Sansomendiko etxegabetzea gelditzeko kanpaldia abiatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Ehunka lagun bildu dira jada Oto hiribideko 28.ean. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Ehundik gora lagun bildu dira sei adingabe kalean utziko dituen etxegabetzeari aurre egiteko asmoz. Egitaraua antolatu dute elkartasun kanpaldia girotzeko.

Oto (Los huetos) hiribideko 28. zenbakian kanpaldia antolatu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, bihar gauzatzekoa den etxegabetzeari aurre egiteko. Ehunka pertsona bildu dira jada eraikinaren inguruetan, eta dozenaka kanpin denda ezarri dituzte etxepeko berdegunean. Gaua bertan pasatzeko asmoa erakutsi dute, eta elkartasun egitaraua antolatu dute gaubela girotzeko: txokolatada, Kullen taldearen kontzertua eta Kilikiren emanaldia ostean.

Biharko deialdia indartuko dute hala. Goizeko 9:00etan deitua zuen jendea sindikatuak, etxegabetzeari aurre egiteko, Oto hiribideko 28. zenbakira. Hainbat pertsona bertaratu dira jada Sansomendiko zonaldera. Ertzaintza eta Udaltzaingoa ere gerturatu dira, eta inguruko kaleak mozten aritu dira, baina kanpaldia oztopatu gabe joan egin direla jakinarazi dute sindikatuko kideek.

Azken asteetan hainbat elkartasun keinu jaso ditu Sansomendin bizi den familiak, ostiralerako deitua dagoen etxegabetzearen harira. Sei adingabe eta bi helduz osatutako familia bizi da etxean, eta bizileku alternatibarik gabe etxegabetzeko arriskua dute bihar goizean. Abendaño eta Miguel de Unamunoko ikastetxeetako ikasleak dira familiako seme-alabak, eta bi eskoletako hezkuntza komunitateak hainbat mobilizazio egin ditu asteotan etxegabetzea salatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago