoa da. 

Nola bermatzen da sagarraren kalitatea? 

Sor-markak ematen du berme hori. Bertan ekoizten baldin bada sagarra, ez da ekarri behar Normandiatik edo Poloniatik, ez ditu orduak ezta kilometroak ere pasatu behar kamioi batean sartuta; hementxe, goizean batu eta arratsaldean txikitu egiten duzu, eta horrek kalitatea bermatzen du. 

"Araban labore askok ezin dute esan sagarra bezain errentagarriak direnik"

Arabako Sagar eta Sagardogile elkartearen lehendakaria zara. Zertan ari zarete lanean?

Elkartea lurraldeko sagardo ekoizleok sortu genuen, Araban fruta-laborantza bultzatzeko, elkarrekin lan egiteko eta euskal sagardoa sustatzeko. Sagarra landatu nahi duenari aholkularitza ematen diogu, informazioa eta formazioa, adibidez, inausketa, izurri eta gaitz-kontrola… Gainera, sagardoa sustatzeko jarduerak antolatzen ditugu. 

Badago nahiko sagar sor-markaren eskaera asetzeko?

Arabako sagardotegiek ez dugu produktua lortzeko arazorik, baina Gipuzkoan badute arazo hori, tona asko behar dituzte litro asko egiten dituztelako, eta ez dago hainbeste sagar Euskal Herrian, beraz atzerritik ekarri behar dute.

Hortaz, sagarrondo gehiago landatzeko beharra dago.

Derrigorrez. Gipuzkoan, diru-laguntza oso onak atera zituen bertako diputazioak duela urte batzuk, eta ia ehun hektarea berri landatu dituzte, baina hala ere berrehun gehiago landatu behar dituzte merkatua asetzeko eta Euskal Herria autonomoa izateko. Momentu honetan, Araba izan daiteke sagarrondoa landatzeko alternatiba, lurra badagoelako eta gainera orografia aldetik, esate baterako, Lautadak aukera asko ematen dituelako sagarrondoak landatzeko; baina ez dago fruta-laborantza kultura bertan, eta dauden laguntzak ere ez dira erakargarriak nekazarientzat.

"Problema da itxoin egin behar dela produzitzen hasteko; hor instituzioak egon behar dira"

Araban ez da sagarra estimatzen?

Ez, ez dago kultura hori. Egun, Araban landatzea da aukera, baina mugitzen ez bada aurki Nafarroa sartuko da sor-markan; han badago fruta-laborantza kultura eta sagarra landatuko dute. Arabak aukera galduko du.

Zer behar da kultura hori sustatzeko? 

Denon apustua. Arabako nekazariak ohituta daude urteko labore batera; zereala, patata edo erremolatxa erein eta urtean batzera. Hau desberdina da, landatu egin behar duzu eta produkzioan sartzeko bost bat urte behar dituzu eta zortzi urte gutxi gorabehera produkzio betean sartzeko. Nekazaria ez dago ohituta horretara, eta Arabako erakundeek ez badute egiten apustu indartsu eta erakargarri bat, nekazarientzat zaila da horretan sartzea.

Kezka dago horrekin?

Instituzioek kezkatuta egon beharko lukete. Pentsa ezazu Araban beste ehun hektarea sartzen direla –egun, hamabost bat hektarea daude sagarrondoekin landaturik–; horietan landatu daitezkeen sagar gehienak Gipuzkoara joango ziren, zuzenean. Gipuzkoak apustua egin zuenean izan zen Aldundiak negozio bat ikusi zuelako sagarrak landatzen, eta bere planteamendua honakoa izan zen: zenbat sagar tona sartzen dira kanpotik, zenbat behar dira, hori zenbakitara itzuli zuten eta horren araberako laguntzak eman zituzten. Hausnarketa hori egin behar da, baita ere, Araban. Aurten, plan estrategiko bat lantzeko geratu gara Diputazioarekin, eta guk gure ekarpena egin dugu, eta esan diegu helburua izan behar dela ehun hektarea sagar sartzea Araban; eta kontuan izan beste ehun gehiago behar direla. 

"2012tik ez da sagar gehiago landatu Araban; diru-laguntzak ez dira erakargarriak izan"

Eta zer jarrera ikusi duzue Diputazioaren aldetik?

Duela bi urte atera zituzten diru-laguntza batzuk sektorea bultzatzeko, eta guk hasieratik esan genien ez zirela erakargarriak, eta ez zirela eraginkorrak izango. Ikusi da hala dela, 2012tik ez delako sagar gehiago landatu, eta lehengo egoera berdinean gaude. 

Arabako Foru Aldundiaren inplikazioaz gainera, zerbait gehiago egin al daiteke sagarraren landaketa sustatzeko?

Gipuzkoako sagardogileen partetik, adibidez, agian urratsen bat egin daiteke, haiek dutelako interes gehiena bertako sagarra ateratzeko; planteamendu hori ere mahai gainean dago.

Benetan errentagarria al da sagarra landatzea? 

Gaur egun, Euskal Herrian ekoizten den sagar dena salduta dago, sekulako eskaera dagoelako. Jatorri-deitura sortu zenetik gaur arte prezioak kiloko sei zentimo igo dira; alegia, sor-marka sortu zenean sagarra 0,24 zentimotan ordaintzen zuten, eta jada hurrengo urtean 0,30 zentimotan ordainduko dute, eta hemendik hiru urtera 0,35 zentimotan. Prezio horretan sagarren labore bat errentagarria da, eta hori Araban labore askok ezin dute esan. Bestalde, nekazari bat, sagarrak landatzea pentsatzen ari dena, bere alde duen beste gauza bat da sor-marka barruan sartzeko kontratu bat egin behar duela sagardogile batekin, eta horrek esan nahi du produzitzen duen guztia salduko duela eta gainera prezioa ere finkatuta dagoela. Hori inportantea da, gakoa da. Sagarraren labore honek duen problema da itxoin egin behar dela urte batzuk produkzioan sartu arte, horregatik egon behar dute instituzioek, epe horretan laguntzeko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide