Koba argituko dute, katea eten ez dadin

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ira. 6a, 06:00
Dantzak dira Mairuelegorretako jaiaren elementu nagusia. ZIGOITIA EUSKARAZ TALDEA

Mairuelegorretako leize-zuloan ospatuko da igandean Euskal Jaia. 1963an antolatu zuen lehen aldiz Manuel Iradier txangolari taldeak, frankismoa bete-betean, eta 1990ean berreskuratu zuten zigoitiarrek; Araban eta Euskal Herri osoan euskararen, euskal kulturaren eta auzolanaren sinboloa bilakatu da.

Igandean, 11:00etan, hasiko da Mairuelegorretako leize-zuloan Euskal Jaia. Hirurogei urte beteko dira aurki lehendabizikoa antolatu zutenetik Manuel Iradier txangolari elkarteko hainbat kidek. "Jatorrizko ideia Kopi Lopez de Elorriagarena izan zen, Amaya ezpata-dantza Mairuelegorretako koban dantzatzeko ideia izan zuen eta hortik abiatu zen dena", azaldu du Pepe Elejaldek Iluntasunetik argitasunera dokumentalean. Hortik aurrera, Manuel Iradier espeleologia taldeko lagunek ekin zioten lanari, eta 1963. urteko uztailean egin zuten lehen Euskal Jaia. Ordutik bitan soilik hautsi da katea: 1967tik 1970era gobernari frankistek debekatu zuten jaialdia, eta 1982an, berriz, Manuel Iradier elkarteak jaia antolatzeari utzi zion. 

Alta, 1990. urtean, Zigoitia inguruko lagunak lanean hasi ziren jaia berreskuratzeko eta gaurdaino formatua bere horretan mantendu dute. Zigoitiko Oketa elkartea izan zen lekukoa hartu zuena, harik eta Zigoitia Euskaraz ekimena lan horretaz arduratu zen arte. Urteen poderioz, aldarrikapen desberdinen eta euskararen eta euskal kulturaren berpizkundearen sinbolo bilakatu da jaia, eta baita auzolanaren erakusgarri garrantzitsua ere. 

Hala aitortu dute Zigoitia Euskaraz taldeko kideek, hain zuzen dozenaka herritarren borondatezko lanari esker ateratzen delako aurrera jaialdia. Gaur egun, gainera, ekintza desberdinez osaturiko bi asteburuetako egitaraua antolatzen dute.

Zigoitiko herritarrez osaturiko lantaldea da, eta Udalak ere lagundu egiten du. Lana ez da lantalde finko batera mugatzen: "Herriaren erantzuna nahiko handia izaten da jarduera guztietan. Lantalde nagusiak gidaturiko zeozer da Zigoitia Euskaraz, baina herri osoak erantzuten du". Hala ere, gazteen presentzia indartzea beharrezkoa ikusten dute. 

Guardia Zibilaren baimen eske

Bide luze honetan –frankismoaren garaian eta demokrazian–, oztopo ugari gainditu behar izan dituzte Mairuelegorretako Euskal Jaiaren antolatzaileek, kasu batzuetan politikoak eta beste batzuetan administratiboak eta burokratikoak. Hala jasota dago Mikel Ezkerro zuzendari gasteiztarrak 2016. urtean grabatutako Iluntasunetik argitasunera dokumentalean. 

Lehenengo jaialdia antolatzeko bizi izan zituzten komeriak azaldu dituzte lan horretan sortzaileetako batzuek: Isidro Saenz de Urturik, Pepe Elejaldek, Luis Mari Iriartek, Kopi Lopez de Elorriagak eta Iñaki Agirrek. Besteak beste, gogoratzen dute 1963ko Euskal Jaia antolatzeko orduan Espainiako Gobernu Militarrera, Informazio eta Turismo idazkaritzara eta Legutioko Guardia Zibilaren kuartelera baimen eske joan behar izan zutela, eta hauei guztiei sinestarazi ekitaldiak kutsu politikorik ez zuela izango, "eta ez genituela Guardia Zibilak irainduko".  

Beste  arazo logistiko batzuei ere aurre egin zieten; jaiaren finantzaketa bermatu, leize-zuloa argiztatzeko modua aurkitu eta Amaya ezpata-dantza zein Luis Aranburu konpositoreak sortutako Hartzaren Ehizaren musika dantzatzen ikasi: "Bi aste lehenago hasi ginen entseatzen; Manuel Iradier taldeko espeleologoei erakutsi behar izan genien dantza, Txirinbil taldeko Jose Antonio Zabalzaren laguntzarekin".

Folklorea baino gehiago

Euskal Jaiaren bigarren fasea 1970. urtean etorri zen, Manuel Iradier txangolari elkarteko gazteek ekitaldi folkloriko hutsetik jaialdi aldarrikatzaileago bat egin nahi zutelako. Dozenaka oztopo ere aurkitu zituzten bidean; abestu behar zituzten kanta guztiek Informazio eta Turismoko ordezkariaren zentsura pasa behar zuten, eta guardia zibilen presentzia eta jazarpena nabarmena zen egun horietan Mairuelegorretako inguruetan. Baina, Franco diktadorearen heriotzarekin batera, Euskal Jai berpiztu zen. 1976 urtean, adibidez, Mairuelegorreta inguruan Euskal Herri osotik joandako 20.000 bat lagun bildu ziren. Joseba Azkarragak gogoratzen duenez, bigarren etapako urteetan Muruatik kobarainoko bide osoan esku-orriak, pegatinak eta pankartak ikusten ziren, euskal preso politikoen askatasuna eta beste aldarrikapen politiko batzuk agertzen zituztenak. 

Oraingo ekitaldiak ere oztopoak izan ditu, batez ere leize-zuloaren edukierari eta bestelako zenbait traba legali dagokienez. 2009an inflexio puntu bat egon zen, gainera, ekitaldia barruan egiteko debekuaren txostena idatzi baitzuen Eusko Jaurlaritzak, eta auzian jarri zuen ekitaldia. Horren ondorioz, 2011ko jaialdia kobatik kanpo egin behar izan zuten, baina hurrengo urtean berriro barruko espazioa berreskuratu zuten. Formatua gehiegi aldatu ez bada ere, egun Mairuelegorretako Euskal Jaiak euskara du ardatz nagusia: "Euskara kobatik plazara eramatea da garrantzitsuena,  etxera eramatea, hori da Zigoita Euskaraz ekimenaren helburua".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide