Jon Garrido

"Ikuspegi satiriko eta komikotik heltzen diot zaurgarritasunari"

Anakoz Amenabar

Monstrenka aretoan aurkeztuko du 'Garun Null (0)' pieza Jon Garridok. STYLES OSUNDE 

Sukharte arte eszenikoen eta buru ongizatearen jaialdian aurkeztuko du Jon Garridok (Gasteiz, 2001) 'Garun Null (0)' pieza, protagonistaren fantasiazko mundura gerturatzeko gonbidapena.

Depresio esperientzia baten ondorengo buru osasuna eta bere buruarekiko harremana oinarri hartuta, ikuspegi satiriko eta komikotik heldu dio gaiari. Monstrenka aretoan taularatuko du, hilaren 18an, 19:00etan.

Bigarren aldiz taularatuko duzu 'Garun Null (0)' pieza...

Ez dago amaituta, prozesuarekin jarraitzen dugu, horregatik saiakerak direla nabarmentzea gustatzen zait. Work in Progress gisa erakutsiko dugu, oraindik aldatzen, handitzen, txikitzen doalako... Aiaraldea Ekintzen Faktorian sormen egonaldi bat izango dugu azaroan, eta horretan osatzea gustatuko litzaidake, agian otsailerako pieza amaituta egon dadin.   

'Bere garuna irentsi zuen izaki baten istorioa...' dio piezaren azalpenak.

Asko kostatzen zait piezari deskripzio zehatz bat jartzea, pistak eman gabe, baina hori izan daiteke abiapuntua: fantasiazko mundu bat, non bere garuna irentsi duen izaki bat bizi den. Bere ekosistema eta fantasiazko mundu horretako ateak irekiko dizkio publikoari, bertan nola bizi den ikus dezan, barruko txoko guztiak ezagutu ditzan.

Zer aurkituko du ikusleak unibertso horretan?

Zaurgarritasun eta gordintasun handia aurkituko ditu, baina guztia tonu satiriko eta komikoan kontatuta. Diziplina anitzeko pieza da: musika, abestiak, dantza, mugimendua, testua eta olerkiak nahasten dira. Ikuslea espazioaren parte garrantzitsua bilakatuko da, pieza barneratzailea baita. Eta pertsona bati lotutako ezaugarriak aurkituko ditu han: bere nahiak, beldurrak, bere espazioa...

"Depresioa piezaren abiapuntua izan zen, baina ez da depresioari buruzko obra esplizitu bat"

Zein izan zen pieza hau sortzeko lehen txinparta?

Orain dela urte batzuk depresio bat izan nuen, eta bitarte horretan, zein ostean, nire buruarekiko harremana aldatu zela nabaritu nuen: memoria gutxiago nuen, hitzak topatzea gehiago kostatzen zitzaidan edo gehiago epaitzen nuen nire burua. Gogoratzen dut telefonoz hitz egiten ari nintzela besteari galdetzea: "Hau esan dizut oraintxe bertan ala ez?". Orain dela pare bat urte, bestalde, Uharte Zentroko masterra egiten nenbilela, zeozer sortzeko gogoa piztu zitzaidan, eta momentu hartan nire buruarekiko erlazioaz hitz egin nahi nuela topatu nuen. Oso gai dentsoa eta gogorra zenez niretzat, aszidia izeneko animalitxo bat agertu zen; garunik gabeko animalien bila aurkitu nuen izaki hau, ez nuen ezagutzen eta kuriosoa egin zitzaidan. Inspirazio iturria. Komikotasunak eta satirak pila bat lagundu didate, bestela tostoi latza izango litzateke, bai niretzat eta baita publikoarentzat ere. Ez da depresioari buruzko pieza esplizitu bat edo pieza gogor bat, tonu komikoa du eta kritika ere egiten du, piezari berari. Izan ere, gaur egun sortzaile izatea, zoritxarrez, pribilegio bat da. Prekarietate honetan, munduko egoera latza ezagututa, neure buruari galdetzen nion: "Benetan, gertatzen ari denarekin, pieza bat egingo dut depresioari buruz?". Depresioarekin zaudenean uste duzu munduko gizakirik zorigaiztokoena zarela eta... Begirada eta kritika horretatik planteatu dut lana.

Protagonistaren fantasiazko mundura bidaia da 'Garun Null (0)'. STYLES OSUNDE

Zer garrantzia izan du Gazte Sortzaileak bekak?

Bultzada garrantzitsua izan da. Horri esker talde bat osatu ahal izan dugu, eta lan egin duten pertsonei ondo ordaindu, kontuan hartuta askotan dohainik egin ditugula lanak. Marina Suarez ibili da tutore, Mel Arranz eszenografo, eta Gabi Pedrosa nirekin batera antzezten, oraingo honetan eszenan ni bakarrik egongo naizen arren. IAKn egin genuen lehen aurkezpena, Labe laborategian entseguak, Dantzan Bilaka-k ere lagundu digu espazioarekin... eta prozesuak aurrera jarraitzen du. Bestalde, niretzat hautu politiko garrantzitsua da euskaraz sortzea. Nire etxean ulertzen dute, baina ez da euskaraz hitz egiten, eta halere uste dut sortzaile gazteon egitekoa dela kultura euskaraz bermatzea eta euskararen alde egitea; ez da beharrezkoa euskara ama-hizkuntza izatea euskaraz sortzeko eta bizitzeko. Sortzaile euskaldun queer bat naiz, eta zeharkatzen nauten ezaugarri horiek guztiak hor daude, azalean.

Nola jaso du publikoak orain arte?

Lehen saioa oso berezia izan zen, nire jendea zegoelako: aiton-amonak (piperrik ulertu ez zuten arren), kuadrilla, lagunak... Oso harrera polita izan zen, babestuta sentitu ginen eta solasaldia ere izan genuen. Bigarren saiakera Uharte Zentroan egin genuen, ezezagunen aurrean. Orain, Sukharten, sugar horrek piztuta jarraitzea bilatzen dugu, gehiago ikertzeko eta ikasteko gogoz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago