Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna izendatu zuten Latinoamerikako eta Karibeko I. Topaketa Feministan, 1981eko uztailean. Topaketa horretan, emakumeek etxeko indarkeria matxista, eta estatu guztietan hedaturik zegoen bortxaketa eta sexu jazarpena salatu zituzten, baita tortura eta preso politikoek jasandako abusuak ere. Azaroaren 25a aukeratu zuten Mirabal ahizpen hilketa bortitza gogoratzeko (Patria, Minerva eta Maria Teresa).
1999an, Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Nagusiak izaera ofiziala eman zion data horri. Eguna Dominikar Errepublikak proposatu zuen, eta beste hirurogei herrialdek babestu zuten.
Nortzuk ziren Tximeletak?
1960ko azaroaren 25ean Rafael Trujillo diktadorearen polizia sekretuak Dominikar Errepublikan eraildako hiru ekintzaile politiko izan ziren Mirabal ahizpak Tximeletak. 1950eko hamarkadan, diktadorearen erregimenaren aurka gogor borrokatu zuten Mirabal ahizpak eta bortizki jazarriak izan ziren. Hala, Santo Domingon, 1960ko maiatzaren 18an, hiru ahizpetatik bi epaitu egin zituzten, baita haien senarrak ere. Estatu dominikarraren segurtasunari erasotzeagatik salatu zituzten eta ondoren kartzelatu.
Abuztuaren 9an aske utzi zituzten bi ahizpak, baina senarrak kartzelan utzi zituzten. Bada, Mirabal ahizpak senarrak bisitatzera joan ziren kartzelara, eta kartzelatik etxerako bidean, Inteligentzia Militarraren Zerbitzuko heriotza eskuadroi batek gelditu zituen. Hiru ahizpak bahitu egin zituzten; eta La Cumbre jauregira eraman eta gero, polizia sekretuak jipoitu eta urkatu egin zituen. Ondoren, hilotzak autoaren barruan sartu, eta amildegi batetik behera bota zituzten, auto istripu baten itxurak egiteko.
1962an epaitu zituzten hiru ahizpen hiltzaileak. Hainbat urtetako kartzela zigorra ezarri zieten, baina ez zuten asko iraun espetxean. Azkenean, Dominikar Errepublikatik ihes egitea lortu zuten Trujilloren aldeko hainbat talderi esker.