anais cordova-paez

"Badaude feminismotik datozen estrategiak bizitza digital seguruagoa izateko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Gasteizko Emakumeen Etxean ikastaroa egiten ari dira Cordovaren eskutik. EKAITZ ANDA

Interneten egitura, botere harremanak eta emakumeen autonomia digitala lantzen ari dira asteotan Asafes elkarteko emakumeak Anais Cordova-Paez adituaren eskutik. Indarkeria digitalaren aurrean zaintzeko baliabideak eta estrategiak aurkeztuko ditu ikertzaile hackfeministak.

Genero indarkeria digitaletik bizirik atera diren biktimei informazioa eta laguntza ematen die Kataluniako Fembloc sare feministak. Proiektuak ikuspegi feminista eta intersekzionaletik autodefentsan eta segurtasun digitalean aritzen diren adituak biltzen ditu. Anais Cordova-Paez (1989, Quito, Ekuador) ikertzaile hackfeminista, zinemagilea eta aktibista sare horren kidea da, eta Gasteizko Emakumeen Etxean indarkeria digitalaren aurrean babesteko lantegia ematen ari da.

Zer helbururekin sortu da zaintza digitalei buruzko jarduna? 

Teknopolitikaren eta burujabetza digitalaren inguruko kontzientzia sortzeko tresnak eskaini nahi dira, eta hortik botere teknologikoa nori ematen ari garen erabakitzeko aukera izatea. Antza handia du elikadura burujabetzarekin. Kasu honetan, kontsumitzen dugunarekin du zerikusia, baina baita gure informazioa jartzen dugun tokiarekin ere. Informazioa non kokatzen dugun jabetzea bilatzen da, eta bestetik, teknologia erabiltzen ikastea. Gutxienez teknologiari buruzko hausnarketa bat sustatzea, beldurra galtzeko.

Zein ezagutza edo tresna behar dira digitalean aritzeko?

Historikoki badago genero arrakala digital bat, eta arrakala hori politikoa da. Emakumeei eta disidentziei beti esan izan digute ez dugula teknologiarako balio: gizonek matematiketarako eta emakumeek sozialetarako. Estereotipo asko daude emakumeentzat denaz eta ez denaz. Estereotipo horietatik ateratzea nahi dut. 

Nola aurre egiten zaio estereotipo horiei?

Batetik, interneteko historia feminista ezagutu behar da, eta halaber teknologien historia berrikusi. Teknologiak zer esan nahi duen jakin behar dugu, nola dagoen interkonektatua, nondik iristen den Internet, nondik pasatzen diren itsaspeko kableak. Hori oso garrantzitsua da hemen, hiru itsaspeko kable sartzen baitira Euskal Herritik Espainiako Estatuko gainerako lurraldeetara. Begiratu behar da nortzuk diren kable horien jabeak, eta, beraz, nortzuk duten gure informaziorako sarbidea, Whatsappeko mezu bat bidaltzen duzunean, nondik bidaiatzen duen mezu hori. Hodeia estratosferan dagoen zerbait den ideiatik atera behar gara. Hodeia azpiegiturak dira, itsaspeko kableak, gure auzoaren inguruko kableak, mineralak dituzten kableak, eta mineral horiek meatze ustiategi batekin lotuta daude. Garrantzitsua da Interneteko azpiegitura fisiko ukigarri horren kontzientzia hartzea.

Indarkeria matxista digitalaz ari garenean, zertaz ari gara zehazki?

Lehenik, indarkeria matxista digitalak aitortzea legoke, ziberbiolentziak eta indarkeria matxista digitalak ulertzea, hainbat konnotazio baitituzte. Oso garrantzitsua da ulertzea Interneten gertatzen dena espazio fisikoan gertatzen denaren erreprodukzio bat dela. Niri interesatzen zait indarkeria matxista digital horiek izendatzea, jakin dezagun iraganean, fisikoan, ikusi ditugun gauza berdinak gertatzen ari direla orain, baina teknologiak zeharkatuta.

"Sare sozialetan ez nago leku xalo batean. Jauntxo korporatibo, kapitalista eta patriarkal batzuen lurraldera sartzen ari naiz"

Zein da indarkeria digitalaren ezaugarri bereizgarria?

Anplifikazioa. Interneten berehala ukitu zaitzakeen indarkeria bat dago, gure gailuak gorputzari itsatsita ditugulako. Gailuei buruz hitz egiten dugunean, digitalari buruz, gure gorputz fisikoari buruz ere ari gara eta gure bizitzetan duen eraginari buruz. Indarkeria psikologikoa, lan indarkeria, biolentzia komunitarioa, biolentzia guztiak, inpaktu guztiak maila sozialean, komunitarioan, pertsonalean, gorputzetik pasatzen dira, eta hori indarkeria digitalekin lotuta dago. Uste dut hori askoz argiagoa izan dela Covid-19tik aurrera, teknologien erabileraren anplifikazio bat egon delako.

Autodefentsa digitalean aditua da Cordova. EKAITZ ANDA

Zein jokabide sartzen dira indarkeria mota horren barruan?

Indarkeria matxista digitala naturalizatzea oso arriskutsua da, eta horregatik guretzat garrantzitsuena da indarkeriari izena jartzea; feminismoaren oinarrietako bat da indarkeria horiek izendatzea. Horren harira, Fembloc-en tipologia bat zehaztu dugu, sarearen esperientziatik abiatuta, eta indarkeria kategoria nagusiak zehaztu ditugu: ziberjazarpena, ziberbiolentzia sexualak, gorrotozko ziberbiolentziak, ziberbiolentzia ekonomikoak, ziberbiolentzia estetikoak eta ziberbiolentzia bikarioak. Garrantzitsua da ulertzea indarkeria matxista digitalez ari garenean inoiz ez garela indarkeria mota bakar batez ari, interkonektatuta daudela. Hau da, indarkeria sexuala, digitala eta jazarpena bizi ditzakezu, eta, aldi berean, ziberindarkeria estetiko bat. Gorroto diskurtso bat jaso dezakezu eta aldi berean sextortsioa. Oso garrantzitsua da nola interkonektatzen diren bistaratzen jakitea eta, beraz, erantzuteko moduak ere hainbat mailatan izan behar dira.

Egunero ikusten eta jasaten ari gara indarkeria digitalak, baina ez ditugu indarkeria digital matxista gisa identifikatzen. Horrela da?

Horretxegatik saiatzen gara izendatzen. Ziberindarkeria sexualen barruan dago, adibidez, jarduera sexualekin lotutako hertsapena: sexpreadinga, zure irudi intimo sexualak biralizatzea; eta sexestigmatizatzea edo slut-shaminga, sexuagatiko estigmatizazioa, "hau promiskuo bat da, hau puta bat da" esatea. Exhibizionismo digitala ere hor dago, hau da, zure baimenik gabe jendaurrean agertzea. Hor dago ere esplotazio sexuala, adibidez, edo kutsu sexuala duen estortsioa, sextortsioa. Baita irudi intimoak faltsutzea ere; deepfakea, adibidez, sexu edukiak digitalki faltsutzea litzateke. Jazarpen digital sexuala da ohikoena eta oso ohikoa da ere doxinga, jazarpena sortzeko informazio pribatua argitaratzea. Publiko egiten dute, adibidez, zure helbidea, zure izena, zure nortasun agiria… Katalunian ikusi dugu hori sexu eta ugalketa eskubideen aldeko aktibista eta defendatzaileekin; ultraeskuindar taldeek haien kontra erabili dute doxinga, aktibistak non bizi diren erakutsiz, mehatxatzeko: "zure etxera joango gara".

Zeintzuk dira emakumeek sarrien pairatzen dituzten indarkeria digitalak?

