Hurrengo saioa azaroaren 13an izango da, 18:00etan, eta Karlos Gorrindoren Ez dena ere bada liburuaz arituko dira.
Nola ulertzen duzu zuen irakurle kluba?
Niretzako irakurle klubaren oinarria irakurleak dira, ez hainbeste liburuak. Horregatik gonbidatzen ditut beti nire irakurle gazteak zaletasun horretatik etortzera, liburua gustatu edo ez gustatu, bukatu edo ez.
Klubak irakurleak sortzen ditu?
Saio bakarra egin dugu, baina uste dut klubera iritsi direnak jada badirela irakurleak. Nik ezin dut irakurlerik sortu, nik nahi dut beraiek konpartitzea nirekin, eta nik haiekin, liburu hauek zer bide ireki dizkiguten. Liburu barruan ezkutatuta dauden atetxo horietatik joatea, agian beste liburu batera, edo film batera, edo hausnarketa batera, edo konturatzera zer ez zaigun batere gustatu, zer bai…
Nola egiten da liburuen aukeraketa?
Hori izan da niretzako zailena; mila irakurle mota daude, eta oso zaila da aukeratzea irakurleak ezagutu gabe. Ahalik eta abaniko zabalena eskaini nahi diet. Saiora bertara eramaten ditut, liburuaz gain, liburu horretatik deskubritu ditudan beste pila bat. Urteko liburu guztiak daude jada adostuta, eta haur batek esan zidan "liburu hori gorroto dut". Eta nik esan nion, "zoragarri, etorri zaitez egun horretan, eta hitz egingo dugu ea zergatik gorroto duzun liburu hori". Hori identifikatzea oso garrantzitsua da. Horrek kriterioa sortzen du.
Fama dauka haur literaturak kalitate gutxikoa izatearena.
Denetik dago, helduentzako literaturan bezala, on bateko bost txar. Niretzako zailtasuna da euskarazko abanikoa oraindik ez dela nik nahiko nukeen bezain zabala. Hori sortu bitartean zailtasuna izango dugu. Ahal dela euskaraz idatzitakoak bilatzen ditut. Eta itzulpenak badira, izan daitezela ondo itzuliak, askotan liburu onek itzulpen txarrak dituztelako. Ez da sinplea izan behar, ondo idatzita dagoen liburu bat irakurterraza da, hizkuntzak ez duenean zailtasunik jartzen.
Irati Jimenezek esaten zuen jakin behar dela liburuak uzten.
Bai, eta jakin behar duzu zergatik utzi duzun. Izan daiteke ez dela momentua, edo ez dela zuretzako… ona eta txarra baino ñabardura gehiago dago hor. Garbantzuekin bezala, txikitan gustuko ez nituen liburu asko, eta orain maite ditut. Saiatu behar da, eta gero izan zintzoa zure buruarekin ea zergatik ez zaizun gustatu. Nire helburua da irakurle kritikoak sortzea, irakurtzeko beldurrik gabe.
Nola sustatu irakurzaletasuna?
Mila teoria egongo dira. Ni saiatzen naiz liburuak ondo xehetuta eramaten, eta bakoitzetik beste hiruzpalau genero ateratzen, mapa zabaltzen joateko. Azkeneko saioan adibidez aritu ginen liburuko erreferentzia guztiak bilatzen, eta topatu genituen pelikulak, abestiak, beste liburuak… idazleak horren oso zaleak dira, pistak uzten joaten dira. Bestalde, nire ustez komikia zubi eder bat da irakurtzen hasteko.
Klubera doazen liburu zaleak salbuespena dira garai hauetan?
Ez dut uste. Badakit azkartasunaren zaletasun hori dagoela, eta uste dut azkarregi erabakitzen dugula hau bai eta hau ez. Ez umeetan bakarrik, orokorrean.
"Eseri eta hasi! Gero utzi beldurrik gabe, baina eman aukera liburuari, hamar orri gutxienez…"
Irakurtzeak eskatzen du beste patxada bat, ahalegin puntu bat?
Bai, eskatzen du gelditzea. Horregatik hasteko oso onak dira ondo idatzitako liburuak, erraz irakurtzen direnak, natural. Gazteleraz askoz eginagoa daukagu belarrira, eta orduan askoz errazago irakurtzen dugu. Kadentzia hori pixkanaka egin behar da.
Nola ikusten duzu haur literaturaren osasuna?
Lehen baino askoz gehiago dago, eta askoz zailagoa da altxorrak topatzea. Horregatik gidak bilatzen ditugu, baina gidek zure kriterioa murrizten dute. Hamar libururik onenak, gau beltzeko liburuak, zerrendak eta zerrendak. Intuizioa galdu daiteke horrela. Horregatik daude hain ondo irakurle klubak, esperientziatik kontatzen delako.
Baduzu gomendatzeko libururik?
Ez, bakoitzaren gustuen arabera bilatu behar da. Beti esaten dut, eseri eta hasi! Gero agian utzi, baina eman aukera, hamar orri gutxienez…
Nolakoa izaten da dinamika klubean?
Aurten dinamika berezia sortu dugu, jolasean aritzeko. Saio bakoitzean bi erronka literario izango dituzte. Liburuan zerbait aurkitu behar dute, edo bukaera berri bat asmatu… irakurtzeko modu ezberdinak bilatzea da asmoa. Liburua hartu, eta hor beste gauza batzuk bilatzea. Tertulia literarioa egiten dugu, eta hortik pasatzen gara liburuak ekarri dizkigun beste eremuetara.