Ikasturte osoan zehar arituko dira komikiak, edo eleberri grafikoak, irakurtzen Ignacio Aldekoan. Igor Leturiak gidatzen du taldea, eta komikien munduaz aritu gara harekin, klubaren dinamika gertuagotik ezagutzeko. Hilean behin elkartzen dira irakurritakoez hitz egitera; hurrengo deialdietan Irati saga, Persepolis eta Lurbinttoko ohoinak obrak aztertuko dituzte, komikien balio literarioaren erakusle.
Nola aurkeztuko zenuke zuen kluba?
Hilean saio bat egiten dugu, eta saio bakoitzean komiki bat landu. Normalean euskaraz dagoen komiki bat izaten da, eta bestela ere euskaraz egiten dugu beti solasaldia. Helburua parte hartzaileen araberakoa da. Batzuk oso ohituta daude komikiak irakurtzera, eta urte askoan gaztelaniaz irakurri behar izan dugu, euskaraz apenas zegoelako. Egun euskaraz asko dagoenez, eta ona, ezagutarazi egiten dugu hori. Beste batzuk hurbiltzen dira literatura irakurketa taldeetatik, liburuak irakurtzera ohituta, eta komikiak lantzeko, gauza berri bezala. Haiei komikien kodeak eta teknikak pixka bat erakustea ere bada, apreziatzen ikasi dezaten.
Komikiek izan dute fama, literatura aldetik, gutxiago balira bezala.
Bai, historikoki hala izan da. Komikien urrezko garaietan, aurreko mendeko azken hamarkadara arte edo, zabaltzen ziren entretenimendurako gai bezala, ez hainbeste kultura edo arte gisa, askotan umeentzakoak, edo umoreari lotuak, gauza arin, sinple eta txarrak balira bezala. Egia da kasu batzuetan hala zirela, baina gauza onak ere egon dira. 90eko hamarkadan komikien jaitsiera handi bat egon zen, baina mende berri honen hasieratik berpiztu egin da. Batzuek eleberri grafiko deitzen zioten hori sortu zen, nahiz eta niri ez zaidan batere gustatzen izen hori, baina egia da sortu zirela komikiak gai serioak lantzen zituztenak, helduentzako, potoloak, eta horrek eman dio beste prestigio bat. Pertzepzio aldaketa bat ere ekarri du publikoan. Poliki-poliki, oraindik ere kostatzen da, baina kultur etxeak ere ari dira laguntzen horretan, aldaketa hori ematen.
"Komikia ez da irakurtzeko soilik; arte grafikoa da, zinematik gertuago literaturatik baino"
Eleberri grafiko hitza ez zaizu gustatzen, baina defendatzen duzu komikien balio literarioa?
Bai. Niretzako hitza komikia da. Komikiari kontrajarri izan zaio eleberri grafikoa, justuki hori esateko, komikia zela lehengo gauza hori, ez zena hain ona, eta orain eleberri grafikoa dela gauza berri bat, hau ja ona dena. Eleberri grafikoaren terminoak berak komikia, komiki historikoa degradatzen du. Lehen bai, komiki asko izango ziren ez hain onak, baina literaturan bezala, gehiena txarra izaten da, eta onak gutxi batzuk, ba komikietan berdin. Nire ustez komikiak ez du homologaziorik behar, eleberri izena emanda. Komikia arte bat da berez. Ez daukagu zertan literatura kontsideratu, ez da irakurtzeko bakarrik, arte grafikoa ere bada; antza gehiago dauka zinemarekin agian literaturarekin baino. Ez da beste terminorik behar, egin behar dena da komikia prestigiatu.
Zer adinetako jendea izaten duzue klubean?
Gure kasuan helduentzako irakurketa taldea da, baina klub hauek irekiak dira, eta lantzen dugun komikiaren arabera hurbiltzen da jendea; gaztetxoak ere hurbildu izan dira, komiki bat gustuko zutela eta.
Zein irizpideren arabera hautatzen dituzue komikiak?
Kasu honetan, Ignacio Aldekoan lehen aldia zen euskarazko komiki irakurketa klub bat egiten zena, eta orduan komiki sorta handia genuen aukeran. Ikasturte osokoa da kluba, zortzi saiorekin, eta aniztasuna bilatu dugu; bai genero aldetik, komiki klasikoagoak edo, album formatuan, edo bestelako komiki serio eta potoloagoak, fikziotik doazenak, historikoak, emakume egileak bistaratzeko asmoarekin ere bai, tradizionalki komikien mundua oso gizonei lotua izan delako, nahiz zorionez hori ere aldatzen ari den.
"Euskaraz komiki asko argitaratzen dira orain, eta onak; urtero 50 bat titulu berri irteten dira"
Baten bat nabarmendu beharko bazenu?
Lehen saioa Joana Maiz komikiari buruz egin genuen, adibidez, Yurre Ugarte eta Joseba Larratxerena, azken urteetan nire ustez ateratako onenetarikoa. Irati saga landuko dugu hurrena; horretan oinarritu zen [Paul] Urkijoren Irati pelikula. Klasiko bat ere badugu, Persepolis, Marjane Satrapirena, edo Maurizia, edo Zerocalcarerenak, Koldo Almandoz eta Aritz Truebaren Natasha, Adur Larrearen Lurbinttoko ohoinak... zaila egingo litzaidake bat edo beste aukeratzea.
Klubean elkartzen zaretenean, zein izaten da dinamika?
Komikia aurrez irakurrita ekarri behar izaten da, beste irakurketa klubetan bezala. Etorri nahi duenak, erosi gabe ere, kultur etxean lortu dezake, beste liburutegi batzuetatik ekartzen dituzte kopia gehiago, doan lortu ahal izateko. Gero saiora etorri eta nik hasieran sarreratxo bat ematen dut, lana testuinguruan jartzeko, egilearen beste aurreko lan batzuk aipatzen ditugu, eta gero denon artean joaten gara komentatzen, bakoitzari zer iruditu zaion, zer gauza interesgarri ikusi dituen, eta ni ere sartzen naiz nire ikuspegitik, zer gauza on edo ez hain on ikusi ditudan. Denon arteko elkarrizketa bat izaten da.
Zer ibilbide duzu zuk komiki munduan?
Beti esaten dut ez dakidala nola bukatu dudan hemen. Ni berez informatikaria naiz, baina belaunaldi kontua ere izango da. 70 eta 80ko hamarkadan komikigintza oso zabaldua zegoen, eta nik komiki zaletasun hori mantendu egin dut; badira hogeitapiko urte blog bat hasi nuela euskaraz komikigintzari buruz idazteko, eta hortik poliki-poliki hainbat komunikabidetan kolaborazioak egin izan ditut gai hauei buruz. Azken hamapiko urteetan halako irakurketa taldeak sortzen joan direnean eskatu izan didate antolatzeko, geroz eta gehiagotan. Egia da euskarazko komikigintzan ez dela gauza askorik egon tradizionalki, baina orain jada bai, urtero 50 bat titulu irteten dira euskaraz, euskaraz sortuak edo itzuliak. Aditu baino, nik kontsideratzen dut nire burua komiki zale, eta nahi bada agian dibulgatzaile.