Indarkeria askotarikoak dira, eta, beraz, interkonexio horren barruan, ziberindarkeria sexuala da ohikoena beste indarkeria mota batzuekin, hala nola estetikoarekin, jazarpenarekin eta gorrotoarekin. Bada gai bat indarkeria mota guztien gainean dagoena eta krudelkeriaren pedagogiekin zerikusia duena: emakumeek nola jokatu behar dugun esatea, emakumeen eta disidentzien gorputzak eta bizitzak menperatzea, gutxitzea, beldurraraztea helburu duena. Eta hori da indarkeria arruntenetako bat mundu osoan gertatzen dena. Arreta feminista digitaleko sare guztietan ikusi dugun indarkerietako bat da, eta emakume politikoei, emakume publikoei, publikoak ez diren emakumeei, adinekoei, nerabeei tokatzen zaien indarkeria da.

"Planeta zenbat eta ultraeskuindarrago, orduan eta faxista gehiago sareetan. Ikusi behar da nola antolatu"

Non jarri behar da arreta norbere burua zaintzeko?

Autodefentsa digital feministaren lehenengo gauza da teknologiari buruzko kontzientzia edukitzea. Baina gero estrategia batzuk oso garrantzitsuak dira. Lehendabiziko pausua norberak bere gailuen gaineko kontrola eta kontuen gaineko kontrola izatea da. Ondoren, garrantzitsua da, baita ere, zenbait estrategia eraikitzea. Eta estrategia horien barruan, bizitza digital seguruagoa izateko hainbat estrategia daude, feminismoetatik datozen praktika onak daude. Murriztea, adibidez; arazoak sor diezazkidaketen datuak murrizten ditut, hau da, aspaldi erabiltzen ez ditudan Facebookeko kontu irekiak baditut, horiek murriztea komeni da. Kontu horiek ezabatu. Nire seme-alaben irudiak baditut sareetan, murriztu, ezabatu egin behar dira irudi horiek. Beste estrategia bat nahastea da, zarata sortzea. Esate baterako, doxinga dagoenean, zure irudia edo zure etxeko helbidea argitaratzen dutenean, zuk beste lau helbide igoko dituzu, zure helbide zehatza zein den jakin ez dezaten. Gotortzea da estrategia garrantzitsuenetako bat, eta horrek esan nahi du beharrezko hesiak sortzea, sarbideak murriztea, ikusgarritasuna murriztea, hau da, oinarrira joatea, hala nola aplikazio guztiek duten pribatutasuna eta segurtasuna berrikustea, zer pasahitz daukagun, noiz aldatu genuen, oztopoak jartzea gure informazioan sartu ez daitezen. Gero, konpartimentatzea ere garrantzitsua izaten da; funtsean, identitate desberdinak sortzea da, lanerako identitate bat, nire bizitza sozialerako beste bat, kontu pertsonalerako.

Gauza gehiegi partekatzen ditugu interneten? 

Ez da beharrezkoa dena argitaratzea, kapitalismoaren presioa dago hor, dena jakin dadin, guztiari buruz informatu dadin, dena argitara dadin. Garrantzitsua da presio indarkeria digitalei aurre egiteko estrategia bat eraikitzea. Nola eraikiko ditugun teknologiak erabiltzeko modu desberdinak? Nola deszentralizatuko ditugun teknologiak? Nola kenduko diegun boterea enpresa handiei eta nola hasiko garen boterea izaten egiten eta sortzen dugunaren gainean? Kontua da irudimena aktibatzea, esperantzaren aukerak aktibatzea, ez mugatzea esatera teknologia hondamendia dela. Kontua da nola egiten dugun eta nola eraikitzen ditugun beste aukera batzuk orain dugun teknologiarekin eta bihar sor dezakegunarekin. Uste dut asko estigmatizatu dela teknologiaren ideia. Bat-batean teknologia da gure etsaia. Baina ez, teknologia tresna bat da, eta gauza interesgarri asko garatu ahal dira horren baitan, adibidez, software librea, webguneak ostatatzeko zerbitzari feministak… Askotariko ekimenak daude, komunitarioak. Existitzen den beste internet horretan pentsatzea da gakoa, eta ez korporazioenean bakarrik.

Indarkeria digitalen aurrean, nola zaintzen dugu elkar?

Benetako erantzun bakarra kolektiboa da. Egia da zati batean zuri dagokizula pasahitza aldatzea, zuk zure kontuen kontrola eduki behar duzu. Erantzukizun indibiduala dago, baina baita erantzukizun kolektiboa ere. Garrantzitsuena ez da pasahitza aldatzea, garrantzitsuena da teknologia zure egitea eta indarkeria identifikatzen jakitea. Adibidez, emakume bat FemBlocera iristen denean eta oso gaizki dagoenean, esaten diogun lehenengo gauza ez da pasahitza aldatu behar duela. Lehenik eta behin, laguntza psikologikoa eman behar zaio, babesa ematen dion komunitaterik ba ote duen jakin behar da, zer harreman sortu dituen, zein gehiago egon daitekeen arriskuan. Gero, hartzen ditugun neurriak indibidualak izan daitezke, baina ongizate kolektiboarekin dute zerikusia beti. Adibidez, doxinga dagoenean, askotan emakumeek eta disidentziek beren komunitateak bilatzen dituzte kontua salatzeko, antolatu egiten dira, indarkeria horretaz hitz egiten dute. 

Joera bat dago emakumeak sare sozialetatik kanporatzeko?

Ni sare sozialetara joaten banaiz, ez naiz sozializazio leku lagunkoi batera joaten ari. Jauntxo korporatibo, kapitalista eta patriarkal batzuen lurraldera sartzen ari naiz. Jakin behar dut bizirauteko estrategiak erabili behar ditudala. Ulertu behar dugu nortzuk dauden plataforma horien atzean eta zeintzuk diren haien politikak. Instagram, Whatsapp, Facebook aipatzen baditugu, Meta dago atzean, AEBetako Mark Zuckerberg jaun zuri baten enpresa, zalantzarik gabe gerra babesten duena; eta X-ren jabea Elon Musk da. Nola espero dezakegu sare sozialen plataforma horiek diskriminazioan oinarrituta badaude diskriminaziorik ez egitea? Garrantzitsua da ulertzea plataforma horietan garatuta dauden algoritmoak gorrotoarekin aberasten direla. Hau da, zenbat eta gorroto gehiago izan, zenbat eta gorroto erreakzio gehiago egon, orduan eta hobea da, jarduera gehiago dagoelako. Ez da bakarrik gure bizitzak emakume bezala kanporatuak izaten ari direla, baizik eta iparraldeko gizon zuria ez den oro kanporatua izango dela. Sare horiek arrazistak dira, sexistak, arra dute ardatz, gizon mota bat. Ni ez nago espazio horiek okupatzearen aurka, baina espazio horietan bagaude garrantzitsua da nola gauden hitz egitea.

Alegia, espazio horietan egoteko estrategiak behar dira?

Espazio horietan sareen gaineko inolako segurtasunik gabe egongo banaiz, oso litekeena da indarkeria jasotzea eta konplikatua izatea. Espazio horretan modu kontzientean baldin banago, orduan ez nago bakarrik espazioan, nire lagunei ere espazio horretan elkartzeko esaten diet, antolatzen naiz, komunitatea sortzen dut. Bai, uste dut sareak gero eta gehiago bihurtzen ari direla erabateko gorrotorako espazioak. Mundua erreproduzitzen dute. Planeta zenbat eta ultraeskuindarrago bihurtu, orduan eta faxista gehiago sareetan. Hala ere, ikusi behar da nola antolatzen garen horren aurrean.

Zein da erakundeen erantzukizuna?

Oso garrantzitsua da gogoeta teknopolitikoa. Izan ere, subiranotasun digitala hainbat mailatan eraikitzen da, eta hor, jakina, maila instituzionala oso garrantzitsua da. Zoritxarrez, Poliziak berak, erakundeek, epaileek, abokatuek ez dituzte indarkeria digitalen dimentsioak ulertzen, eta are gutxiago genero indarkeria digitala edo indarkeria matxista digitala. Oso zaila izan da, eta mugimendu feministen lana izan da genero indarkeriaren ulermen hori eskatzea.•

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago