Zuiako ikastetxea, hamarkada batez korapilatuta

Juanma Gallego 2019ko mar. 21a, 14:06
Aita Pauldarren eraikinera eraman nahi dute Haur eta Lehen Hezkuntza, baina lanak ez dira oraindik hasi. / ALEA

Zuiako ikastetxe berriaren proiektua martxan jartzeko orduan Hezkuntza Sailak orain arte erakutsitako jarrera kritikatu du Udalak. Lizitazioa aurten izatea espero badute ere, data zehatzik ez dago.

Hamar urte baino gehiago daramatza trabatuta Zuiako ikastetxearen auziak, eta horrek "ezinegona eta etsipena" eragin du udalerrian, Udalak aste honetan salatu duenez. Gaur egun Murgiako Sagasti kaleko eraikin batean dago Virgen de Oro ikastetxea, eta bertan eskaintzen dituzte Haur eta Lehen Hezkuntza.

Bai Udalak zein herriko hezkuntza-komunitateak behin baino gehiagotan salatu dute instalazioen "egoera kaxkarra". Tartean, hainbat eskola barrakoietan eman behar dituzte, eta egungo legediak ezartzen dituen irisgarritasun baldintzak ez dira betetzen. Horrek hainbat arazo ekarri ditu. Duela hainbat hilabete, esaterako, istripu baten ondorioz gurpildun aulki baten beharra zuen ikasle batek arazoak izan zituen klasera joateko, lehen pisura igotzeko igogailurik edo bestelako biderik ez dagoelako egungo eraikinean.

2007an egin zituen Udalak gaia konpontzeko lehen eskaerak, eta bi urte geroago Jaurlaritzak Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzara bideratutako ikastetxe berria eraikitzeko konpromisoa hartu zuen. Zeregin horretako, Jaurlaritzak 8,5 milioi euroko inbertsioa agindu zuen orduan. Udalak, bere aldetik, ikastetxe berria eraikitzeko beharrezkoa zen lur saila erosi zuen, ondoren Hezkuntza Sailera lagatzeko asmoarekin.

3 milioi euro

Hamar urte pasa dira lehen akordio horretatik, eta bihurgune ugari izan ditu aferak. 2014an, Jaurlaritzak ikastetxe berria eraikitzeari uko egin zion, eta, horren ordez, egungo ikastetxea konponduko zuela esan zuen. Horrek irisgarritasun eta espazio arazoak konpontzen ez zituelakoan, urtebete geroago Udalak eta Hezkuntza Sailak beste akordio batera iritsi ziren, Haur eta Lehen Hezkuntza Aita Pauldarren ikastetxera eramateko –orain bertan daude Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa–. Halere, egoerak bere horretan darrai, Zuiako Udalak egin duen salaketaren arabera.

Astelehenean ohar gogorra kaleratu du Udalak, egoera salatuz. Hezkuntza sailak udalerria "gaizki tratatzen" duela adierazi dute bertan. Bereziki, Olatz Garamendi kontseilariordearen jarrera salatu dute. "Hamar urte baino gehiago daramagu salatzen Virgen de Oro ikastetxean dagoen espazio falta eta irisgarritasunaren arloan dauden gabeziak".

Orain arte Zuiak gaiaren bueltan hiru milioi euro inbertitu dituela adierazi du Udalak. "Gure tamainako udalerri batentzat izugarrizko ahalegina suposatzen du horrek. Zuiako urteko aurrekontuaren parekoa da hau". 2019ko aurrekontua 3,3 miloi urtekoa dela gogorarazi dute.

Hamarkada honetan "aterabide bat lortzeko" lanean egon direla dio Udalak, baina, honen aurrean, Hezkuntza Sailak "hitza ez duela bete" diote, "modu sistematikoan". Gauzak horrela, eta egoera bideratzeko asmoarekin, asteazkenean beste bilera egin dute Hezkuntza sailburuordearekin. Zalantzak eta itxaropena agertu ditu Zuiako alkate Unai Gutierrezek bileratik ateratzean.

"Orain arte ezagutzen ez genituen datuak ezagutu ditugu orain, eta horrek sentsazio positiboa eman digu, baina ez da lehen aldia hau gertatzen zaiguna. Beste kontu bat da, gainera, orain sortu zaizkigun abagune berri hauek betetzeko zenbat denbora beharko den".

Alkateak argitu duenez, Jaurlaritzak Aita Pauldarren eraikinean egin behar diren lanetarako ikastetxeetako zuzendaritzen ekarpena jasoko dutela agindu die, eta orain arte hezkuntza komunitateak mahai gainean jarritako beharrak jaso dituztela ere. Data zehatzik ez diete eman, baina aurten egin behar diren lanetarako lizitazioa ateratzea eta esleitzea espero dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide