Santsomendi auzoan sei adingabe dituen familia bat alternatibarik gabe etxegabetu izana salatu du gaur arratsaldean agerraldi batean Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Honetan, EAJren eta PSOEren udal gobernuari egotzi diote gertatutakoaren "erantzukizun politiko zein instituzionala", eta Poliziaren "muturreko indarkeria" gaitzetsi dute. Salatu dutenez, Etxebizitzaren Legearen bidez etxegabetzeak debekatuta zeudela esan arren, hilabete honetan ordezko bizitokirik gabeko lau etxegabetze bideratu dituzte Gasteizen.
Agerraldian, halaber, Gasteizko Udalari eta zenbait komunikabideri "kriminalizazio eta difamazio kanpaina" bat abiatzea leporatu diete. Haien esanetan, erakundeek "propaganda arrazista eta klasista" erabili dute errua langile klaseari egozteko eta Udalak ez dio familiari benetako alternatibarik eskaini, "eskainitako aterpetxea ez delako egokia adingabeentzat". Gainera, azpimarratu dute hasieratik kalitatezko alternatiba bat eskatu dutela eta etxebizitzak bermatutako eskubidea izan behar duela.
Ertzaintzaren jarduna ere gogor kritikatu dute agerraldian. Azaldu dutenez, ehunka adingaberen aurrean eta aurrez abisatu gabe jaurti dituzte foam pilotak Ikasle Antolakunde Sozialistak deitutako elkarretaratzean. Antolatzaileen datuen arabera, gutxienez lau pertsona atxilotu dituzte, horietako bi adingabeak, eta 90 pertsona baino gehiago zauritu dira borren zein foam piloten ondorioz.
"Baliabide publikoak daude milaka euroko polizia dispositibo bat antolatzeko, baina ez ordea familia bati etxebizitza bermatzeko", salatu dute. Egoera honen aurrean, gaur, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko den mobilizaziora deitu dute, "etxegabetzeen zein erantzun polizialaren aurka egiteko".