Lazarraga, euskararen bilakaeraren lekuko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

2026ko Lazarraga sariak azaroaren 12an banatu dituzte, Artium museoan. BAI EUSKARARI

Euskararen erabilera areagotzeko lanean eredugarriak saritu dituzte.

"Garrantzitsuena izan da euskara gure identitatearen parte dela sinistea eta fokua bertan jartzea". Nekane Martin Mendia eta Alaiñe Olabarria Bedia i+Med zientzialarien kooperatiba independentearen kideek Lazarraga sariak emateko ekitaldian azpimarratu dute saria jasotzea ohore bat dela. "Azkenean egunerokotasunean egiten dugun lan horri balioa ematen dio sariak".

Euskara euren eguneroko jardunean, bezeroekiko harremanetan zein barne prozesuetan integratzeko urratsak egin dituzten bost enpresa eta norbanako saritu dituzte Lazarraga sarien bederatzigarren edizioan: Garagart, Azala Kreazio Espazioa, Lizarralde Soinua Txalaparta, I+MED eta Iraitz Perez de Goldarazena. Bost eragileen lana nabarmentzeaz gainera, urte luzez Aldundiko Euskara Zerbitzuko buru izan den Jokin Larrañagari ere aitortza berezia egin diote, haren "lan nekaezina" gogora ekarriz.

Bai Euskarari Elkarteak antolatzen ditu sari hauek, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin eta Lanabes egitasmoaren testuinguruan. Hartara, Artium museoan egindako ekitaldian izan dira, besteak beste, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza saileko foru diputatua, eta Haizea Muñoa Bai Euskarari Elkarteko ordezkaria.

Enpresaren identitatearen parte izateaz gainera, euskara mundu mailan izen bat hartzeko ahalegina egiteko lana egin dutela azaldu dute I+Med kooperatibako kideek hitzartzean, eta sariak indarra ematen diela nabarmendu dute, euskara bultzatzeko lanean.

Euskararen normalizazioak lan munduan hainbat bide dituela erakutsi dute sariek

Zuzeneko emanaldiak eta kultur ekimenak ahalbidetzen dituen Lizarralde Soinua Txalaparta soinu enpresako buru Unai Lizarralde Lezanak, berriz, saria jasotzerakoan esan du orain dela 30 urte enpresa sortu zenean euskaraz lan egiteko hartu zuten konpromisoa berretsi egiten dutela sariari esker. "Hasieratik hartu genuen konpromisoa izan zen euskaraz lan egin nahi genuela, euskaraz gure zerbitzua eman, eta ibilbide horretan gaur egun arte iritsi gara eta gure konpromisoa argi eta garbi mantentzen dugu", azpimarratu du.

Kanpokoen aitortza

Euskara beti etxeko sentitu dutela azaldu du Txomin Onandia Sarriugarte Garagart artisau garagardoen proiektuko kideak. Euskararen aldeko apustua egin dutela esan du, sinistu izan dutelako batetik, eta bestetik kanpotik ere jendeak balorea eman diolako apustu horri. Lasierran kokatutako Azala espazioak ere jaso du Lazarraga saria. Sorkuntza garaikidea eta landetxea uztartzen ditu proiektuak, gorputz adierazpena, artea eta pentsamendua batuz. Hasieratik euskara lanabes nagusi gisa erabili du, eta 2018tik Euskararen bidean mailako Bai Euskarari Ziurtagiria du.

Sarien bederatzigarren edizioak, bestalde, norbanakoen saria berreskuratu du. Kasu honetan, Iraitz Perez de Goldarazena Oreka ITko zuzendari nagusiari esleitu diote aitortza, bere ibilbide profesionalean euskarari emandako lehentasunagatik eta hizkuntzaren erabilera modu eredugarrian sustatzeagatik. Perez de Goldarazenak azpimarratu du Lazarraga sariak jasotzea "oso gauza berezia eta hunkigarria" dela. "Euskarak laguntzen zaitu zure lehiakortasuna hobetzen, laguntzen zaitu talentu hobeagoak fidelizatzen, eta hor esploratu gabeko lurraldeak daude hainbat eta hainbat enpresatan oraindik", azpimarratu du.

Lanabes egitasmoaren sorrera

Lazarraga sarien azken bederatzi urteetako ibilbideak euskararen normalizazioak lan munduan hainbat bide dituela erakutsi du; eta 2010ean egin zuten lehen ediziotik sariketak Arabako euskararen normalizazioaren bilakaeraren lekuko izan dira. Hasierako edizioetan, askotariko enpresak eta eragileak saritu zituzten; gerora, sariketaren inguruko diskurtsoak gero eta gehiago nabarmendu ditu hizkuntza kudeaketa, barne prozesuak, bezeroekiko harremanak, langileen prestakuntza eta euskaraz lan egiteko aukerak.

Sariketaren ekarpen nagusietako bat euskararen alde egiten diren jardun zehatzak ikusaraztea izan da. Izan ere, euskara planak ez dira administrazioaren edo hezkuntzaren esparrura mugatzen: industria enpresa batean, klinika batean, ostalaritzan, kooperatiba batean, kanpin batean, teknologia enpresa batean edo sorkuntza espazio batean ere garatu daitezke.

Gainera, 2014ko sarien inguruan sortutako Lanabes egitasmoaren ernamuinak sariketak aitortza hutsetik harago joateko izan duen gaitasuna erakutsi du. Enpresen arteko harremanak eta elkarlana sustatzeko proposamena egitasmo bilakatu zen, Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko.

2026ko bederatzigarren ediziora iritsita, Lazarraga sariak Arabako lan munduan euskararen alde egiten den ahalegina aitortzeko erreferentzia gisa bilakatu dira. Sektore, tamaina eta jarduera desberdinetako eragileak saritu dituzte, eta, horien bidez, euskaraz lan egitea eta euskaraz eskaintzea posible dela erakutsi dute.

Edizioz edizio, 45 saritu

2010. urtean banatu zituzten lehendabiziko Lazarraga sariak. Hasierako edizio horrek erakutsi zuen euskararen sustapena ez zela sektore jakin baten ardura soilik: industria, kooperatibagintza, merkataritza, moda eta ardogintza ere euskararen normalizazioaren parte izan zitezkeela. Kepa Mendia, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, JEZ Sistemas Ferroviarios, Skunk Funk eta Launa Upategia izan ziren lehenengo edizio hartako saridunak.

Guztira 51 hautagai aurkeztu zituzten bost kategoriatan Lazarraga sarien bigarren edizioan, horien artetik 15 finalista iritsi ziren ekitaldira, eta 2012ko edizioko irabazleak honako hauek izan ziren: Abel Enbeita, Cuadrabus enpresa, Gometegui, Assa Ikastola eta Villa Lucia ardandegia. 2014ko hirugarren edizioak, berriz, enpresen eguneroko jarduna eta euskararen arteko lotura azpimarratu zituen. Besa upategia, Electra Vitoria, Oreka IT, Agirre Lekue botika eta Aner Garmendia saritu zituzten; eta 2016an, euskarak negozioetan balioa duela aldarrikatzeagatik Adigrafik, Txema Pascual, Etxeko Baratza, Lautada Bizirik eta Ciudad Jardin saritu ziren. Hurrengo edizioetan, besteak beste, Trebiñu Sagardotegia, Gamarrako Ostalaritza Eskola, Paul Urkijo, Bertako Igogailua, Errota Hortz Klinika, edo Emaize saritu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago