"Bizitza salbatu dit pianoak, barruan neramana ateratzeko instrumentu onenak"

Anakoz Amenabar

Gasteizko Dazz klubean kontzertua eskainiko du ostegunean, hilaren 17an. RONNIE LYNN PATTERSON

Musika, jakinmina eta Euskal Herriarekiko maitasuna elkarrekin josi ditu Ronnie Lynn Patterson pianista estatubatuarrak. Gaztetako zailtasunak eta osasun arazoak atzean utzi ostean, pianoari esker bizitzari berriz heltzea lortu zuela aitortu du Parisetik. Gasteizen ostegunean eskainiko duen kontzertuaren atarian, haren musika ibilbideaz hitz egin du ALEArekin.

Gasteizko jazzaleentzat erreferentzia den Dazz klubak denboraldi berriari ekingo dio ostegunean, hilaren 17an, 20:00etan. Ronnie Lynn Patterson (Wichita, Kansas, AEB, 1958) pianistak emango dio hasiera, Michel Zenino kontrabaxuak lagunduta. Beste sorpresa batzuen artean, Chick Corea, Thelonious Monk eta Sonny Rollins musikariei "omenaldi txikia" egingo dietela azaldu du Pattersonek.  

Lehendabiziko aldia izango al da zuretzat Dazzen?

Bai, Dazz kluba ez dut ezagutzen, eta ilusioz noa. Gasteiz, ordea, zerbait ezagutzen dut. Jazzaldiko zuzendari izan zenak, Iñaki Añuak, gonbidatu ninduen bere garaian. Falerina lorategian jo genuen, 2007an; pentsa zenbat urte pasa diren. Gogorra da denbora nola pasa den ikustea! Ia 70 urte dauzkat. Tira, ez nago horren gaizki, kar-kar... Añua kariñoz gogoratzen dut, jaialdia eta gero harremana mantendu genuen, eta tarteka elkarri deitzen genion. 

Harreman estua duzu Euskal Herriarekin, ezta?

Bai, askotan etorri naiz, urtero pare bat aldiz bai, emanaldi desberdinetara, eta lagun gutxi batzuk egin ditut bidean, nahiz eta harremanetan jarraitzea zaila den. Beharbada horietakoren bat ikusiko dut osteguneko kontzertuan: Arantxa eta Jose Miguel, Kike Amonarriz...

Gogoratzen duzu Euskal Herrian izan zinen lehenengo aldia?

Iparraldean izan zen. Berehala maitemindu nintzen Euskal Herriarekin, eta oraindik maiteminduta jarraitzen dut. Bertako historiak, jendeak... biziki erakartzen nau. 2001eko Errobi festibala izan zen lehendabiziko hitzordua, Beñat Axiariren eskutik.

Eta euskara ere ikasi duzu.

Urteotan hainbat kontzertu eskaini ditut Iparraldean, tartean Mixel Etxekoparrek antolatutako Xirut festibalean, eta euskararekiko interesa hortxe piztu zitzaidan, poliki-poliki. Etxekopar familiak nirekin euskaraz hitz egiten zuen beti, nahiz eta nik hitz bat ere ez jakin. Hasieran ez nuen ulertzen zergatik egiten zuten nirekin euskaraz, baina gerora jabetu nintzen beraien kultura nirekin partekatzeko modua zela, eta bihotzez eskerrak eman behar dizkiet. Euskal Herriaren oihua liburua ere oparitu zidaten, eta poliki mundu horretan barneratzen joan nintzen. Horren ondorioz, Bakarka metodoarekin hasi nintzen euskara ikasten, neure kabuz. Bost liburuxkak egin nituen! Lan oso gogorra izan zen, egia esan, eta oraindik ikasten jarraitzen dut, gutxinaka-gutxinaka, nahiz eta niretzat praktikatzea oso zaila den Parisen. Horregatik, noizean behin, Euskal Herrira joan behar dut. Oraindik hobetu beharra daukat. Tira, jakinmina beti izan dut, musika eta hizkuntzak asko gustatu izan zaizkit, eta beste hizkuntza batzuk ere ikasi ditut: frantsesa, gaztelania, italiera, txinera... Eta oraindik ere jakinmin horrekin jarraitzen dut, gehiago ikasi eta sakontzeko gogoz.

"Neure kabuz hasi nintzen euskara ikasten 'Bakarka' metodoarekin; Euskal Herria maite dut eta azken urteak han eman nahiko nituzke"

Ostean etorri zen 'The Gernika Suit' lana?

Beñat Axiarik kontatu zidan Gernikako bonbardaketaren historia. Egia esan, ez nuen ezagutzen, eta emanaldi baten ostean, haren lagun batekin elkartu ginen, mahaiaren bueltan eta patxaran gozo batekin. Euskal Herriko historia latza kontatu zidan. Zeharo hunkitu ninduen. Gernikakoak nolabait Alabamako afroamerikarrek bizitako egoera latza ekarri zidan gogora, nahiz eta beste modu bateko gertakaria izan zen. Handik sortu zen pieza hura sortzeko asmoa, eta hala izan zen Didier Lasarrerekin batera. Bide batez, gogoratu behar dut laster Gernikan izango naizela; Kult Parnasoan kontzertua eskainiko dugu urri hasieran. Egia esan behar badizut, Euskal Herria maite dut, eta nire azkeneko urteak agian hantxe eman nahiko nituzke, edozein txokotan. Leku ederra iruditzen zait amaitzeko.

Aurretik, Espainian izan zinen?

Bai, nerabezaroa han igaro nuen. Aita medikua zen, eta zortzi urtez Torrejon de Ardozeko base militarrera bidali zuten. Gu Alcala de Henaresen bizi izan ginen urte horietan. Espainian egin nituen urte haiek izan ziren ziurrenik gaur Europan egotearen arrazoi nagusia, zerbait piztu zen orduan. Horrek beste ate batzuk ireki zizkidan, eta mundu berri bat deskubritu nuen. Handik AEBetara bueltatu ginen, eta aldaketa berriz ere gogorra izan zen. Sei anai-arreba artean ni bigarrena nintzen, lan gehiegi zen etxean gurasoentzat, eta birramonak zaintzen ninduen ni...

Zerk eraman zintuen Parisera?

Jakinminak, ziurrenik. Herrialde eta kultura desberdinak deskubritzeko gogoak. Duela 35 bat urte heldu nintzen Parisera lan bila, eta bertan ezkondu nintzen. Jazz erreferente handia zen Paris Europan garai hartan, musikari ugari biltzen zituen, eta nik esperientzia hori bizi nahi nuen. Pozik heldu nintzen, zoriontsu. Etorkizuna argitsu ikusten nuen, itxaropentsu, dena eraikitzeko zegoen. Gogoan dut lehenengo kontzertua Steve Potts saxofonista amerikarrarekin egin nuela, Le Duc Des Lombards jazz klubean. Orduan, AEBetako komunitate txiki bat elkartzen ginen; badakizu, zurea ez den herrialde batean, herrimina... Hurrengo urteetan musika irakasle lanak egin nituen nire etxean, ingeles eskolak ere eman nituen, eta gaur egun oraindik baditut ikasle batzuk.

Pozik izan zara Parisen?

Alderdi batzuekin pozik nago, eta beste batzuekin ez. Lan aldetik, musika industriak ematen duen ospea edo karrera handirik ez dut lortu Frantzian, baina kolaborazio batzuk egiten hasi nintzen, eta Archie Shepp moduko saxofoilari ospetsuak ezagutu eta haiekin jotzeko aukera izan dut. Hori sekulako aukera izan da niretzat. Pertsona batzuek asko lagundu didate bidean. Baina belaunaldi horiek zoritxarrez desagertzen joan dira, taldeak utzi dituzte eta kolaboraziorik gabe geratu naiz, lanik gabe. Alde horretatik, triste nago. Parisen ia ez dut lanik, Iparralde eta beste leku batzuetan izaten ditut emanaldi gehiago. Agian belaunaldi gazteek dute lehentasuna orain, gazte ugari dago sektorean eta lehia handia... Halere, urte hauetan ikasitakoarekin geratzen naiz, badaude unibertsitatean irakasten ez diren gauza batzuk, noski baietz, eta nirekin jo duen jendeak asko irakatsi dit. Nire ikasleei ere jakintza eta esperientzia hori transmititzen saiatzen naiz.

 

Jazz munduan erreferente izan direnei omenaldi txiki bat egin nahi die Pattersonek. RONNIE LYNN PATTERSON 

Nolakoa da Frantziako jazz giroa?  

Frantsesak oso goxoak dira orokorrean, baina esango nuke hotz samarrak direla jazz giroan. Hori ulertezina egiten zait, jazz musika alaia, baikorra eta eskuzabala delako; agian euren izaerak edo bizi baldintzek egiten dute triste eta ilun giro hori, baliteke. Bizi diren hiri zoragarri eta ederraren aldean, paradoxa dirudi jazz giroak. Askotan gogorik ere ez dut izaten gerturatzeko. 

Jazza bera aldatu al da?

Esango nuke lehen herritarragoa zela, izaera hori galdu duela. Gaur egun, sektore batena dela ikusten dut. Zer da, ordea, jazza guretzat? Suposatzen da askatasuna eta berdintasuna ordezkatzen dituen musika dela, baina gaur egun ez da horrela. Nik, behintzat, hala ikusten dut.

Zer da pianoa zuretzat?

Ezinbesteko instrumentua. Bizitza salbatu zidan pianoak, eta nire adinarekin lotsa gutxi dudanez, argi esaten dizut. Zenbait gaixotasun izan nituen gaztetan, eta dislexia, ia 40 urtera arte hitz-totela, oraindik ere arrastoren bat geratzen zait... Gurasoak konturatu ziren ezin nuela ondo irakurri, eta oso urte gogorrak izan ziren, garai hartan ez baitzen ulertzen horrelakorik. Aldiz, belarri bikaina nuen, musikarako perfektua. Horregatik, musikak bizitza salbatu zidan. Haurra nintzela danbor-kaxa bat oparitu zidaten, eta hamalau urterekin Mississippi State Symphony orkestran lehen saria irabazi nuen. Zoragarria izan zen. Musikarekin jarraitu nuen, neure kabuz ikasten. Eta 21 urterekin pianoa deskubritu nuen. Barruan neramana ateratzeko instrumentu onena izan da pianoa, sentimenduak askatzeko modurik onena. Musika eskolarik ez dut izan, autodidakta izan naiz, baina ezagunen laguntza izan dut. Pianoa jo eta ikasten jarraitu nuen, hainbat lan egin nituen bitartean, zabor bilketan edo platerak garbitzen...

"35 urte daramatzat Parisen, baina zoritxarrez belaunaldi zaharrak desagertzen joan dira eta lanik gabe geratu naiz"

Zeintzuk izan ziren lehenengo erreferenteak musikarien artean?

Gurasoak igandero joaten ziren mezatara, han gospela abesten zuten, eta ziurrenik familiako lehengo musika erreferenteak horiek izan ziren, musika beltzean nagusi zirenak: Mahalia Jackson, Edwin Hawkins... Eta ondoren etorri dira Chick Corea, Herbie Hancock eta beste batzuk. Euskal Herrian ere musikari oso onak daude, Iñaki Salvador edo Iñigo Ruiz de Gordejuela, esate baterako, eta Menorcako Marco Mezquida ere bikaina da. Osteguneko kontzertuan nire erreferente diren batzuei omenaldi txiki bat egin nahiko nieke, eta abestu ere egingo dut zertxobait. Nirekin batera Michel Zenino izango da kontrabaxuan, hainbat saiotako laguna; Marie-Helene Gastinel bateria-jotzailea ere gurekin izatekoa zen, baina ezingo du azkenean. Ez dut gehiago kontatuko, sorpresa izatea nahi dut! 

Gaur egun AEBetara begiratzean, zer sentitzen duzu?

Tarteka bueltatzen naiz AEBetara. Anai-arrebak hantxe ditut, estatu desberdinetan banatuta. Eta egoera den modukoa izanda ere, pertsona oso baikorra naiz, beti izan naiz horrelakoa, nahiz pena handiak pasa ditudan eta aldaketa sakonak ezagutu. Demokrata erraldoitzat daukat nire burua, esan dezagun ia komunista. Ez naiz politikan asko parte hartzen dutenetakoa, baina argi daukat zein den nire ideologia: askatasuna eta berdintasuna. Ardatz horiekin edonora noa, eta edonon defendatzen ditut, herrialde desberdinetako jendearekin. Ezinbestekoak dira horiek niretzat. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago