Miguel de Unamuno BHIko irakasleek, ikasleek eta familiek prentsaurrekoa egin dute ostegun honetan, euren kezka eta babesa adierazteko urriaren 23rako aurreikusita dagoen etxegabetzearen aurrean . Hezkuntza komunitateak salatu du ikastetxeko hiru ikasle, anai-arrebak direnak, etxerik gabe geratzeko arriskuan daudela, Sansomendiko Los Huetos etorbideko 28. zenbakian bizi den familiaren aurkako etxegabetze prozesuaren ondorioz.
Hezkuntza komunitatearen arabera, egoerak zuzenean eragiten dio ikasleen ongizateari eta hezkuntza jasotzeko eskubideari. Horregatik, etxegabetzea eten dadila eta familiari kalitatezko bizitoki alternatiba bat eskain diezaiotela eskatu diete erakundeei.
Sei adingabek osatzen dute familia. Hiru haur Miguel de Unamuno BHIn ikasten dute, eta beste hirurak Abendaño HLHIn. Abendañoko hezkuntza komunitateak ere egoera salatu eta konponbidea eskatu zuen urria hasieran egindako elkarretaratzean. Ezer aldatu ezean, ohartarazi dute datorren urriaren 23an bi heldu eta sei adingabe kalean geratzeko arriskuan daudela.
Ez da euren ikas komunitatean halakorik gertatzen den lehen kasua. Izan ere, duela aste gutxi beste familia bat ere etxegabetu zutela salatu dute, Abendaño ikastolako eta Miguel de Unamuno BHIko bi ikasleren familia, eta kasu hartan ere ez zela bizitoki alternatibarik eskaini. Irtenbide duina eskatu dute familia horrentzat ere. Ikaslerik ez, etxebizitzarik gabe eta Ikasleen etxebizitza eskubidea bermatu leloak zabaldu dituzte agerraldian.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren babesa
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, familiak urtebete darama alokairuko etxebizitza baten bila, baina ez du aukerarik aurkitu. Era berean, adierazi du familia udaleko gizarte zerbitzuetara joan dela irtenbide bat eskatzera, baina Gasteizko Udalak ez diola etxebizitza alternatibarik eskaini.
Sindikatuak salatu duenez, azken asteotan hainbat etxegabetze izan dira Gasteizen adingabeak dituzten familien aurka, eta ohartarazi dute erakundeek emandako erantzuna ez dela nahikoa izan. Udal gobernuaren jarduna kritikatu dute eta neurri gehiago eskatu dituzte familia zaurgarriei bizitoki alternatibak bermatzeko.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du hilabeteak daramatzala familiarekin lanean, etxegabetzea bide judizialetik geldiarazten saiatuz. Iragarri dute, etxegabetzea gelditzea lortzen ez badute kaleratzea eragozten saiatuko direla urriaren 23an bertan, Sansomendiko etxebizitzaren aurrean mobilizatuta, Los Huetos etorbideko 28. zenbakian.