Azken txanpa iritsi zaio Arabako bideo-kopla lehiaketaren bosgarren edizioari. Bozketa fasea irekiko da laster, eta "Mundua hobetzeko asmakizunak" gaiaren inguruan sortutako bideo guztiak ikusgai izango dira egun batzuk barru ALEA.eus webguneko atal berezian.
Bitartean, Gasteizko Udalak sustatutako eta Elkar, BAKH eta Laboral Kutxak babestutako Euskararen astearen barruan, Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketaren amaiera galaren berri emateko ordua iritsi da. Iazko edizio arrakastatsuan bezala, ekitaldian irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gain, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa.
Abenduaren 13an, igandean, 12:00etatik aurrera Beñat Etxepare antzokian (Iparralde gizarte etxea), Ekaitz Samaniego, Miren Amuriza, Irati Anda eta Maia Ortiz de Zarate izango dira, sari banaketaren aurretik bertsotan. Beraiekin izango dira Markel Yoller —gai jartzaile gisa—, Aintzira Gorosabel (kitarra) eta Mikel Goikuria (biolina) ere.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak izango dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:45ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera. Datozen egunotan iragarriko da gonbidapenak eskatzeko bidea.

Irabazleak eta sariak
Jasotako lan guztien artean, lau sari banatuko dira: alde batetik, publikoak erabakiko du bideo-kopla onenaren saria; horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute.
Beraz, sarituak ugari izango dira, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Lautadan Eskape Room bat.
- BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
- ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
- Beste sari sorpresaren bat ere izango da.




