Bernedoko udalekuen inguruko ikerketari lotuta, astelehen honetan Gasteizko 3. Instrukzio epaitegian izan dira Euskal Udalekuetako hamabost kide. Halere, Euskal Udalekuetako kideek jakinarazi dute ez dutela deklarazioen zein prozesuaren berri emango, "adin txikikoen eskubideak babesteko".
Dutxa mistoen harira aurkeztu diren salaketek bi bide jarraitu dituzte: administratiboa eta zigor arlokoa. Euskal Udalekuetako arduradunek azaldu dutenez, Sarrea elkarteari udalekuak antolatzeko debekua jarri zion Arabako Foru Aldundiak, baina epaileak debeku hori kendu zuen. Hain zuzen, ekainaren 4an irmoa egin zen zigorraren "neurrigabetasuna", eta ekainaren 25ean, epaileak bertan behera utzi zuen Sarrearen inhabilitazioa.
"Filtrazioak"
Zigor arloko auzia, berriz, ikerketa fasean dago. Euskal Udalekutako kideek azaldu dutenez, ez dute prozesuari buruzko berririk izan irailera arte, eta salatu dute hainbat datu filtratu direla. "Uztailean Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak Ser irratian bide penala abian zela jakinarazi zuen, begiraleek irailean deklaratu beharko zutela azpimarratuz. Beranduago, irailaren 7an, El Español aldizkariak datuak filtratu eta publiko egin zituen".
Euskal Udalekutako kideek behin baino gehiagotan aipatu dute haiek direla prozesuari buruzko informazioa eskuratzen lehen interesatuak, "beharrezkoak diren neurriak hartu ahal izateko".
Dena dela, Euskal Udalekuetako kideek azpimarratu dute ez dutela prozesuari buruzko deklaraziorik egingo momentuz, "jakinda adin txikikoak daudela tartean eta erantzukizunez eta konfidentzialtasunez" jokatu nahi dutelako.
Zigor auzian alde batetik daude zenbait gurasok jarritako salaketak, eta bestetik, hauei batu zaizkien elkarte eta eragile politikoek jarritakoak (Vox, Abogados Cristianos, Hazte Oir). Izan ere, hainbat mediok argitaratu dutenez, Abogados Cristianos fundazio ultrakatolikoak jakinarazi du hiru urte arteko espetxe zigorra eskatuko duela ikertutako 15 pertsonen aurka, "exhibizionismo eta adingabeen derrigortze delituak" leporatuta.