Urteroko hitzorduari ezin huts egin, eta larunbatean zuiar andana batu dira Zuia Euskaraz ospakizunaren egun handira. Euskara, Zuiako plazara! izan da aurtengo apustu nagusiena, eta, goiz batez, Bea-Murgia plaza udalerriko kultura taldeen lanaren erakusleiho bihurtu da.
Zuiako Euskaraldiaren hamaikakoa aurkezteko baliatu dute eguna, herri bakoitzeko ordezkari banarekin. Baten bat erne ibili da, eta herrien izenekin Euskaraldia hitzaren akrostikoa sor daitekeela konturatu da: bada, halaxe egin dute.
Arrats trumoitsua espero zen, eta Euskalmetek ere ez du hutsik egin. Hortaz, aurtengo herri bazkaria eta erromeria teilatupean egin dira. Iazko bazkalosteko tentsioa pittin bat baretu da aurtengoan, postre lehiaketarik ez baita izan: limoizkoak izan omen du, halere, arrakasta gehien.