Arte Ederren Museoak eraikinaren sustrai esklabistak aitortu ditu 'Arrastoa' eskulturarekin

Anakoz Amenabar

Irati Antia artistak aurkeztu du 'Arrastoa' eskultura. ERLANTZ ANDA

Irati Antiak sortutako eskulturak Augustin Zulueta jauregiaren atzean dagoen historia argitara ekartzen du; Contrapunto kolektiboak, berriz, salatu du aldundiak prozesutik baztertu duela.

Arabako Arte Ederren Museoak Irati Antia artista gasteiztarraren Arrastoa eskultura instalatu du bere lorategian, sarrerako plaka oroigarri batekin batera. Ekimen honen bidez, Augustin Zulueta jauregiaren jatorria erakutsi nahi dute. Izan ere, museoaren egoitza den eraikin hau Julian de Zuluetaren herentziarekin altxatu zuten, XIX. mendean Afrikako pertsonen salerosketaren eta Kubako esklaboekin dirutza egin zuen gizonaren bidez.

Arrastoa piezak XIX. mendean Kuban esklaboak kontrolatzeko eta zigortzeko erabiltzen zen zepoan du jatorria. Irati Antiak  altzairuzko lau xafla independenteren bidez birsortu du objektu hori, historia honetako lau elementu nagusiak irudikatuz: Araba, Afrikako kostaldea, Kuba eta itsasoa.

Eskultura zuzenean museoaren lorategiko lurrean integratu dute, eta informazio historikoa osatzeko, eskulturaren ondoan QR kode bat jarri. Kode horrek museoaren webguneko atal berezi batera bideratzen ditu bisitariak. Bertan, Julian de Zuluetari, esklabotzari eta Arabaren zein Kubaren arteko loturari buruzko datu historikoak ikus daitezke, baita artistaren sorkuntza prozesuaren azalpena ere.

Nondik begiratu?

Piezaren erdian hutsune bat dagoela gogoratu du Antiak. Beste aldera begiratzeko espazio bat dela dio, baina baita geure buruari begiratzeko eta historia nondik begiratzen dugun galdetzeko ere. "Nik neuk ere egin diot neure buruari galdera hori. Nondik begiratzen diogu historiari? Arrastoa nire begirada propiotik jaio da, begirada zuri eta europar batetik. Izan ere, uste dut garrantzitsua dela gure buruari galdetzea ere nondik datozen gure abantailak, zer leku betetzen dugun historia honetan eta nola saihestu dezakegun zenbait indarkeria eta desberdintasun errepikatzen jarraitzea. Batez ere une honetan, gorroto diskursoak gero eta indar handiagoa hartzen ari direnean".

Ana del Val kultura diputatuak, ildo beretik, prozesu honetan arte sorkuntzak duen zeregina nabarmendu du: "Iratiren proposamenak beste urrats bat egiteko aukera ematen digu. Esklabo bihurtutako pertsonak kontrolatzeko eta immobilizatzeko erabili zen objektu bat oroimen objektu bihurtzeko aukera ematen digu, gaur egun istorioak, lurraldeak eta belaunaldiak lotzen dituena".

Ekitaldiarekin amaitzeko, Eneida Villegas Zuluetari eman diote hitza, Julian de Zuluetak Alava azukre ingenioan esklabizatutako pertsonen ondorengoari. Audio bat bidali du Colonetik, Kubatik. "Izan ere, uste dut begiratzeaz gain, entzutea ere oso garrantzitsua dela", amaitu du Antiak.

Gaur aurkeztu dute 'Arrastoa' lana eta plaka, Arte Ederren Museoan. ERLANTZ ANDA

Ekitaldiarekin haserre

Contrapunto kolektiboak, bere aldetik, publikoki jakinarazi du ez duela parte hartu gaurko ekitaldi ofizialean. Kolektiboak, Gasteizko ondare kolonial eta esklabistari buruzko bisita gidatuen sustatzaileak, bere "haserrea" adierazi du kudeaketa prozesuagatik. Izan ere, Batzar Nagusietan parte hartu eta plakako testuari zuzenketak egin dituela aitortu arren, eskulturaren enkargutik eta QR kodean dagoen edukitik kanpo utzi eta ezkutatu egin diotela salatu du.

Egoera honen aurrean, Achille Mbembe pentsalariaren eta NBEren azken ebazpenen ildotik, erakundeei "egiaren zorra", publikoki barkamena eskatzea eta benetako bidegabekerien ordain zein justizia prozesu bat abiatzea eskatu du. "Memoria- prozesu batek ezin du aurrera egin tokiko afrikar kolektiboen, diasporaren eta ondorengoen parte hartze aktiborik gabe, pertsona kaltetuak berak izan behar baitira beren duintasuna berreskuratzeko eta trauma kudeatzeko agente nagusiak".

Erlazionatuak

Amnesia historikoari, astinaldia

Anakoz Amenabar 2023 abu 26 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago