Aldundiko egoitza batean 2024an hil zen adingabearen auzia artxibatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

2026ko txostena aurkeztu du EAEko Fiskaltzak. ALEA

Epaileak ikerketa fasea luzatzeko eskaerari berandu erantzun zion, eta behin-behinean artxibatu da auzia, "egile ezezaguna izateagatik".

Adin txikikoak bilakatzen ari dira Arabako epaitegien atzerapenen eta kudeaketa arazoen lehen biktima. Arabako Foru Aldundiaren egoitza batean 2024an hil zen adingabe baten heriotzaren auziak Gasteizko epaitegietan jarraitu duen ibilbideari begiratu besterik ez dago. EAEko Fiskaltzak argitaratu berri duen 2026ko memoriak jaso duenez, heriotza horren auzia behin-behinean artxibatu dute, epaileak ez duelako garaiz eman ikerketa luzatzeko agindua. 

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak aurretiazko eginbideak ireki zituen Arabako foru egoitza batean, 2024ko irailean, desgaitasun handia zuen adingabe baten heriotzagatik. Fiskaltzak orduan adierazi zuenenez, heriotza "ziurrenik euste neurri baten erabilera desegokiak eragin zuen".

Gasteizko zenbait epaitegitan "justifikaziorik ez duen atzerapen handia" dago

Auzia aurrera joan ahala ikerketa epea luzatzeko eskatu zuen fiskalak, baina epaileak ez zuen luzapena garaiz dekretatu eta prozeduraren epea igaro zen. 2025eko urriaren 24ko autoaren bidez behin-behineko artxiboa ebatzi zen, "egile ezezaguna izateagatik".

Atzerapenen albo kalteak

Adingabeen arloan eskumenak dituzten epaitegien eta administrazio publikoen jarduera aztertu du Fiskaltzaren memoriak, besteak beste, eta hainbat hutsune antzeman ditu. Arabako Foru Aldundiari dagokionez, 2025ean egoera zuzentzeko "ahaleginak" egin dituela aitortu du Fiskaltzak, baina adin txikikoak artatzeko duen baliabide falta berretsi du. 

Arazoa bereziki larria da inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileen kasuan, lehen harrerako zentroak gainezka egin duelako 2025ean, eta, horren ondorioz, erakunde publikoak "salbuespen egoeraren eskaera" egin behar izan duelako.

Bestalde, Fiskaltzak azpimarratu du Aldundiak egoitza baliabiderik ez duela jokabide arazo larriak dituzten nerabeentzat, eta beste autonomia erkidego batzuetako baliabideak erabiltzen dituela beharrezko kasuetan. "Erakundeari jakinarazi zaio baliabide bat sortu behar dela, erabiltzaileen deserrotzea eta familiengandik urruntzea saihesteko". 

Zenbait epaitegitan, berriz, "justifikaziorik ez duen atzerapen handia" dagoela esan du Fiskaltzak, eta kalte zuzena eragiten duela "adingabeen babesean zein beren familia ingurunean". Besteak beste azpimarratu du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Gasteizko Epaitegiko auzi zibilen izapidetzeetan "urtebeteko atzerapena" dagoela adingabeen babes neurriak ebazteko. 

Halaber, txosten teknikoak berandu jasotzen direla nabarmendu du: "Talde Tekniko Psikosozialaren zein Klinika Mediku Forentsearen txostenak igortzeko epeak sei hilabeteraino luzatzen ari dira Araban", adierazi du.

Adingabeen delitu arinei buruzko Udaltzaingoaren nahiz Ertzaintzaren atestatuak ere berandu jasotzen dituztela esan du Fiskaltzak, eta ondorioz auzien %10 preskribatuta iristen direla. "Adingabeengan inpunitate sentsazioa sortzen da", azpimarratu dute fiskalek.

Sexu eraso bat ia egunero

Beste alde batetik, delituen bilakaerari erreparatu dio memoriak, eta hamasei urtetik beherakoen aurka egindako sexu erasoen gorakada larriaz ohartarazi du Fiskaltzak. "Adingabeek helduen jokabideak kopiatzen dituzte, eta beren jardueraren zati handi bat sare sozialetan gauzatzen dute, bizitza errealean baino. Pornografia asko kontsumitzen dutela ikus daiteke. Ez da bestela ulertzen sexu erasoen delituengatik hasitako espediente asko", adierazi dute.

275 sexu eraso gertatu dira Araban 2025ean. Iaz baino %24,4 gehiago

Zehazki, hamasei urtetik beherakoen aurka egindako sexu erasoei dagokienez, 2024an baino salaketa gehiago jaso dira nabarmen (2024an 8 salaketa eta 2025ean, berriz, 61 salaketa). Gainera, hamasei urtetik beherakoen aurkako bortxaketak %40 igo dira (10 bortxaketatik 14ra). 

Salaketa guztiak kontuan hartuta, guztira 275 sexu eraso gertatu dira herrialdean, alegia, eraso bat 1,3 eguneko. Iazko datuekin alderatuta, gainera, %24,4 igo dira sexu erasoak (2024an 172 izatetik 2025ean 214 izatera).

Sexu askatasunarekin lotutako delituek orokorrean gora egin dute Arabako epaitegietako balantzean. Guztira, sexu askatasuna urratzearekin lotutako 328 salaketa jaso dira, iaz baino %10,44 salaketa gehiago jaso dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago