Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean manifestazioak, kontzentrazioak eta bestelako ekimenak egin dituzte Mugimendu Feministak, Itaiak, IAS, LAB sindikatuak, eta tokian tokiko eragile feministek. Gasteizko manifestazioa izan da jendetsuena.
Mugimendu feministak Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurrean feminismoa leloa zabaldu du hiriburuko manifestazioan, eta eskuin muturraren eta diskurtso erreakzionarioen aurkako aldarrikapena jarri du mobilizazioen erdigunean. Itaiak, ostera, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean egin du hiriburuko mobilizazioa "erasotzaileek tokirik izan ez dezaten" eta haien "inpunitatearen aurka borrokatzeko".
Protestak goizean hasi dira. LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du 11:00etarako Eusko Legebiltzarraren aurrean, lantokietan indarkeria matxistaren aurkako neurriak eskatzeko. 11:30etan, berriz, IASek bere mobilizazioa deitu du Ibiltarian, eta Gasteizko Unibertsitateko Emakumea Taldeak manifestazioa egin du campusetik. Halaber, 12:00etan, Letren Fakultatean elkarretaratzea egin dute unibertsitateko kideek, Bizirik lelopean.