Odei Egia

"Gazteak kafearen mundura erakartzea da orain erronka"

Anakoz Amenabar

Cafes Eguia kafe dendako sare sozialak kudeatzen ditu Odeik. A. AMENABAR

Ospakizunetan dira Gasteizko Cafes Eguia kafe dendan, familia enpresak 130 urte bete baititu. Belaunaldi berriek tradizioari eusteko eta marka garai berrietara egokitzeko konpromisoa hartu dute. Odei Egiak (Gasteiz, 2005), familiako gazteenak, negozioaren jatorria, mugarriak eta etorkizuneko erronkak gogoratu ditu ALEArekin.

Nola hasi zen Cafes Eguiaren abentura?

Tolosan hasi zuten nire birramona-birraitonek, ultramarinos denda batekin, 1896an. Denetik pixka bat saltzen zuten han: nekazarientzat haziak, olioa, kandelak... Gero kafearekin hasi ziren, dendan bertan txigortzen zutena. Birraitonak hiriz aldatzeko asmoa zuen, eta Gasteizen saiatu ziren. Denda hau bera aurkitu zuten, Dato kaleko 7.enean, eta buru-belarri jarri ziren kafearekin, 1936an, gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago. Alde batetik, hasiera nahasia izan zuten, gerrako bonba bat ere gertu erori zitzaiolako eta fatxada berreraiki behar izan zutelako. Baina, beste alde batetik, kafearekin ezagun egiten hasi zen birraitona, besteak beste, San Prudentzio kaleko pilotalekuan egin zuten kafe dastaketa batean lehen saria irabazi zuelako.  

Nola jarraitu zuen negozioak ondorengo urteetan? 

Birraitona oso gazte hil zen eta birramona geratu zen denda kudeatzen, bera bakarrik kafea txigortu eta saltzen. Aitona ere oso gazte sartu zen lanean, eta bizitza osoa eman du bertan. Egiari zor, berari eman behar dizkiogu eskerrak Cafes Eguiak hirian duen izenagatik. Denda txiki honetatik hasi zen hiriko taberna eta kafetegi guztiei kafea banatzen, eta denborarekin Gamarran lantegi txiki bat hartu zuen txigortze prozesua errazteko. Urteekin, ama eta osaba ere ibili dira negoziotik gertu; eta aitonak erretiroa hartu zuenetik, ama da nagusia. 

Zure kasuan, nola erabaki zenuen enpresan sartzea? 

Bizitza osoan bizi izan dut negozio hau bertatik bertara, baina ez nuen lehen aukera gisa. Azkenik, marketina ikastea erabaki nuen, eta amari laguntzen hasi nintzen ahal nuen guztian. Aurten ikasketak amaitu ditut eta pixkat gehiago sartu naiz. Egia esan, asko gustatzen zait familia negozioa. Gaur egun, nire lana sare sozialak kudeatzea da, kanpainak, online denda... Jendea denda fisikora edo onlinera erakartzeko edukia sortzea da nire ardura. Gure betiko bezeroek hor jarraitzen dute, leialak dira. Gazteak kafearen mundura erakartzea da orain erronka, eta horretan ari gara. Espezialitateko kafeek bezero ugari erakartzen dituzte gaur egun, eta azalpenak eskatzera datoz. Eta bestelako lanik baldin bada dendan, hori ere egiten dut: paketeak prestatu, eskaerak jaso...

Tolosan jaio zen Eguia kafe dendak 130 urte bete ditu; 1936n ireki zuten Gasteizko denda

Produktu eskaintza handituz joan zarete urteekin, ezta? 

Kafea eta tea dira nagusi, baina gozogintzan denetik dugu: irinak, fruitu lehorrak, bonboiak, fruta konfitatuak, marmeladak... Aitonak irakatsitako filosofiari eusten diogu: prezioa igo behar bada, igo egiten da, baina kalitatea ez da inoiz jaisten. Eta askotan beste aukerarik ez dago; kafearen prezioa ikaragarri igo da azken urteetan, zenbait faktorerengatik, eta hala egin dugu. Bezeroek baloratzen dute kalitatea zaintzea, eta baita produktu berezienak topatzeko aukera izatea. Adibidez, azkenaldian Turkiako pistatxoek sekulako eskaria dute; garestiak dira, baina jendeak kalitatea baloratzen du.

Kafearekin batera, gozogintza eskaintza zabala du Cafes Eguiak. A. AMENABAR

Zein da zuen kaferik salduena? 

Kafe mota desberdin asko saltzen dugu, baina Kolonbiakoa da ziurrenik arrakastatsuena, eta gure kasuan Blend eta Don Pedro kafe nahasketa bereziak, jatorri ezberdinetako aleak batuz sortutakoak. Txigortze bikoitzeko teknika berriak ere gero eta bezero gehiago ditu, aroma bereziagoak eskaintzen dituena.

Nola ospatzen ari zarete 130. urteurrena? 

Kafe dendaren historia azaldu nahi diogu jendeari, gure jatorrira bueltatu. Eta, noski, gurekin izan diren bezeroei egindako bidea eskertu. Horretarako, detailetxo bat izango dugu eurekin. Hasieran egiten genituen kandelak gogoan, kafe usaina duten kandela batzuk oparituko ditugu, Suanai artisau tailerraren laguntzarekin, eta kafe pakete bereziak ere banatuko ditugu. Horrekin batera, hilaren 18an ekitaldi bat egingo dugu betiko bezeroekin.

Sare sozialetan zenbait aholku eta argibide ematen dituzu. Zein da kafe on bat egiteko gakoa? 

Ikasten ari naiz, eta beti aitonaren laguntzarekin, noski. Kafe on bat prestatzeko garaian, kafetera behar bezala erabiltzen ikastearekin batera, garrantzitsua da supermerkatuetako kafeak alde batera uztea; aleak erosi edo momentuan txikitutako kafea izan behar da, zapore eta ezaugarriak hobeto mantentzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago