Feminismoaren laugarren olatuak duela hamar urte inguru egin zuen eztanda Euskal Herrian. Azken hamarkadan mugarri historiko ugari ezarri ditu agenda politikoan, ia bazterreko mugimendu izatetik, masiboa izatera. Azaroaren 25a, indarkeria matxistaren kontrako eguna datorrela eta, feminismoaren aurrerapauso eta erronkei buruz hitz egin dugu Klaudia Ugarte eta Rocio Hontoriarekin, Gasteizko Mugimendu Feministako bi kiderekin.
Azken urteetako ibilbideari begira, feminismoaren aktibazio garai nabarmenena 2014an kokatu daiteke. Urte horretan protesta izugarriak antolatzen hasi ziren Espainiako Gobernuaren abortu erreformaren aurka. Gazte ugari batu ziren mugimendura eta hamaika talde feminista berri sortu ziren Euskal Herriko herri eta auzoetan. Horrez gain, mugimenduak hazten jarraitu zuen eta 2016an La Manada kasuak sortutako suminduraren ondorioz, agenda politikoaren erdigunean jarri ziren indarkeria matxistaren aurkako protokoloak eta salaketa kolektiboak.
Lehen greba feminista ere izan zen inflexio puntu bat. 2018ko martxoaren 8an Euskal Herrian eta mundu mailan egindako deialdi masiboek izugarrizko jarraipena izan zuten; mobilizazioek milaka eta milaka emakume batu zituzten kaleetan, mugimendu sozial hutsa izatetik fenomeno eta gehiengo sozial bihurtzeraino. Hainbat deialdi garrantzitsu egin ditu azken urteotan Euskal Herriko Mugimendu Feministak, 2023ko zaintza sistema publikoaren aldeko greba orokorra kasu.
Batzuk aldatu dira
Zer aldatu du feminismoak urteotan? Indarkeria matxista ulertzeko modua bera aldatu du, feministen esanetan. Rocio Hontoriak dio "feminismoak indarkeria ikusarazi eta desnormalizatu" duela. "Indarkeria ezberdinak identifikatu eta izendatu ditugu, erasoak ez direlako bakarrik fisikoak; ekonomikoak, politikoak, medikuak, sinbolikoak… ere badira".
"Feminismoak indarkeria matxista ikusarazi eta desnormalizatu du azken urteetan"
Rocio Hontoria
Hala ere, Klaudia Ugartek gogorarazi du indarkeria matxista kontzeptu zabala dela. "LGTBI+fobia ere indarkeria horren barnean dago. Izan ere, sufritzen dugun indarkeriak iturburu estrukturala dauka, zisheteropatriarkatua, beste zapalkuntza sistemekin lotura zatiezina duena".
Horren harira, adibide gisa jarri dute azkenaldian hainbeste mahaigaineratu den etxebizitzaren auzia. Arazoa zapalkuntza sistemen bidegurutze bezala aztertu dute, eta hortaz, hainbat borroken elkargune gisa. Ikuspuntu feminista batetik abiatuz, "etxebizitza duinaren aldeko borroka ezin liteke etxeko eta zaintza langileen borroketatik bereizita ulertu", dio Hontoriak. Bi militanteen esanetan "etxebizitza ez da soilik bizitzeko espazioa, familiaren instituzioaren baitan antolatu eta merkatuak ere gurutzatzen duenez, emakumeen eta, bereziki, emakume migratu eta arrazializatuen esplotazio eta desjabetze eremua ere bada". Horregatik ulertzen dute borroka ugarik bat egiten dutela etxebizitza auzian, atzerritartasun legearekin amaitzeak, errolda sozialaren aldeko borrokak edota emakume pentsionisten errenta baxuen salaketak. Hori dela eta, elkarrizketatuek azpimarratu dute "feminismoak ez dituela azaleko hobekuntzak sustatu nahi, baizik eta errokoak".
Genero roletan eman diren aldaketei buruz galdetuta, kritiko agertu dira bi militanteak. Nahiz eta aitortu duten aurrerapausoak egon direla genero rol tradizionalak zalantzan jartzeari dagokionez, gizonen "posizio pribilegiatua" seinalatzen dute oztopo gisa. Hala diote hainbat teorialari feministek ere, ohartaraziz genero arrakala nabarmena dagoela gizon eta emakumeen artean.
Euskal Demokrazia patriarkala lanean Jule Goikoetxea ikerlariak azaltzen du nola emakumeak masiboki sartu diren goi mailako hezkuntzan, lan merkatuan eta esparru publikoan, eta nola horrek erradikalki aldatu dituen tradizioak inposatutako betebeharrak. Aldiz, argudiatzen du gizonek nabarmen ainguratuta jarraitzen dutela eredu tradizionalean, eta aldaketa murritzagoak egin dituztela.

Klaudia Ugarteren arabera, emakumeak eta sexu-genero disidenteak etengabe dabiltza deseraikitzeko lanean, "ugariak dira eman ditugun hausnarketa pertsonal zein kolektiboak". Aldiz, eraldaketa prozesu pertsonal eta sozial horrek badirudi egiteke jarraitzen duela gizonen artean; hala azpimarratu du Ugartek: "Bada garaia gizonek denbora eta energia inbertitu dezaten haien deseraikitze prozesuan, indibidual zein kolektiboan. Guk ez diegu esan behar zer egin, beraiek hartu behar dute ardura".
Erreakzioaren gorakada
Genero arrakala horrek ere lotura du ultraeskuinaren gorakadarekin, elkarrizketatuen arabera. Diskurtso erreakzionarioek emakumeak eta genero disidenteak izaten dituzte helburu gisa maiz, eta azken urteotako aurrerapausoak balira bezala arazoaren muina. Judith Butler pentsalari feministak ere adierazi du "izu morala" zabaltzen ari dela, familia naturala eta haurtzaroa suntsituko direlakoan, eta hori erabiltzen dela askatasun demokratikoen murrizketa justifikatzeko.
Ugartek salatu du erreakzio bortitza nabaritu dutela azken urteotan, "bereziki, ezbaian jarri direnean generoaren izaera biologikoa eta genero bitartasunaren eskema normatiboak". Feminismoaren sektore batzuetan ere izan du isla joera erreakzionario horrek. Hontoriak adierazi duenez, kezkaz bizi dituzte "euren burua feministatzat izendatzen duten adierazpen erreakzionario batzuk, mugimendu transbaztertzaileak, adibidez".
Eskuin muturraren gorakada nabaria da Espainiako hauteskundeetarako kanpainan ere, bi militanteek azaldu dutenez. "Lortu ditugun eskubideak zalantzan jarri dituzte alderdi politiko batzuek komunikabideetan, adibidez abortatzeko eskubidea", azaldu du Ugartek. Elkarrizketatuek ohartarazi dute aldaketak jada nabaritu direla eskuinak eta ultraeskuinak batera gobernatzen duten autonomia erkidegoetan. "Berdintasunerako berariazko sailak deuseztatu dituzte, edo beste arlo batzuetan integratu dituzte beren eskumenak, hala nola familiaren esparruan", dio Hontoriak.
"Mugimendu feministatik ilusioa eragiten diguten etorkizun berdinzaleak amestu nahi ditugu"
Klaudia Ugarte
Nuria Alabao antropologo feministak aztertu izan ditu halakoak, eta azaldu nola erreakzio kontserbadoreak egitura instituzionaletatik ezabatzen dituen "genero" eta "berdintasun" kontzeptuak, eta haien ordez "familia" jartzen dutela politika publikoen erdigunean. Mugimendu Feministako bi kideek seinalatu dute eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek zalantzan jarri dituztela indarkeria matxistaren aurkako politika espezifikoak. "Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza jakin batzuk ezabatu eta transen eskubideei eragiten dieten lege aldaketak bultzatu dira". Hala ere, kritikak dituzte ezkerraldean kokatzen diren alderdientzako ere. Ugarteren esanetan, "alderdi politiko batzuek apaingarri gisa erabiltzen dute feminismoa, eta guk oinarri izan dadila aldarrikatzen dugu.
Erronka berriak
Bi militanteak bat datoz "diskurtso zapaltzaileak" zabaldu direla gazteen artean, eta sare sozialak seinalatu dituzte mezu matxisten hedapenerako tresna nagusi gisa. Fenomeno horren atzean, besteak beste, "ideologia erreakzionarioa hedatzen duten eduki sortzaile asko daude. Sareen algoritmoak ere arazo bat dira, mutil gazteen artean diskurtso mota hori berrelikatzen baitute", dio Hontoriak.
Bestetik, gazteei eskainitako sexu heziketa urria ere kokatu dute erreakzioaren arazoaren parte gisa. Zehazki, pornografiak zabaltzen dituen estereotipoak aipatu dituzte elkarrizketatuek, nola emakumeak bakarrik "desira objektu bezala" aurkezten diren, askotan haien kontrako indarkeria eszenak normalizatuz. "Sexu heziketa eskasia handia dago, eta pornografiarako sarbidea, berriz, oso goiztiarra da". Zentzu horretan, hezkuntza feministaren aldeko apustua egiten dute. Ugarteren hitzetan, aldarrikatzen duten hezkuntza "ez da ez karka, ez moralista; aitzitik, tresnak ematen ditu eta emantzipatzailea da". Aldi berean, azpimarratu nahi izan dute erreakzioak ez duela adinik eta badirela gazte asko heteropatriarkatua zalantzan jarri eta borrokatzen dutenak, ertz ezberdinetatik.
Etorkizunari begira feminismoaren borroka grina azpimarratu dute elkarrizketatuek: "Antolatzeari eutsiko diogu, emakume pentsionisten, migratzaileen edota LGTBI+ komunitatearen eskubideen alde borrokatzen". Nahiz eta geroa grisez margortzeko arrazoiak dauden, "mundua ez da amaituko" dio Ugartek. "Ilusioa eragiten diguten etorkizun berdinzaleak amestu nahi ditugu". •