Irati Antia artista bisual gasteiztarrak Burdinezko ohea arte liburu esperimentala aurkeztuko du ostegunean, azaroaren 26an, 19:00etan, Gasteizko Arabako Arte Ederren Museoan. Lanak XIX. mendean Julian de Zulueta esklabista arabarrak Kuban esklabizatutako Ma Carlota emakume afrikarraren memoria berreskuratzen du. Antiak Kuban ezagutu zuen Ma Carlotaren ondorengo Eneida Villegas, eta harekin elkarlanean garatu du proiektua, Zuluetak emandako eta oraindik han gordetzen den burdinezko ohea ardatz hartuta.
Indarkeria koloniala eta absentzia aztertzen dituen akordeoi formatuko liburu honek zazpi metro inguruko luzera du zabaltzean, eta metalezko azalak, orrialde erdigardenak, collageak, marrazkiak eta argazkiak uztartzen ditu. Eneida Villegasek idatzi ditu testuak, Joseba Sarrionandiak itzuli ditu, Miren Narbaiza eta Aitor Garcia de Bikuñak sortu dute soinu banda, eta Antiak berak landu ditu ideia eta diseinua. Aurkezpen lekuak karga sinboliko handia du, gainera, Agustin Zulueta jauregia esklabotzarekin lotutako herentziarekin eraiki baitzen; bertako lorategietan inauguratu zuen artistak Arrastoa eskultura urrian.
Osteguneko ekitaldirako sarrera doakoa izango da lekua bete arte, eta sorkuntza prozesua azaltzeaz gain, musika, ikus entzunezkoak eta esku hartze artistiko bat izango dira. Egun berean Verkami bidezko finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatuko da, liburuaren ekoizpena ordaintzeko eta Villegasek Kuban daraman Tras las huellas de nuestros ancestros proiektuari laguntzeko.