Arabarazki

Agroekologia eta auzoa eskutik, Judimendiko ekonomatuan

Urtarrilean ireki zuten Judimendiko Arabarazki ekonomatua. RUBEN SANCHEZ

Bionekazaritza elkarteak nekazaritza agroekologikoaren eta hiri elikadura burujabetzaren aldeko apustua berretsi du Judimendi auzoan irekitako ekonomatuarekin. Bitartekaririk gabeko saltoki autogestionatu honek bertako ekoizle txikiak eta auzokideak harremanetan jartzen ditu bi astean behin.

Bionekazaritza egoitza Judimendi auzoan dago, eta, bertan, baxuan dagoen Arabarazkiko ekonomatoan elkartu gara Lola Ureña Heras (Burgos, Espainia, 1962) eta Paula Garcia Jimenezekin (Peñaranda de Bracamonte, Espainia, 1995). Ureña 23 urterekin heldu zen Arabara, eta Aiaraldean, Gorbeialdean eta beste hainbat eskualdetan jardun zuen albaitari gisa. Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzako osasun teknikari moduan aritu da lanean, eta Judimendiko osasun sarearen bidez, Bionekazaritzara hurbildu da Arabarazki egitasmoarekin interesaturik. Gaur egun, bazkide boluntario bezala jarduten du bertan. Garcia duela hiru urte heldu zen Gasteizera, Nekazal Ingeniaritza ikasia da, eta Euskal Herriak eskaini ziezaizkiokeen aukeren bila heldu zen Arabara. Arabako Bionekazaritza lehendik ezagutzen zuen, eta Arabarazkin motor taldean ari da laguntzen.

Osteguna da, Gasteizen azoka eguna, eta Arabarazkiren ekonomatuan, berriz, bi astean behin egiten den banaketarena. Bazkideak saskiak hartzera etortzen dira, agroekologikoan lan egiten duten gertuko ekoizle txikien elikagaiez osaturik. Saskiak beste bazkide boluntario batzuek prestatzen dituzte modu autogestionatuan.

Judimendik eta Bionekazaritzak bat

Arabako Bionekazaritza elkartea 1993an sortu zen lurra errespetuz landu nahi zuten ekoizle talde txiki baten eskutik. Geroztik, ekoizle txikiak lagundu eta herritarrak eredu horren alde sentsibilizatu nahi ditu. 90 bazkide dira. Nekazaritza agroekologikoa bizimodu eta ingurunearekin harremantzeko modu bezala ulertzen dute, eta hainbat lan eta proiektu garatu dituzte urteetan zehar: formakuntzak, Gariaraba (Arabako gari hazi zaharrak berreskuratuz), Saski Barazki, Biomaisu, Albarrio etab.

Via Campesinak bultzaturiko ereduarekin bat egiten dute: "Nekazaritza agroekologikoa bizimodu eta ingurunearekin harremantzeko modu bezala ulertzen dugu. Elikadura burujabetzaruntz aurrera egiteko gure bidea da. Nekazaritza agroekologikoa, nekazaritza tekniketatik edo jardunbideetatik harago, transformazio pertsonal eta kolektiborako prozesu bezala ulertzen dugu. Nekazaritza autonomian eta petrolioarekiko eta beste erregai fosilekiko independentzian oinarrituriko nekazaritza helburu duen prozesua da. Azken finean, lurraldeak babesten dituen nekazaritza da: GEOrik, patenterik eta agrokimikorik gabea".

"Komunitate aktibo bat zegoen prest auzoan, eta harro hartu zuten ekonomatua"

Lola Ureña, Arabarazki

Bide horretan, Garciak azpimarratu moduan, Bionekazaritzak aspaldi zuen Judimendin ekonomatua sortzeko ideia, "nekazal mundua eta hiriaren artean zubiak eraiki eta bitartekaririk gabeko komertzializazioa zabaltzeko". Ureñak, bestalde, auzokideek ekonomatuaren alde izan zuten jarrera xehatu du. "Judimendi oso auzo bizia eta dinamikoa izan da beti, eta auzo elkarteak, Batuta elkartasun sareak, auzoko feministek, gazteek, eskolak, osasun zentroak, Bizanek eta beste zenbaitek oso begi onez ikusi zuten Judimendin ekonomatua bultzatzea. Komunitate aktibo bat zegoen prest auzoan, eta harrotasunez hartu zuten ekonomatua hemen jartzeko ideia". Hala, Bionekazaritzatik bideragarritasun ikerketa bat egin zuten, eta 2024an hasi ziren ideia garatzen. Lehen asanblada bat egin zuten ekoizleek eta auzokideek eta, azkenean, 2026ko urtarrilean ireki zuten ekonomatua.

Egungo egoera

Lehen esan gisan, ekonomatua ostegunez zabaltzen da, bi astean behin. Hori posible egiteko bazkide eta kontsumitzaile talde bat dago. Bazkideak banaketan laguntzeko boluntarioak ere badira, beste bazkide batzuek talde gidarian laguntzen dute, non ekoizleekin eta bazkide berriekin harremanak egiten dituzten, kontabilitatea eraman, espazioa kudeatu, sare sozialak elikatu eta bestelakoak egiten. "Denok jarri ahal dugu zertxobait, malguak gara pertsonek eman dezaketenarekin, inork ez dezan sentitu ezin duela parte hartu", esan du Garciak.

"Gure ahalmenaren neurrian hazi nahi dugu", jarraitu du Ureñak. Gaur egun, proiektuan hamabi ekoizle daude, eta 50 bazkide. Bazkide-kontsumitzailea izateko urteko kuota bat ordaindu behar dute: "Hiru kopuru ezberdin daude, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa", azaldu du Garciak. Konpromisoetako bat parte hartzeko prestutasuna erakustea da. "Noizean behin txandaren bat egitea ezinbestekoa dugu proiektuak aurrera jarrai dezan, baina ezin izanez gero, bestelako eginbeharretan lagundu daiteke, edo talde gidarian aritu... Txandak egitea, gainera, elkar ezagutzeko aukera bat ere badira, saretxoa egin eta kolektiboa indartzeko", bukatu du Garciak.

Saltzen diren elikagaiak hurbil ekoiztea proiektuaren printzipioetako bat izanik, ekoizleak 150 kilometroko erradiora mugatzea adostu zuten. "Ekoizle gehienak Arabakoak dira, eta Arabakoak izateari lehentasuna ematen zaio, baina erradio horrek Euskal Herriko beste lurralde batzuetara iristea ere ahalbidetzen digu, bai eta mugakide ditugun beste lurralde batzuetara ere", azpimarratu du Garciak.

Lola Ureña eta Paula Garcia Arabarazkiko kideak. RUDEN SANCHEZ

Eskaerak interneten bidez egiten dituzte. Banaketa egunetik aurrera hamar egun daude horretarako, eta hurrengo banaketa-osteguna baino bost egun lehenago bukatzen da epea. Ureñak, hala ere, gaineratu du: "Plataforma oso intuitiboa da. Ni, adibidez, ez naiz oso iaioa teknologian eta berehala ikasi nuen; behin sar dezakezu hanka, baina behin sartuta hurrengorako ikasi duzu. Hala ere, badira pertsonak internet bidezko eskaera modu horrekin eroso ez daudenak. Jarraitzen dugu begiratzen bestelako aukera batzuk nola eskaini ditzakegun".

Ekoizle txikiak eta hiritar arduratsuak

Berriki, ALEA aldizkarian bertan, Rosa Diaz de Garaiok kontatzen zuen ez dela batere erraza ekoizle txikia izatea eta modu ekologikoan lan egitea, eta administrazioak salatu ere salatzen zituen bide hori jorratu nahi duten baserritarrak gutxi laguntzen dituztelakoan. Ureña eta Garcia ere bat datoz irakurketa horrekin: "Diru laguntzak handiek eramaten dituzte: nekazaritzan lur-jabe handiek eta abeltzaintzan modu intentsiboan lan egiten dutenak. Txikiek oso zaila dute euren lanari duintasuna ematen, kontziliazioak egitea eta lanaz kanpoko bizitza bat izatea, esaterako". Ureñak azpimarratu du ziurtagiri ekologikoa, adibidez, ez dela erraza, inbertsioa eta lan handia eskatzen dituelako: "Eusko Jaurlaritzatik propaganda kanpainak egiten dira maiz, eta ematen du asko laguntzen dutela, baina ez da horrela. Handiei askoz erraztasun eta laguntza gehiago ematen dizkiete". Hala ere, itxaropena ez dute galdurik, ikusten dute badaudela gazteak nekazal lurretan eredu agroekologikoan lan egin nahi dutenak, "haietariko asko, zailtasunak zailtasun, emakume gazteak dira", nabarmendu du. "Bai, Euskal Herrian, alde horretatik dinamismo handia dago, historikoki, lurrarekiko lotura ere handia izan da, eta populazioak era honetako egitasmoak lagundu eta bultzatzeko joera izan du", nabarmendu du Garciak.

"Nekazaritza agroekologikoa bizimodu eta ingurunearekin harremantzeko modu bezala ulertzen dugu"

Paula Garcia, Arabarazki

Horregatik, haren ustez, oso garrantzitsua da ekonomatua bezalako ekimenak garatzea, eta ekoizle txiki horiek sentitzea badagoela komunitate bat euren lanari balioa ematen diena. "Modu boluntarioan antolatzen dena, euren elikagaiak etxeratzeko". Ureñak urte askoan Judimendin bertan lan egin izan du Osasun Sarean, eta beste alderdi bat ere azpimarratu du: "Ekonomatuak aukera ematen du garbi eta osasuntsu elikatzeko. Gure ekoizleek natura eta lurrarekin bat eginez lan egiten dute, eta horren emaitza hemengo apaletan dago". Eta Garciak erantsi du, "supermerkatu eta abarretan dena bilduta dator, maiz oso urrutitik, lurra antzutuz eta ekoizleak despertsonalizatuz. Hemen, ordea, bestelako harremanak ereiten dira. Hona, ordea, Judimendiko auzokideak eta beste auzo batzuetakoak etortzen dira, batzuk familiarekin ere bai, gertuko produktu freskoak topatzen dituzte, ekoizleak ezagutu ahal dituzte, baita beste pertsona batzuk ere, eurek bezala, elikadura eredu justu eta jasangarria bultzatu nahi dutenak". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago