Nola izan eraginkorragoak euskararen alde lanean?

Jon Hidalgo

"Tokia egon behar da berrikuntzarako, arriskutsuagoak diren ekintzak esperimentatzeko". ALEA

Agirre Lehendakaria Centerreko kideak, Gasteizko Udalaren eskariz, tresna berri bat garatzen ari dira modu eraginkorragoan saretzeko euskararen alde dauden hamaika ekimenak. Analisia, baliabideak eta ezagutza errazago partekatuz ahalbidetu nahi dute gizarteko sektore bakoitzari erantzun hobea ematea, etengabe ikasten jarraitzeko bokazioarekin.

Gasteizen eta Araban jende asko dabil euskararen alde ekinean. Nor bere kasa askotan, besteen baliabideak ezagutu gabe eta ondorio komunik atera gabe elkarren esperientziatik. Saretzeko erraztasunak sortu nahian, gizarteko eragile eta sektore ezberdinak identifikatzen ari dira Gasteizko Udala eta Agirre Lehendakaria Centerreko kideak elkarlanean, aldundiaren bultzadaz.

Asmo handiko proiektua da Zoru komuna. "Lankidetzarako egon daitezkeen aukerak identifikatu eta aukera berriak sortu nahi ditugu", dio Rakel Romerok, udaleko Euskara zerbitzuko buruak. ALCko kideen metodologia erabiltzen ari dira horretarako.

Gizartean eraldaketa sozial handiak nola ematen diren ikertzen dute ALCn. "Ulertzea erronka konplexuei nola erantzuten diegun gizarte bezala", azaldu du Julen Larrañaga kideak. Abiapuntuko hipotesi gisa hartzen dute 60 eta 70eko hamarkadetan euskal gizartearen hainbat sektoretan emandako eraldaketa. "Bazegoen gogo edo bilaketa bat esparru ezberdinetan; euskararen biziberritzea kasu, edo kooperatibak, industriaren berregituraketa...".

ALCn uste dute aldaketa guzti hauen atzean bazela diskurtso edo metanarratiba partekatu bat, eraldaketa bera posible egin zuena. Diotenez, transformazio sozialeko prozesu handietan elementu komunak identifikatu daitezke, eta erronka konplexuak direnean frogatua dago, Larrañagaren hitzetan, "ezin dela agente bakarraren kontua izan. Inork ez dauka gaitasunik, ez ezagutzarik, bakarrik eragiteko".

Eragileen mapa

Eraldaketan sektore ezberdinek parte hartu beharko dutenez, lehen pausoa izan da egun euskararen alde diharduten eragile eta sareak identifikatzea. Euskalgintzako eragileen laguntzaz mapa bat osatu dute, ikusteko bakoitza zertan ari den, zer ekimen mota dituen, eta batez ere, nolako kolaborazio edo sinergia sareak dituzten haien artean.

Tresna digital interesgarria garatu dute, ekosisteman dagoen informazioa sistematizatzeko, ezagutza konektatzeko eta eragileek aukera izan dezaten erabaki informatuagoak hartzeko. "Ikasketa metatzea. Normalean eragileen barruan ezagutza ez da sistematizatua egoten, informazio asko dago pertsonetan banatuta, batek PDF bat dauka, besteak ideia batzuk...". Helburua berbera den heinean, prozesua modu kolaboratiboagoan egitea erraztu nahi dute, entzute kanalak sortzea, elkarrekin pentsatzea.

Helburua ez da soilik analitikoa, eraldaketa ere bilatzen du. Analisia komunitateari itzuli eta elkarrekin interpretatzen aritu dira, ikusteko egun dagoena nola egokitu behar den edo zer gauza berri sortu beharko liratekeen. Etengabeko entzute prozesua dela azaldu du Larrañagak, emaitzak ikusi eta bide berriak asmatzekoa. Lehenik ingurune kontrolatu batean hasten dira ekintzak, eta funtzionatzen dutenak eskala handira pasatzea da asmoa.

Esperimentaziorako proiektuen kartera bat ere ari dira osatzen, erronka konplexuetan denetarik egiten saiatu behar dela argudiatuta. "Funtzionatzen duten proiektuak hartu behar ditugu, baina tokia egon behar da berrikuntzarako, arriskutsuagoak diren ekintzak esperimentatzeko, ikasteko bokazio batekin", dio Larrañagak.

Mahai ezberdinak osatu dituzte nork bere proiektuak azaldu eta saretzeko, eta zenbait ekintza atera dira jada, kezka konkretuei erantzunez, izan aisialdiaren esparruan, komunitate migratzaileekiko loturan edo komertzioekin dagoen harremanean. Aisialdi talde euskaltzale handi baten beharra, adibidez, esperientzia txikiak badaudelako han hemenka, baina eskalatzeko beharra ikusi da; edo euskara ikasteko aukerak ez daudela egokituta atzerritarren beharretara, izan dirua aurreratu beharra, ordutegiak, informazioa nola helarazten den, eta guraso elkarteen bidez kudeatzeko bideak saiatzen ari dira, besteak beste.

Indargune gisa azaldu du Larrañagak euskalgintza saretua dagoela, eta gogotsu, baina zailtasuna ikusten da sarea beste sektore batzuetara heltzeko.

Nori ari gara?

Kezka dago udalean, eta baita euskalgintzan ere, beti solaskide berdinak izaten dituztela. "Jende mota batzuengana iristen garela, eta beste batzuengana nahi baino gutxiago", Romeroren esanetan. Administrazio gisa biztanle guztiei erantzuna ematen saiatu behar direla ere nabarmendu du zerbitzuburuak. Larrañagak dio maiz ez garela konturatzen "norentzat ari garen, eta ea arazoaren muinari heltzen ari garen".

Gizartean dauden sinesmen eta diskurtsoak ikertzen sartu dira ALCn, sakonean dauden mezu horien bila. Profil ezberdinetan banatu dituzte topatu dituzten diskurtsoak, analisia egin eta gero lan ildoak profilen arabera banatzeko. "Ea komunitateak aldaketa nahi duen, eta nahi badu, ea nola banatu behar diren ardurak".

Profil hauek ez dira gizartearen isla estatistikoa, baina balio die ikusteko zein diskurtso mota dauden gizartean eta zer garrantzia duten aldaketari begira, izan onerako edo trabak jartzeko. Diskurtsoak, eta bizipenak, askoz lausoagoak dira berez gizartean, nahasiagoa da dena, baina profilen bidez iritziak segmentatu ditzakete, eta ikusi zer bilakaera duen bakoitzak, ekosistema bezala nori ari garen erantzuten, nor falta den eta zein inpaktu duen ekintza bakoitzak.

Denetarik dago Gasteizen. Militante euskaltzale nekatuak, etorkinengan pisu gehiegi jartzen dugula diotenak, derrigortasun gehiago nahi dutenak, zein erosotasuna defendatzen dutenak, inposaketarik gabe. Alde daudenak, kontra daudenak, edota indiferenteak direnak. ALCkoen tresnari esker, profil hauetako batzuekin hitz egin ahal izan dugu, zuzenean. Hau esan digute: 

"Borondatezkoa izatea ahulen kalterako da"
Iosu - 53 urte

Nola ikusten duzu euskararen egoera?

Egoera nahasia da. Euskara presente dago, baina erabileran ahul oraindik. Niretzat ez da nahikoa hizkuntza bat defendatzea edo maitatzea; galdera da ea benetan erabil daitekeen. Jende askok euskararen alde hitz egiten du, baina gero egunerokoan gaztelaniara jotzen du ia beti.

Zer behar da egoera hori aldatzeko?

Hitz gutxiago eta ekintza gehiago. Aspalditik ari gara asmo onez hitz egiten, baina jendea nekatuta dago. Euskaraz bizi ahal izateko aukera errealak behar dira lanean, administrazioan, osasungintzan eta zerbitzuetan. Bestela dena sinbolismoan geratzen da.

Behartzera iritsi behar da?

Nik ez nuke lehen aukera bezala jarriko, horrek kontrako erreakzioa sortzen duelako askotan. Baina ezin da dena borondatearen esku utzi, bestela hizkuntza ahulena beti galtzen ateratzen da. Zenbait neurri eta eskakizun beharrezkoak dira. Pertsonak ez dira ito behar, baina sistemak bai konprometitu. Herritarrek euskaraz artatuak izateko eskubidea badute, administrazioak hori bermatu egin behar du.

Eta euskararekiko interesik ez dutenekin?

Ez dut uste denak konbentzitu behar direnik, beti egongo da halako jendea. Baina interes falta horrek ezin du baldintzatu gainerakoen eskubidea, ezin dugu onartu pertsona horiengatik euskaraz bizi nahi duenak oztopoak aurkitzea.

"Bertakoei baino gehiago eskatzen zaigu guri"
Salma - 32 urte

Zein da zure harremana euskararekin?

Nahiko hurbila baina konplexua. Niretzat euskarak badu lotura emozional eta kultural handia, hemengo zerbait delako, baina denek ez dute abiapuntu bera, eta batzuetan presio moduan bizi daiteke. Normaltasunez presente egotea nahi dut, baina jendea epaitu gabe, eta errealitate desberdinak kontuan hartuta. Askotan hori da jendea atzera botatzen duena: lotsa edo presioa.

Nola ikusten duzu euskararen egoera?

Euskarak babes eta presentzia gehiago dauka, baina badirudi erabilera erreala ez doala erritmo berean, eta zaila da egunerokoan erabiltzeko aukera naturalak eta hurbilak izatea. 

Zer beharko zenuke zuk euskara gerturatzeko?

Nik, batez ere, lasaitasuna eta hurbiltasuna beharko nituzke. Ez sentitzea epaitua izango naizela ez dudalako maila jakin bat. Eta aukerak nire inguruan entzuteko, praktikatzeko. Askotan sentitzen dut ardura gehiegi jartzen dela migratzaileongan, eta hemen betidanik egon direnek ez dutela ardura bera hartu behar.

Gehiago eskatzen zaizue zuei?

Bai. Moldatzea, ulertzea, ez molestatzea, etengabe frogatzea egotea merezi dugula. Elkarbizitza benetakoa bada, ahalegin partekatua behar da.

Interesa duzu euskaraz ikasteko?

Bai. Niretzat ez da hizkuntza bat bakarrik; hemen benetan parte izateko modu bat ere bada. 

"Ez nago nire erosotasuna sakrifikatzeko prest"
Ander - 21 urte

Zein da zure harremana euskararekin?

Euskarak badu presentzia nire inguruan, baina nire harremana nahiko praktikoa da. Erabiltzen dut tokatzen denean eta zentzua duenean, baina ez da nire borroka. Balio behar du egunerokoan; harremanetarako edo aukerak izateko.

Nola ikusten duzu euskararen egoera?

Nik uste dut jende askok baloratzen duela euskara, baina gero eguneroko erabileran gehiago kostatzen dela. Hor dago koska. Azkenean, jendeak erosoen sentitzen den hizkuntzara jotzen du askotan, eta horrek euskarari zailtasunak sortzen dizkio.

Euskaraz egiteak esfortzua eskatzen du?

Bai, eta hori ukatzea ez da errealista. Kontzienteki egin behar duzu ahalegina, inertzia beste hizkuntza batera doalako. Nik neuk ere hori sentitzen dut. Deserosoa denean edo ingurua kontrara doanean, ez da beti erraza euskarari eustea.

Prest zaude esfortzua egiteko?

Egia esan, ez bereziki. Alde nago, baina ez nago nire egunerokoa asko baldintzatzeko prest, batez ere presioa edo exijentzia sentitzen badut. Ez da nire lehentasun nagusietako bat.

Erosotasunak du garrantzia?

Jende askori gertatzen zaio euskararen alde dagoela, baina ez dela beti prest erosotasunari uko egiteko. Euskararen presentzia handitzeko ez da nahikoa borondatea eskatzea: erabiltzea erraza, naturala eta erakargarria izatea ere behar da.

"Gehiegi fidatu gara tresna administratiboez"
Cris - 55 urte

Nola ikusten duzu euskararen egoera?

Egia esanda, uste dut askotan egoera baino irudi hobea ematen dela. Euskara inoiz baino presenteago dago hezkuntzan eta erakundeetan, baina horrek ez du esan nahi erabilera maila berean hazi denik. Jende askok badaki euskaraz, baina gero ez du erabiltzen, eta hor dago benetako arazoa.

Administrazioaren lanaz zer uste duzu?

Ahalegin handia egin da, hori ezin da ukatu. Baina nik zalantzak ditut emaitzei buruz. Baliabideak, planak eta arauak ugaritu dira, baina erabilera ez da berdin indartu. Askotan errazagoa da presentzia instituzionala handitzea jendearen hizkuntza ohiturak aldatzea baino.

Zergatik uste duzu gertatu dela hori?

Gehiegi fidatu gara tresna administratiboez. Dokumentu gehiago euskaraz egoteak edo hizkuntza eskakizunak ezartzeak ez du berez hizkuntza bat biziberritzen. Batzuetan badirudi adierazle formalak hobetu direla, baina kaleko errealitatea konplexuagoa dela.

Derrigortasunak kezkatzen zaitu?

Bai. Ez dut esaten eskakizunak berez txarrak direnik, baina zenbait herritarrek inposizio moduan bizi izan dituzte. Horrek nekea edo erresistentzia sortzen du batzuetan. Hizkuntza politika batek ez du arauetan bakarrik oinarritu behar; atxikimendua eta onarpen soziala ere sortu behar ditu. Autokritika egin beharra dago.

"Bakoitzak erabaki dezala, ez da inposatu behar"
Carmen - 64 urte

Zein da zure harremana euskararekin?

Niretzat euskarak lotura handia du etxearekin, gertukoekin eta hemen bizitzeko modu batekin. Ez dut beti gauza bera sentitu edo bizi izan harekin, baina barruan badago errespetu handia.

Diozu euskara ez dela inposatu behar.

Bakoitzaren erabakia izan beharko luke zer hizkuntzatan hitz egin, ez da inposatu behar. Ez dut esan nahi euskarak ez duenik babes berezirik behar. Badakit euskara ahulago dagoela leku askotan, eta hori merkatuaren, ohituren edo erosotasunaren esku bakarrik uzten bada, atzera ere egin dezakeela. Baina nire kezka da hizkuntza erabiltzea ezin dela benetako lotura bihurtu derrigortasun hutsetik; jendeak sentitu behar du berea dela, ez gainetik ezarria.

Euskara inposatzen dela uste duzu?

Batzuetan bai, hala senti daiteke. Ez nuke esango arazoa euskara sustatzea denik; arazoa da nola egiten den. Babestea eta bultzatzea beharrezkoa da, baina ez litzateke bizi behar zigor moduan edo ateak ixteko modu gisa.

Zer da gehien kezkatzen zaituena?

Niretzat gehiegizkoa da eguneroko errealitatea kontuan hartu gabe egitea: pertsona bati bere lana, arreta edo parte hartzea zailtzea, benetako trantsiziorik edo laguntzarik gabe. Hor sortzen da erresumina. Euskara zaindu behar da, bai, baina jendea aurrez aurre jarri gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago