Gaztefilmfest

Haurrek haurrentzako egindako zinema jaialdia

Haurrek bikoiztutako filmak sortzen dituen jaialdi bakarra da Gaztefilmfest. EKAITZ ANDA

Azaroaren 19tik 29ra ospatuko da aurten Gaztefilmfest jaialdia Gasteizen, haurrak protagonista eta helburu dituen zinema jaialdia. Filmak bikoizten aritzen dira haurrak, jaialdiak proiektatuko direnak hautatzen eta epaile lana ere hartzen dute euren gain. Film luzeak, laburrak, tailerrak eta beste asko izango dira bertan.

Bederatzigarren edizioa du Gaztefilmfest jaialdiak. Haurrei zuzendutako zinema jaialdia da, "esperientzia artistiko eta hezitzaile kolektiboa", antolatzaileen hitzetan. Aurten azaroaren 19tik 29ra ospatuko da Gasteizen, eta prestaketa lanetan murgilduta daude jadanik.

Haur eta gazteak eragile aktiboak dira Gaztefilmfesten, proiektuaren etapa guztietan parte hartzea bilatzen baitute antolatzaileek, eta horrek "proiektua bakar egiten du mundu osoan". Zinhezba eta Kalakalab elkarteek antolatzen dute jaialdia.

Helena Gonzalez eta Ricardo del Conde dira proiektuaren zuzendariak, eta haurrentzako zinemaren inguruan zuten kezka batetik abiatu zuten egitasmoa, duela hamar urte jada. Haur eta gazteek zinema eskaintza oso mugatua dutela kritikatu du Del Condek, "mugatua forma, edukia, narratiba mota, zinema mota, fotografia mota, istorio mota..., denek pasa behar dute banatzaile handien galbahea, denak du Hollywood usaina". Zinema plataformetara heltzen dena baino askoz gehiago dela eta, esfortzua egiten dute urtero eszena alternatiboa ikertu eta proposamen berritzaileak ekartzeko.

Haurrak prozesuaren parte bilakatzeko ikastaro eta tailer ezberdinak antolatzen dituzte; esaterako, bikoizketa tailerra, programazio tailerra, haurren epaimahaia edo serigrafia tailerra. Del Condek dakiela berritzailea da haurrek soilik bikoiztutako filmak sartzea jaialdian, ez da beste inon egiten, eta esperientzia ederra dela dio, "hor hasten da magia irteten".

Haurrak bikoiztaile

Marieta Colomok urteak daramatza, besteak beste, bikoizketa tailerrean haurrei laguntzen. Grabaketa egun batean bertara hurbildu gara, esperientzia gertuagotik ezagutzeko. "Ume askorentzat zinemara hurbiltzeko lehen aukera izaten da, zinema beste ikuspuntu batetik ikusteko, prozesuak nolakoak diren ulertzeko", azaldu du Colomok. Urtero jaialdian proiektatuko den film bat bikoizten dute gutxienez, baita film laburren bat edo beste ere. 10-17 urte bitarteko haurrek beraiek jartzen diete ahotsa pertsonaiei. Deialdi irekia izaten da, eta gonbidapena luzatu nahi izan dute berriz, hurrengo urteetan batu nahi izanez gero.

"Pantailei begiratzeko begi eta buru kritikoak sortzea da haurrei eman diezaiekegun tresna iraultzaileena"
Ricardo del Conde

Euskarara bikoizten dute pelikula. Normalean atzerriko pelikulak izaten dira, eta garrantzi berezia ematen diote Gaztefilmfesten euskararen presentziari. Haurrentzat euskaraz hitz egiteko aukera polita dela dio irakasleak, "euskaraz aritzeko modu dibertigarri batean, euskararekin jolasteko". Azken finean, aktore lana egiten dute haurrek, interpretazioa.

Urrian zehar asteazkenero elkartzen dira, gehiagotan ere bai behar izanez gero, eta bertan prestatzen dute bikoizketarako beharrezko materiala. Ahotsak jarri behar dituzte, pertsonaia bakoitzari egokitutako ahotsa bilatu, intonazioa entseatu, testua errepasatu, eta grabatu ere egiten dute Sama zinema elkartearen egoitzan.


Marieta Colomok laguntzen die haurrei bikoizketarako prestatzen. EKAITZ ANDA

Grabatzeko ekipo profesionala erabiltzen dute Gaztefilmfesten bikoizketa lanetarako. Dena prest dagoenean, banan-banan sartzen dira grabaketa estudiora. "Lan gogorra da haientzat", dio Colomok, jatorrizko bertsioa entzun eta denboran sartu behar izaten dutelako, behin baino gehiagotan saiatuta maiz. Ondoren postprodukzioan ahotsak gehitzen dizkiote pelikulari, eta publikoan erakusteko prest geratzen da, jaialdiaren zain.

Zinema, barrutik

Haur eta gaztetxoak ahalik eta gehien sartu nahi izaten dituzte jaialdiaren esparru ezberdinetan. "Haurrak izatea jaialdia egiten dutenak", Colomoren hitzetan. Programazio tailerra ere erabiltzen dute horretarako. Urtean zehar, ikastetxe ezberdinekin elkarlanean, film laburrak ikusten dituzte ikasleekin batera, eta haurrek beraiek erabakitzen dute zein izango diren jaialdian ikusiko diren laburmetraiak.

Epaile lana ere egokitzen zaie haurrei. Jaialdian proiektatzen diren pelikula guztiak ikusten dituzte, eta haurrez osatutako epaimahaiak erabakitzen ditu irabazleak. 6 eta 12 urte bitarteko haurrak izaten dira epaile, eta prozesu dibertigarria dela azaldu du irakasleak. "Asko emozionatzen dira, eta oso interesgarria da ikustea nolako eztabaidak izaten dituzten haien artean, zein argudio erabiltzen dituzten pelikula bat edo beste aukeratzeko".

"Ume askorentzat zinemara hurbiltzeko lehen aukera izaten da, prozesuak nolakoak diren ulertzeko"
Marieta Colomo

Elementu asko baitaude zinema aztertzeko, dio Del Condek, "gustatu zait edo ez zait gustatu" esateaz gain. Jaialdian ikasten dute aztertzen zein istorio dauden pelikulen atzean, zein erritmo, zein kolore, zein teknika...

Pantailaz inguratuta hazten dira haurrak. Altxa Burua eta antzeko dinamikekin bat egiten dute antolatzaileek, baina ez dute pantailen borroka galdutzat eman nahi. Horregatik ikus-entzunezko mundua eta narrazio zinematografikoak aztertzeko ikuspegi kritikoa sustatu nahi dute. "Begi eta buru kritikoak sortzea da haurrei eman diezaiekegun tresna iraultzaileena", dio Del Condek.

Jaialdi txikia da Gaztefilmfest, baina hazten doa urteetan zehar, publiko fidela bidelagun. Haurrak hazten ere ikusi dituzte bederatzi urteotan, zinemaren munduan geroz eta sartuago. Zinhezba elkarteak hogei urtetik gorako esperientzia du haur eta gazteentzako zinemaren munduan, eta Kalakalab Gasteizko ekoiztetxe berritzaileak ere gazteen mundua eta kultura ekimenak ditu ardatz. Bien artean antolatzen dute jaialdia, zinema eta giza eskubideak oinarri.

Giza eskubideak erdigunean

Beste zinema mota batzuk ekartzen saiatzen direla nabarmendu du Colomok, publikoari gauza berriak erakusteko. "Askotan pelikula berdinak ikusten ditugu denok, haurrentzakoak batez ere. Lobby moduko bat dago, Disney, Pixar... baina badago zinema oso interesgarria hortik kanpo, Europan, Latinoamerikan...". Teknika eta kontatzeko modu ezberdinak ekartzen dituzte urtero Gasteiza.

Giza eskubideekin lotutako narrazioak ekarri ohi dituzte. "Ezin dugu ez ikusiarena egin bizitzako gai konplexuen aurrean, ezin ditugu haurrak infantilizatu", dio Del Condek. Hazten ari badira ere ulertzeko eta hausnartzeko gaitasun handia dutela aldarrikatu du zuzendariak. "Uste dut ausartak izaten garela programazioan, hasieran exijenteak diruditen gauzak ekartzen ditugu, askotan haurrei zuzentzeko hautatzen ez direnak".

Colomoren hitzetan "oso polita da jaialdian zehar sortzen den giroa, oso etxekoia". Aurten ere hala izatea espero dute, eta azken ukituak egiten arituko dira egunotan, zinemaz beste ikuspuntu batetik gozatu ahal izateko, gaztetxoak gidari, azaroaren 19tik 29ra. •

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago