Rene Behoteguy Chavezek (La Paz, Bolivia, 1976) errealismo magikoa eta kontzientzia soziala uztartuz idatzi du Aunque el cielo esté roto, bere lehen ipuin liburua. Boliviatik Euskal Herrira, Kanarietatik Palestinara, ezagutu dituen lagunetatik pertsonaia historikoetara.
Zer kontatu nahi izan duzu liburu honekin?
Bizitzan zehar leku ezberdinetan bizi izan naiz, baita bidaiatu ere, eta istorioak pilatzen joan naiz buruan, jendearenak, lekuenak… horiek bildu nahi izan ditut. Ipuinak idazten hasi nintzen, batzuk Boliviari buruzkoak, nire jaioterriari buruz, eta beste batzuk nire bi harrera-aberriei buruzkoak, Kanariak eta Euskal Herria. Liburua oso lotua dago, beraz, nire ibilbideari, baina ez dira nire bizitzari buruzko ipuinak.
'Amor con Muerte' eleberriaren ostean, orain ipuin liburua?
Istorio asko nituen kontatzeko eta ez zegoen modurik istorio bakarrean lotzeko. Hobe zen narrazio txikiak izatea, bakoitza eduki eta eszenatoki ezberdinekin. Zaila zen bestela lotzea. Andre Maria Zuriaren jaietako bi gazteren istorioa eta Amazoniako oihanean jaguar bilakatzen den mutil baten istorioa, biak eleberri berean sartzea… entsalada izugarria litzateke. Hobe zeuden banatuta. Baina badituzte bi elementu partekatu. Batetik, agian Latinoamerikako ukituagatik edo, errealismo magikoz bustita daude, eta bestalde, nire izaerarekin lotuta, konpromiso politiko eta soziala dago istorio guztietan.
Zergatik hautatu duzu errealismo magikoa? Zer ematen dizu idazle gisa tresna horrek?
"Saiatu behar da nostalgia osasuntsua edukitzen, ez zaituena iraganera lotuta paralizatzen"
Kontua da Abya Yalan errealismo magikoa oso barruan daukagula. Adibidez, badago istorio bat txorien hizkuntza hitz egiten duen emakume batena. Hori komunitate kitxua batetik dator, behin han nengoela ni, esan zuten euria egingo zuela. Eta nik galdetu nien: "Euria nolatan? Zerua garbi-garbi dago eta!". Emakumeak erantzun zidan, "baina ez zara ari entzuten txoriek diotena?". Eguneroko kontua dira halakoak Latinoamerikan, errealitateak kutsu magikoa izaten duela, arrazionalitatetik harago. Ni naizenaren parte ere bada hori. Ez da magia sartu nahi izan diedala ipuinei; kendu nahi izan banu ere, ezingo nuke.
Kutsu politiko argia ere badute ipuinek. Gai politikotik abiatzen duzu istorioa, edo beste elementu bat hartu eta gero sartzen da?
Ipuinaren arabera. Liburuko lehen ipuinean, adibidez, nik nahi nuen hitz egin etxegabetzeen gaiaz; kontatzeko beharra nuen eta modu literarioa bilatu dut gaia lantzeko. Edo, adibidez, betebehar etikoa iruditu zait garaiotan Palestinaz hitz egitea. Politikotik hasten da, eta horren gainean eraiki ondoren. Beste kasu batzuetan, txoriekin hitz egitearen errealismo magiko horretan, istoriotik abiatzen da eta bat-batean amaitu Latinoamerikako diktaduretan izandako nekazarien masakre batean. Beste batzuek lotura dute ni liluratzen nauten pertsonaia historikoekin. Eta ni liluratzen naute kutsu politikoa dutelako, ezkerrekoa, iraultzailea, ni halakoa naizelako, eta hori nahigabean sartzen da ipuin guztietan.
Mezu orokorren bat dago ipuin guztien artean?
Etsipen handiko garaiak bizitzen ari gara; faxismoa eta arrazakeriaren igoera, aurpegi berri batekin, eta liberalismo basatiarekin nahastuta gainera, ezkerreko mugimenduen gainbehera Latinoamerikan… dena zatika erortzen ari dela dirudi. Horregatik deitzen da liburua Aunque el cielo esté roto. Halako garaietan ere badagoelako lekua itxaropenerako, borrokarako, erresistentziarako.
Zer eman dizu zuri migratzeak, Kanarietara eta gero Euskal Herrira?
Gauza asko. Hasteko, Kanariak eta Euskal Herria kultura anitzeko lurrak dira, askotariko jendea dago. Nik gehiago ezagutu dut, adibidez, Kolonbia hemengo esperientziengatik, Bolivian bizitzeagatik baino. Bestalde, erresistentzia lurraldeak ere badira, eta saiatu naiz hori irudikatzen ipuinetan. Hemengo borroka, berdintasunagatik, justiziagatik, identitatea eta autodeterminaziorako eskubideagatik… niretzako oinarrizkoa da eta horrek lotzen nau ni ere lur hauekin. Hau ezagutzeak lagundu dit ulertzen, praktikan, zer den internazionlismoa. Zauden lekuan zaudela, borroka berdina da.

Ez da liburu autobiografikoa, baina zure ibilbidea jarraitzen du.
Bai. Eta pertsonaia batzuk nik benetan ezagutu ditut. Kanarietako ipuin bat dago, El negro de la barra izenekoa, eta hor agertzen da pertsona bat, Jesus eta Bob Marleyren arteko nahasketa modukoa den senegaldar bat Las Palmaseko portuan. Halako pertsonak ezagutu ditut nik, nahiz eta gero exajeratuta dauden. Kanarietako nire lagun migratzaileei egindako omenaldia da ia. Eta badaude zuzenean pertsonaia historikoak direnak ere. Frantzisko Xabier Mina, esaterako, nafar euskaldun bat, Mexikoko independentziaren aldeko borrokan hil zena. Liluratu egiten naute halakoek, eta horregatik idatzi ditut.
Migrazio eta internazionalismo kontuetan aktibo ere ibili zara hemen.
Bai, Askapenan eta Tinkuy migratzaileen kolektiboan. Borroka horren parte dira, azken finean. Mundua aldatzen saiatu behar dugu; bost segunduro pertsona bat gosez hiltzen den mundua ez dago ondo, hori argi dago. Idaztea ere bada borroka modu bat, hitzak lubaki gisa erabiltzea.
Esan duzu liburu itxaropentsua egiten saiatu zarela?
Bai. Norbaitek galdetu zidan ea nire ipuin guztiak tristeak ziren. Eta nik baietz, gehienak badira tristeak. Baina badute itxaropen puntu hori, erresistentzian oinarrituta. Herrien erresistentziak, pertsonen erresistentziak ematen digu itxaropena. Pesimismoa kontrairaultzailea da guztiz, sinistu behar dugu mundua aldatu daitekeela, bestela ezin izango dugu aldatu. Ez dut hala erabaki, ni halakoa naiz eta hala atera dira ipuinak.
Nostalgia ere badute ipuinek. Tresna ona da idazle gisa edo tranpa bat izan daiteke?
"Ipuin gehienak tristeak dira, baina itxaropen puntu bat dute guztiek, erresistentziarena"
Nostalgiaz beteak daude bai. Juan Gelman idazle argentinarrak esaten zuen norbere aberri bakarra haurtzaroa dela. Itzuli ezin zaitezkeen aberri hori. Azken finean, bizitza nostalgia da, eta halakoak dira ipuinok ere. Itzuliko ez diren lekuak eta momentuak faltan botatzetik ere badatoz. Ni itzuli naiteke Boliviara, baina han topatuko dudana ez da izango nik bizi izan nuen Bolivia, hura ez da berdina eta ni ere ez naiz. Nostalgia osasuntsua edukitzen saiatu behar da, ez zaituena iraganera iltzatuko eta paralizatuko.
Nola ikusten duzu Bolivia orain distantziatik?
Oso gaizki. Oso gogorra da gertatzen ari dena. Ezkerraren porrot katastrofikoa ezkerraren barruko kontraesan eta borrokek ekarri dute, hein batean. Eskuin neoliberala itzuli da, Estatu Batuetatik agindutako programa jarraituz, eta berriro ustelkeria kasuak, indarkeria, arrazakeria… ez nuen uste posible zenik halako atzerapausorik egitea, baina gertatu da. Eta ez soilik inperialismoaren eta eskuinaren erruz, gu ere interpelatzen gaitu, ez dugulako jakin bestela egiten. Porrot historikoa izan dugu, berriz osatu behar dugu eta borrokan segi. Baina oso gogorra da Bolivian eta Abya Yala osoan gertatzen ari dena.
Gasteizko Txosnak agertzen dira ipuin batean, baita Gaza ere... nola nahasten dira ipuinetan errealitatea eta fikzioa?
Uste dut oso zaila dela guztiz fikziozkoa den zerbait idaztea, errealitatearekin batere loturarik gabe. Errealitatearen gainean idazten baita fikzioa; gero istorioa asmatuko duzu, baina oinarria badago. Eta oinarri hori, borrokarena, aldarrikapenena, txosnetako gatazkak, migrazioaren tentsioak, hori egon badago. Elementu horiek nola nahastu eta fikzio bihurtu, hor sartu da nire jokoa. Umore pixka batekin, desatseginak ez izateko, baina agian apur bat deserosoak bai.
Aurkibidea ere egin diozu liburuari, nabigatzen laguntzeko.
Bai. Nirekin batera bidaiatzeko gonbidapen bat da, azken finean. Uste dut bidaia interesgarria dela, memoria eta historian zehar, eta ipuin hauek izan daitezke aitzakia polita horretarako.