Ekainaren 11n, zazpi artisau elkartuko zarete Legutioko plazan...
Hala da. Garagardoa egiten dugu guztiok. Zazpi horietatik bost dira arabarrak, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bana. Arabarren artean, Gorbeialdeko bi artisau gaude: Murgiako Saltus eta Legutioko Udabeer.
Udabeer 2016. urtean sortu bazenuen ere, lehenagotik egiten zenuen garagardoa. Noiztik?
Lau urte daramatzat. Garagardozalea naiz aspalditik; badaukat lagun bat etxean garagardoa egiten hasi zena, eta nik ere bide bera hartu nuen, etxean ekoiztu ahal izateko kita erosiz. Laupabost litro atera ziren hortik. Esperientzia gustatu zitzaidan, baina ohartu nintzen motz geratu nintzela, eta hurrengoan 15 bat litro egin ahal izateko kita hartu nuen.
Udabeer eratu duzunetik, zenbat litro ekoizten dituzu?
500 edo 1.000 litro. Kopuru hori, baina, ezin da etxean egin; baimen sanitarioa eskatzen dizute, eta, profesional batengana jo behar duzu, hain justu ere, ekoizpen lantegi batera. Garagardoa egiteko prozesua, dena dela, artisauak kontrolatzen du.
Labetik atera berri duzu bigarren garagardo mota.
Hala da, bai. Bi dauzkat orain: KKO eta Txiripa. Lehenengoa Black Ipa bat da; beltza, lupulu askorekin, apur bat mingotsa baina nahiko edangarria. Izenak ondo adierazten duen moduan, kakaoa darama. Txiripa American Ipa da; lupu asko duenez, hau ere mingotsa da, baina bestea baino leunagoa. Oso usain eta zapore berezia du, eta jendeak probatzen duenean, normalean, oso gustuko du. Gehien saltzen den garagardo mota da.
Bide onetik zoaz, sariak jasotzen hasi zara eta...
KKO motarekin bi sari eman dizkidate; baina etxean egindako garagardoa zen lehiaketa horietara aurkeztutakoa. Errezeta horrek emaitza onak ematen zituela ikusita animatu nintzen kopuru aldetik gehiago ekoiztera.
Non dago garagardo on baten gakoa?
Sukaldean aritzea bezala da. Errezeta ondo diseinatuta egon behar da, eta, gero, ezinbestekoa da prozesuko pausuak ondo jarraitzea. Probatzean eta pixkanaka errezeta borobiltzean dago gakoa. Bestalde, osagarriak ere kalitatezkoak izan behar dira; esaterako, lupulua freskoa ez bada, usain txarrak ateratzen ditu. Hartziduran erabiltzen den tenperatura ere oso garrantzitsua da.
Igandean azokan izango zara. Baina, non gehiago aurki daiteke Udabeer?
Legution, Amalur tabernan eta Kruzero jatetxean; Landan, Etxezurin; eta Gasteizen eta Bilbon ere, hainbat tabernatan dago salgai.