Larunbatean hasita, eta uztailaren 2ra arte, egitarau zabala antolatu du Zuia Euskaraz ekimenak. Ohi bezala, gai bat hartuko dute ekimenenaren ardatz gisa, eta aurten Ipar Euskal Herria aukeratu dute. "Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako jendearekin loturak estutu" nahi dituztela adierazi dute, ohar batean, mugak gainditzeko asmoarekin. Horretarako dagoen biderik eraginkorrena hizkuntza dela nabarmendu dute.
Zuiako Udalaren Euskara zerbitzuak eta Zuiako Gau Eskolak Aldundiaren laguntzarekin antolatutako hilabetean "adin eta gustu guztietarako programa" presatzen saiatu direla adierazi dute. Besteak beste, gai nagusiari buruzko bi hitzaldi egongo dira. Ekainaren 6an, Iñigo Ruiz de Larramendi "Pirinioetako zuzenbidea eta Pirinioetako muga artifiziala" gaiaren bueltan arituko da, eta Eneko Bidegainek "Muga, lurraldea, hizkuntza" izeneko hitzaldia emango du, ekainaren 13an.
Hilabetean zehar bestelako ekitaldiak izango dira: ardo eta garagardo dastaketak, haurrentzako jolasak edota kirolen ginkana. San Juan egunean, berriz, dantza plaza egingo dute. Kontzertuei dagokienez, ekainaren 27an Jurgi Ekiza eta uztailaren 2an Diabolo Kiwi izango dira, biak ala biak Gaztetxean. Programa osoa, hemen dago ikusgai.
Egun nagusiena, baina, ekainaren 29an izango da. Gaztetxean antolatu duten hamaiketako batekin hasiko dute eguna, eta gero kalejiran abiatuko dira, udaletxearen plazara, udalerriko taldeek prestatutako ikuskizun desberdinak ikusi ahal izateko. Ondoren, Palatu kiroldegian egingo dute herri bazkaria, irrintzi lehiaketa, eta erromeria. Ez dute argitu, ordea, aurten postre lehiaketa egongo ote den, eta, hala izatekotan, zein izango litzatekeen epaimahaiaren osaketa.