Eskalatzeko "zerbitzu integral" berria Gasteizen

Jon Hidalgo / Argazkiak: Ekaitz Anda

Argian Climbing zabaltzear dago, urteetako lanaren ostean.

Rokodromo berria du Gasteizek. Hiriaren hego mendebaldeko poligono batean, Olarizu mendiaren azpian sortu dute Argian Climbing proiektua. Hutsetik eraiki dute pabiloi berri bat, azken hilabeteak buru belarri eman dituzte dena prest uzteko lanean, eta egunotan zabalduko da 900 metro karratuko espazio berria. "Eskalatzeko espazio integrala", dio Ander Agirrek, proiektua sustatzen aritu den taldeko kideak. Aizkorri kalearen amaierara hurbildu gara, gunea gertuagotik ezagutzeko.

Pertsona mota ezberdinen beharretara moldatuko den lekua sortu nahi izan dute, "eskaladak eskaintzen dituen aukera guztiak" probestu ahal izateko. "Hasi daiteke norbait bost urterekin hemen eskalatzen, eta modu progresiboan garatzen joan gurekin batera, maila altuetara arte". Eskalada munduan luze aritutako pertsona taldea dago proiektuaren atzean. Udaleko rokodromoetan aritutakoa bata, bide ekipatzaile profesionala bestea, fisioterapeuta eta yoga irakaslea hurrena, eraikuntza eta mantenu lanetan ibiliak, denetariko profilak daude Argianen, eta horixe bera da proiektuaren indarguneetako bat, Agirreren ustez.

Gasteizek egun daukan eskaintza zaharkitu samar zegoela eta, rokodromo berria sortzeko beharra sentitu zuten, eta azken bospasei urteetan gogor aritu dira lanean, buruhauste eta oztopoak gaindituz, proiektua osatu eta zabaltzeko moduan utzi duten arte. "Bide gogorra" izan dela dio Iñaki Arantzamendik, baina orain emaitzak ikusita merezi izan duela.

Eskalatzeari ekin eta jarrai

Haur zein helduentzako eskaintza dute rokodromoan, adin eta gaitasunaren arabera moldatutako proposamenak. "5-6 urtekoentzako taldea daukagu, joan daitezen lehen mugimenduak deskubritzen, altuera ezagutzen, ulertzen". Txikienentzat bereziki egokitutako rokodromotxo bat ere badago, distantzia laburragoekin, txirrista eta guzti, lehen pausoak eman ditzaten. "Eta koskortzen doazen heinean, autonomia bereganatzen, gorputza hazten, lagunduko diegu modu orekatuan garatzen emozioen kudeaketa, beldurra, frustrazioa". Harremak modu osasuntsuan garatzeko lekua izan nahi duela nabarmendu du Agirrek, "ez hain modu konpetitiboan", nahiz eta lehiaketarako prestatzea ere baden aukera bat, nahi duenarentzat.

"Hasi daiteke norbait bost urterekin hemen eskalatzen, eta modu progresiboan joan maila garatzen"

Gazte zein heldu hasiberrientzat eskaini nahi dituzte baliabideak, "eskalada segurtasunez ezagutzeko". Sokaz lotuta paretan gora egiteko bide ugari egokitu dituzte Argianen, inklinazio maila ezberdinekin, eta baita boulder zonalde ezberdinak ere, sokarik gabe altuera txikiagoan zeharkatzeko paretak. Tension board bat ere badago, argitxoekin markatzen dituena bide ezberdinak.

Agirrek azaldu du arretaz landu nahi dituztela eskalatzean altuerak dakartzan baldintza emozionalak, beldurra eta arriskua, besteak beste. "Egoera bat izan daiteke beldurgarria eta paralizatzailea, edo sentsazio onak sortzea, frustrazioari aurre egitea, fokalizatua egotea gorputzean...", eskaladaren onura fisiko zein mentalak goraipatu ditu hainbatetan.

Azkarrago zein geldoago, nork bere erritmora, baina ibilbide bat proposatzen dute, metodologia pedagogikoetan oinarritua, jendeak ikasi dezan bideetan gora egiten, "segurtasuna eta abilezia" hartuz. Ikasketa prozesurako ibilbidean lehen pausoa pertsonen interbentziorik gabekoa izatea da asmoa, "autoaseguratzaile batekin". Sistema berritzailea da Gasteizen, lehen aldia da "autobilera" makinak daudena hirian, eskalatzailea aseguratzen dutenak automatikoki eta modu seguruan.

Eskaladan noizbehinka arazoa izaten da norbaiten laguntza behar izatea aseguratu zaitzan, paretan gora sokarekin igo ahal izateko. Argian rokodromoan lau bide ezberdin daude jada martxan autoaseguratzailez hornituta, laguntzailerik gabe bideak egiteko moduan; erortzekotan makinak eutsiko dizu, eta bidea amaitzean ere automatikoki jaisten zaitu lurrera. "Autobilera" sistemarekin hasten da proposatutako ibilbidea. "Hori litzeke errazena, lehen pausoa eta seguruena, pertsona bat eroso sentitzeko", Agirreren hitzetan.

Ondoren etorriko litzateke binaka eskalatzen hastea, elkar aseguratuz. "Bigarren bezala" eskalatzen hasi, soka gainetik duzula beti, eta azkenik "lehenengoz" igotzea, paretan gora zoazen heinean soka paretari lotzen joanda. Elkarren arteko harremana eta konfiantza garatzeko modua dela nabarmendu du Agirrek, "makinak gauza bat egiten du, baina pertsona batek egiten dizun ekarpenak ez dauka parekorik". Denek ez dute zertan ibilbide osoa egin, "bidean gelditzea ere aukera ona izan daiteke, disfrutatzea soilik bilatzen dutenentzat".

Eskaintza holistikoa

"Inklusioa eta ekitatea" bilatzea da proiektuaren ardatzetako bat, azaldu dutenez. Askotan jarduera fisikoaren eta kirolaren bueltan dauden eredu hegemonikoetatik kanpo irten nahi dute, gorputz eta pertsona mota ezberdinak batzeko, "bidean egon daitezkeen trabak gaindituz".

Ez dago kapital handirik atzean; eskalada maite duen talde bat da, sumatzen zuten hutsune bat betetzen

5-6 urteko taldea, 7-8 urtekoa, gazteena, helduena, oinarrizkoa, teknifikaziokoa, ikastaro eskaintza zabala antolatu dute rokodromoa irekitzen dutenerako. Astean bi eguneko eskaintza du talde bakoitzak, edo bazkide gisa izena eman eta edonoiz joateko aukera ere badago, edo eguneko sarrera ordainduta. 

Erabilera anitzeko gela zabal bat ere badago pabiloian, eta Eileen Jubesek bertan eskainiko ditu yoga klaseak zein Feldenkrais saioak, mugimenduaren kontzientzia hartzeko teknikak, besteak beste. Yoga eta Feldenkrais irakaslea eta eskalatzailea izateaz gain fisioterapeuta ere bada Jubes, eta fisioterapia tratamenduak egiteko kontsulta bat sartu dute Argian Climbing proiektuaren eskaintzan, eskalatzaile direnei zein ez direnei laguntza emateko.

Eskaintza "amankomunak" egiten saiatu dira. Adibidez, txikien eskalada ikastaroak eta yoga saioak ordutegi berean kokatuta. "Hala, seme-alaba umeen taldean badago, gurasoek aukera izango dute bitartean yoga egiteko". Bestela ere itxaroteko edo egoteko gune goxo bat atondu dute espazioan, beste norbait laguntzera etorri direnak eroso egon ahal izateko, eta laguntzaileek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, zehaztu dutenez. Materiala alokatzeko aukera ere badago bertan, hasi berriei bidea errazteko. Euskara ere ardatz garrantzitsua dela azaldu du Arantzamendik, eta euskaraz lasai aritzeko espazioa izatea gustatuko litzaiekeela.

Urteetako odisea

Bide luzeak, boulderra, yoga, fisioterapia, tension board, denetarik bildu dute Argianen

Erronka asko gainditu behar izan dituzte hona heltzeko. Hasieran saiatu ziren Gasteizen jada eraikita zegoen tokiren bat alokatu eta bertan proiektua sartzen, baina ez zuten topatu haien beharrak eta udalaren arautegiak betetzeko moduko lekurik. Azkenerako lursail bat hartzeko aukera suertatu zen Gasteiz hegoaldean, "eraztun berdetik eta lorategi botanikotik gertu", eta apustua egin zuten. Bertan eraiki dute pabiloia, obrarako lizentziak, epeak, finantzaketa lortzeko lanak, Ukrainako gerrak igotako prezioak eta beste hamaika zailtasun igarota. "Emozionalki babestuta egon gara, eta komunitate bat dugu atzean, bestela erori egingo ginen bidean", azaldu du Agirrek, eskertuta. 

Azken finean, ez dago promotora edo kapital handirik proiektu honen atzean. Eskalada maite duen talde bat bildu da, eta haientzako ere sumatzen zuten hutsune bat betetzen saiatu dira. "Hemen bihotz eta ilusio asko dago atzean", dio Agirrek, eta errepikatu du nahi dutela jendea gustura egotea, entzuna sentitzea, elkarrekin eraikitzen joatea proiektua. "Jendea ez badator, zentzua galtzen du".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago