Kostuak merkatu eta denbora aurreztu. Horiek izango dira Burgos-Gasteiz abiadura handiko trenaren (AHT) proiektu berriaren bi helburuak, Espainiako Gobernuaren arabera. Burgosko AHTa euskal Y-arekin lotzeko ibilbidea aldatu egingo dutela jakinarazi die Iñigo de la Sernak Gaztela eta Leongo ordezkariei. Hain zuzen ere, gaur egungo proiektuaren kostua (1.536 milioi) 300 milioi inguru merkatuko dutela espero du ministroak, eta 1.241 milioi euroan geratuko dela.
Bi ibilbide aztertzen ari dira Madrilen, baina De la Sernak aitortu du oraindik ez dakitela bietako zein aterako den aurrera. Proiektuak laster gauzatu nahi dituztela jakinarazi du. Ildo horretan, azken proiektua aurrera atera nahi dute ingurumen eraginaren azterketa guztiz onartuta egon baino lehen. Hala, tramite administratiboak azkartuko dituztela esan du ministroak.
Proiektu berriak saihesbide bat izango du Miranda de Ebron (Burgos, Espainia). Modu horretan, tren batzuek ez dute hiri horretara sartu beharko, eta azkarrago iritsiko dira Gasteizera. Hain zuzen ere, azkartasunean irabazi nahi dutela adierazi du De la Sernak. Azken proposamenean, trenek orduko 270 kilometroko abiadura maximoa lortuko lukete, eta orain bultzatu nahi duten egitasmoarekin orduko 350 kilometrokoa lortuko lukete. Modu horretan, ordu erdi azkarrago iritsi ahal izango dira bidaiariak Burgostik Gasteizera, ministroaren esanetan.
Burgos eta Gasteiz arteko zatia 2023rako amaitu nahi dutela jakinarazi du, urte horretan martxan jar dadin, euskal Y-arekin batera.