Mikel Otero-EH Bildu

"Ez gara PSOErekiko gatibu, ultraeskuinaren bultzadarekiko baizik"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

Azken orduko "trikimailuzko negoziazioetan" ez direla egongo esan du Oterok.  Ekaitz A.

Mikel Oterok argi utzi du hilaren 29koak ez direla beste edozein hauteskundeak bezalakoak. "Lubaki bat ireki da, non ultraeskuina basakerian instalatu den eta hamarkadetako atzerapausoa eman nahi duen", esan du. 

Mikel Otero Gabirondok (Alkiza, 1972) 2025ean Espainiako Kongresura egin zuen jauzi, eta gaur egun EH Bilduren Arabako hautagaia da azaroaren 29ko hauteskunde orokorretarako. 

Etxebizitza eta prekaritatea erdigunean jarri dituen greba orokor baten ondoren, zer hausnarketa egiten du EH Bilduk? 

Arazo konplexuak eta hamarkadetako arazoak ez dira egun batetik bestera konpontzen. Bi lerrotan jartzen dugu azentua. Batetik, etxebizitza parke publikoa, batez ere alokairuarena, handitu behar da nabarmen. Hori ez dagokio Madrili, hemengo instituzioei dagokie, eta asko egin behar dute, eta ez bakarrik eraiki; eskuinak bakarrik eraikitzean jarri du arreta, etxebizitza hutsak ere mobilizatu egin behar dira, besteak beste. Hemendik aurrera, indar korrelazioa desberdina izan behar da arazoa konpontzeko, eta etxebizitzaren arazoa ez da konponduko baldin eta ez badira etxebizitzen eta alokairuen prezioak jaisten.

Hainbat eragilek kapitalaren menpeko izatea leporatu diote EH Bilduri. 

Normala da eta osasungarria kaletik bultzada etortzea, baina gero badakigu urardotzen direla hainbat proposamen indar korrelazioaren arabera. Edozein kasutan, uste dut alderdiek jokabide desberdinak izan ditugula eta jendeak hori ulertu duela. Gauza bat da denak kritikagarriak izatea egin behar zena baino gutxiago egin delako, hori onartu daiteke, baina denak berdinak garela argi dago ezetz. EH Bildu hor egon da beti etxebizitzaren eskubide subjektiboa gauzatzeko, gune tentsionatuak onartzen lehenak izan gara, udaletatik eraikitzeko orubeak uzten… Edozein kasutan EH Bilduk umiltasun guztiarekin dio neurri eraginkorragoak egiteko edo entzuteko irekita dagoela.

"Estatuko gobernuak jakin behar du eskuina garaitzeko aukera bakarra estatuan egon nahi ez dugunekin datorrela"

 

Ultraeskuinari eta eskuinari aurre egiteko hauteskunde erabakigarriak bezala aurkeztu dira hauek. Beldur horren gatibu sentitzen da EH Bildu? PSOErekiko gatibu? 

Hauek ez dira beste edozein hauteskunde. Lubaki bat ireki da, non ultraeskuina basakerian instalatu den eta hamarkadetako atzerapausoa eman nahi duen. Hori horrela izanda, guk hasieratik argi hitz egin dugu: gure ekimena izango da olatu hori gelditzea, eta horrek esan nahi du gaur egun dauden alternatiben artean hori ez dena babestuko dugula gratis eta amore, alegia zalantzarik gabe hor egongo garela, eta ez azken orduko trikimailuzko negoziazioetan ez dakit zer mugimendu arraro egiten. Beraz, ez gara gatibu PSOErekiko, ultraeskuinaren bultzadarekiko baizik. Horrek konprometitzen gaitu.

Horrek ez du EH Bilduren jarduna hipotekatzen?

Ez. Hipotekatu ez. Nolabait ere konpromiso bat hartzen dugu ultraeskuina ez den gobernu bat iristen baldin bada gobernu horrek ahalik eta politika aurrerakoienak egiteko. Gobernuak jakin behar du eskuina garaitzeko aukera bakarra estatuan egon nahi ez dugunekin datorrela. Horrek esan nahi du ezkertiarrek garaituz gero, neurri ezkertiarrak egin beharko dituela, eta Euskal Herriaren auzi nazionalari erantzun bat eman beharko diola dagokion momentuan.

Eskuinak eta ultraeskuinak gobernatuko dutela irudikatzen duzu?

Nire pertzeptzioa da zaila dagoela, baina badago partida. Edozein kasutan, ultraeskuinaren olatua gelditzeko Euskal Herriak bere partea egin behar du, hemen jipoi demokratiko galanta jaso behar dute, eta gero besteek egin dezaten bere lana.

"Euskal Herrian badira sakrifizio eremuak, eta ez dira berriztagarriak jarri diren herrietan"

Ribabellosa edo Labraza "sakrifikatu" behar dira Bilbo deskarbonifikatzeko?

Kontua ez da zer eta zenbat eremu "sakrifikatuko" ditugun, baizik eta gaur egun zer sakrifikatzen ari garen. Gaur egun Euskal Herrian sakrifizio eremuak existitzen dira, eta ez dira hain zuzen berriztagarriak jarri diren eremuetan. Sakrifizio eremua da Muskiz, Petronorreko findegiaren ke txarrak jasaten ari dena azken 50 urteetan. Iruditzen zait itsutze selektibo bat daukagula eraginen eta inpaktuen inguruan. Hemen arazo nagusiak ditugu: Hego Euskal Herrian kanpo energiaren menpekoak gara %85ean, eta baliabide fosilen menpekoak gara %90ean, eta uste dut kontsentsu bat egon beharko lukeela funtsezko bi zaurgarritasun horiei buelta emateko. Horrek behartzen gaitu, besteak beste, trantsizio energetikoa egitera. Bigarren arazo bat dugu: eskala. Guztioi gustatzen zaizkigun energia berriztagarrien hedapen ereduek eskala bat ematen digute eta eskala bat asetzen dute, baina ez dute beste eskala bat asetzen. Hortik aurrera gure lurraldearekin negoziazio tirabiratsua hasten da. Planifikazioa egin behar da. EAEren kasuan, plan sektorialaren bitartez egiten da, eta 2019an akordio bat egin genuen Jaurlaritzarekin bi urtetan hori egiteko, eta egin gabe dago. Hori ez da arazo bakarra. Plangintza egiten bada, berriztagarrien kokalekuak erabakitzen direnean zarata egongo da. Eredua aldatu behar da. Eredua gaur egun da enpresa handiak, askotan kanpokoak, etortzen direla logika erauzaile batekin, eta horri buelta eman behar zaio. Gure apustua da ahal den neurrian publiko eta komunitarioa egitea, eta horren onurak jasotzea lurraldeetan, eta zehazki instalazioak jartzen diren herrietan. 

Urdako dramaren ondoren, planteatu daiteke oraindik AHTa gelditzea?

Hamarkadak daramatzagu esanez ez dela eredu egokia, eta, istripuez gain, eredu hori bera eztanda egiten ari da. Estatuaren apustua izan da inbertsioaren gehiengo oso handia abiadura handiaren sareari bideratzea, eta bitartean beste guztia erori egin zaio, aldiriko sistema osoa gainbehera betean dago, merkantziak ez doaz trenean, eta gainera orain konturatu dira, lau mila kilometroko sarea egin eta gero, zein kostu erraldoiak dituen. Euskal Herriari begira, bi korridore nagusi daude: Gasteiz-hegoaldea eta Gasteiz-Iruñea, eta hor abiadura handiko eskema egin ordez badago beste eredu bat. Gero eta ahots kritiko gehiago dago. Pixkanaka iristen ari dira gu hasieratik esaten ari garen puntura: jasangaitza da. 

Nola bermatu migratzaileen harrera duina?

Lehenik eta behin, migrazioari lotzen zaizkion gorroto mezuak ezabatu behar dira, eta gaia hauteskunde kanpainatik atera behar da. Harrera zentroen inguruan gure eredua orokorrean eredu deszentralizatuago bat da, arreta pertsonalizatuarekin. Ez da kuestionatzea etorri behar direnen kopurua, baizik eta denak toki berean eta momentu berean; eta administrazioak koordinatu behar dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago