"Dantzan irakatsi beharrean, dantzak irakasten dira, baina oso ezberdina da kozinatzen ikastea edo errezetak buruz jakitea. Dantza taldeetan errezetak irakasten dira, ez da sukaldatzen irakasten". Sabin Bikandi Aiko taldeko musika eta dantza irakaslearen erronka da dantzaren sozializazioa, eta "dantzategia" zabalduko du urrian Gasteizen. "Dantza hizkuntza bat da, eta hizkuntza galduta dagoenez dantzategira joan beharko dugu", esan du Bikandik.
Gasteizko Armentia ikastolan izango dira Aiko taldeak Bikandiren gidaritzapean eskainiko dituen dantza saioak, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Astearteetan arratsaldez egingo dituzte, eta bi maila ezarri dira. Nolanahi ere, urrian lasai asko hurbildu ahalko dira dantzazaleak doan probatzera, eta hortik aurrera animatzen denak ekaina arteko matrikula ordaindu beharko du. Gainera, hilean behin erromeri bat egiteko asmoa dute, ikasitakoari zentzu bat eman eta lagun artean praktikatzeko.
Dantzatzeko ohitura
Ibilbide luzeko taldea da Aiko. Duela hogei urte inguru elkartu ziren eskarmentu handiko musikari eta dantzari profesionalak, tradizioaren inguruan hausnartzeko eta ekimen berriak abiatzeko asmoz. Taldeak plazetako eta erromerietako musikan oinarritutako errepertorio propioa garatu du: fandangoak, jauziak, mazurkak, jotak, polkak edo baltsak, beti dantzatzeko pentsatutako musikarekin.
Gasteizen antolatu duten ikastaroaren helburua da jendea dantzan jartzea. "Gure xede nagusia ez da ikuskizunak agertokian eskaintzea, jendeak dantza egitea, musikarekin bat egitea, gozatzea eta dantzatzeko ohitura soziala berreskuratzea baizik", azaldu du Bikandik.
"Dantza hizkuntza bat da, eta hizkuntza galduta dagoenez dantzategira joan beharko dugu"
"Gure hitz gabeko hizkuntza da dantza eta gustatuko litzaiguke hori transmititzea", gaineratu du irakasleak. Metodologia dantzaren egiturak ulertzean, erritmoa markatzean eta musika entzutean oinarritzen da, "jendeak askatasunez dantza egin dezan". Horrek ahalegin bat eskatzen duela esan du.
Gainera, euskaldunen arteko komunitatea sendotzeko tresna garrantzitsu gisa bezala aldarrikatu du dantza.
Bikandiren irudikoz, gaur egungo dantza taldeen sistema "akademizistegian" dantza ikuskizun hutsa bihurtu da, eta funtzio soziala galdu du; eta gaur egun dantzari izatea dantza talde bateko kide izatearekin lotzen dela dio, orokorrean dantzan egitea gustuko duen pertsona –dantzazalea– albo batera utzita.
"Dantza umetu egin dugu, umeak bidaltzen ditugu dantzara. Herrietan egoten gara plaza batean jotzen, gurasoak terrazetan daude gintonic-arekin, eta umeak dantzara bidaltzen dituzte. Euskararekin berdina gertatzen da, umea D eredura edo ikastolara bidaltzen dugu, baina etxean gaztelaniaz hitz egiten dugu".
Halaber, musika eta dantzaren arteko lotura berreskuratzeko beharraz mintzatu da Bikandi. Gaur egun musikarien eta dantzarien artean banaketa dagoela dio, bide paraleloak egiten dituztela, musikariek gutxi dakitela dantzaz, eta dantzariek musikaz. "Euskal Herriko tradizioan, ordea, bi alderdiak erabat lotuta zeuden eta musikari asko dantzariak ere izaten ziren".