Istilu artean etxegabetu dute Santsomendiko familia, bizileku alternatibarik gabe

Ehunka lagun kanporatu ostean lortu du Ertzaintzak atarira heltzea. HALA BEDI

Ehunka lagun bertaratu dira erresistentzia egitera, eta goiz osoan zehar istiluak izan dira Oto hiribideko etxearen inguruetan. Lau pertsona atxilotu dituzte, horietako bat adingabea, eta dozenaka zauritu. Sei adingabeko familia bizileku alternatibarik gabe etxegabetu dute, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazioa iragarri du arratsalderako.

Ertzaintzak burutu du Santsomendiko etxegabetzea. Ehun lagun inguruk gaua eman dute bertan, eta goizean mila pertsonatik gora bildu dira etxegabetzearen aurrean erresistentzia egiteko. 9:30ak aldera heldu da Polizia, eta goiz osoan zehar istiluak izan dira Ertzaintza eta manifestarien artean, Poliziak pixkanaka jendea kanporatzen zuen bitartean. Azkenerako gauzatu dute kaleratzea.

Polizia heldu denerako ehunka lagun zeuden bilduta eraikinaren aurrean, eta indarrez kanporatu ditu Ertzaintzak. Borrez eta foam jaurtigailuez baliatu da Polizia manifestariak sakabanatzeko, asko adin txikikoak, eta gutxienez lau pertsona atxilotu dituztela jakinarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, bat adin txikikoa. Dozenaka lagun zauritu dituzte Ertzaintzaren oldarraldiek, sindikatuak salatu duenez.

Eraikinaren kanpoaldeko pertsonak bota ahala atarira hurbiltzen joan da Polizia, eta istiluak inguruko kaleetan zehar zabaldu dira. Ertzaintzak errefortzuak ekarri behar izan ditu, eta dispositibo polizial handia bildu da Santsomendin. Ugariak izan dira Poliziaren kargak, eta hainbat pertsonak aurre egin diete, protesta artean.

Atariko kristalak hautsi eta bertan zeuden 30 bat lagun atera ditu Ertzaintzak. Etxebizitzara igo dira eta atea bota dute. Etxebizitza barruan ere hainbat pertsona zeuden erresistentzia egiten, familiarekiko elkartasunez. Familia ez ezik beste kide guztiak atera dituzte, eta etxegabetzea gauzatzera zetorren segizio judiziala heldu arte barruan egon dira familiako kideak. Eguerdiko 13:00ak pasatxo utzi du etxea sei adingabez osatutako familiak, bizitoki alternatibarik gabe. Familia kaleratu ostean ere istiluek jarraitu dute Santsomendin.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Gedar Langile Kazeta (@gedar.eus)

Etxegabetzea eta poliziaren errepresioa salatzeko mobilizazioak iragarri ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. 17:00etan agerraldia egingo dute Gasteizko Udalaren aurrean, eta 19:00etan manifestazioa abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik.

Atzerapenik gabeko etxegabetzea

Familiak esker ona adierazi die elkartasuna adieraztera hurbildu diren pertsonei, Etxebizitza Sindikatu Sozialistari eta Abendaño eta Miguel de Unamunoko hezkuntza komunitateei. Etxegabetzeak aldi baterako bertan behera gelditzeko dekretua onartu da Espainian, baina kasu honetan epaileak ez du etxegabetzea gelditu, etxearen jabea ere egoera zaurgarrian dagoela argudiatuta.

2018tik bizi da familia bertan, eta 2021ean amaitu zitzaien kontratua. Ordaintzeko arazorik ez zutela adierazi dute hainbatetan, baina urteotan ez dute beste etxebizitzarik alokatzea lortu. Jabeak zaurgarritasun egoera ofizialki aitortua duela eta, aurrera egin du kaleratzeak, jabeak bertan bizitzeko behar zuelako etxea. Etxegabetutako familiak jabearen eskubidea onartu badu ere, salatu dute haiek etxebizitza alternatibarik gabe kanporatuko dituztela, eta erakundeei ardura hartzeko eskatu diete. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere salatu du Gasteizko Udalaren ardura, sei adingabeko familia bat kalean uzteko arriskuaren aurrean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago