Arabako Batzar Nagusietan, herrialdeko talde politikoen aurrean, azaldu du Lierni Altuna Aramaioko alkateak AHTaren obrak partikularrei eta udalari berari egin dizkien kalteak, eta oraindik konpondu gabe dituzten hainbat arazo: "Trenaren beharra edo ez beharra, eztabaida horretan sartu gabe, guk nahi duguna da bukatzeko ja, hondatu dituzten bideak berreskuratzeko, mantentzeko baso bideak, partikularrei erantzuteko, eta informazioa emateko. Ingurua uzteko ondo. Pasatu ditugun gauza guztiengatik ez dugu ezer jaso, kalte ordainik ez, eta gauza asko pendiente ditugu" azpimarratu du.
Altunak gogoratu duenez, badira hamar urte Abiadura Handiko Trenaren obrak hasi zirela Aramaion; lehen desjabetzeak eta okupazioak 2007. urtean egin ziren, eta 2010. urtean izan zuten arazorik larrienetako bat, Arrasatera doan bidean lur jauzi handi bat izan zen, eta bidea itxita izan zuten urte bete pasa. Egun dituzten arazoen artean dago lur jauzi horrek eragin zituen kalteak Aramaioko bi auzoetan. Halere, errepidea itxita izateagatik hainbat lagunek erreklamazioak sartu zituzten, bada Adifen kontra. Bada, jaso duten erantzuna izan da euri asko egin zuela garai horretan, eta ezin zutela aurreikusi lur jauzi hori, eta inork ez du jaso ordainik. "Udalari ez diote erantzun ere egin". Halaber, alkateak azaldu du partzela asko sarbide gabe utzi dituztela, baso bide asko galduta daudela, eta Adifek egin dituen desjabetzeak ez dituela katastroan islatu.
Altunak salatu duenez, hamar urte hauetan ez dute inolako informaziorik jaso Adifen aldetik, eta oso bakarrik sentitu dira herritarrak, pairatzen ari ziren egoeraren aurrean: "Nazkatuta gaude".
Mobilizazioa Ribabellosan
Aramaion jazotakoa Añana aldeko herrietan errepikatu ez dadin mobilizatzen hasiko dira herritarrak igande honetan bertan. Manzanos, Quintanilla, Ribabellosa eta Leziñana Okako Batzar Administratiboek kontzentrazio bat deitu dute, Ribabellosako Gizarte Etxean, 12:00etan, "Abiadura Handiko Trena: badago alternatiba" lemapean. Agerian utzi nahi dute tren lasterraren ibilbideak zonaldean izango duen "eragin larria". Halaber, administrazioei dei egin diete neurri berean babesteko lurralde osoa, eta Arabako Errioxan egin duten bezala Añana aldean ere AHTaren kontrako jarrera hartzeko.