Beatriz Artolazabal Madrila doa eta ez da alkategai izango Gasteizen

Jon Hidalgo 2026ko irailaren 1a

Estefania Beltran de Herediaren lekua hartuko du Artolazabalek Senatuan. Argazkia: EAJ.

Beatriz Artolazabal EAJren ordezkari berria izango da Espainiako Senatuan, Estefania Beltran de Herediaren lekukoa hartuta. Gasteizko Udaleko lehen alkateorde eta jeltzaleen bozeramaileak udal gobernua utziko du legealdia amaitu baino lehen, eta ez da alkatetzarako hautagai izango 2027ko udal hauteskundeetan.

EAJk iragarri du Beatriz Artolazabal izango dela EAJren ordezkari berria Espainiako Senatuan. Estefania Beltran de Herediaren lekua hartuko du Goi Ganberan, azken honek bere ibilbide politikoa amaitzeko erabakia hartu ostean. Izendapena datorren asteetan berretsiko du Eusko Legebiltzarrak, autonomia erkidegoak izendatzen baititu senatariak.

Mugimenduak ondorio politiko nabarmenak ditu Gasteizen. Artolazabalek aleko ardura instituzionalak utziko ditu legealdia amaitu aurretik, eta ez da EAJren alkategai izango 2027ko udal hauteskundeetan. Horrenbestez, erreleboa prestatzen arituko dira jeltzaleak datozen hilabeteetan.

Artolazabalek berak adierazi du bere bizitza politikoan etapa bat ixteko eta beste bat irekitzeko unea dela. Politika beti zerbitzu publiko gisa ulertu duela nabarmendu du, eta Senatuan Euskadi ordezkatzea "lehen mailako erantzukizuna" dela esan du. Azken hiru urteak Gasteizko Udalean "biziki aberasgarriak" izan direla azpimarratu du. Eskerrak eman dizkie udal taldeko kideei, udal gobernuko bazkideei, udaleko langileei eta oposizioko taldeei ere, elkarrizketarako eta akordioetarako espazioak aurkitu izanagatik. Artolazabalen hitzetan, EAJk hiriburuan aurkeztu zuen proiektua "oso bideratuta" dago, eta lasaitasunez uzten du udal taldea, lanean eta konpromisoz jarraituko duela sinetsita.

Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko lehen alkateordea eta EAJren bozeramailea izan da azken urteetan, eta Espazio Publikoaren eta Trafikoaren arloen ardura izan du. Aurretik Arabako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan ere kargu garrantzitsuak izan ditu, besteak beste Gizarte Politiketako sailburu gisa Iñigo Urkulluren gobernuan. 2023ko udal hauteskundeetan Gorka Urtaranen lekukoa hartu zuen EAJren alkategai gisa Gasteizen, eta laugarren alderdi bozkatuena izan zen EAJ urte hartan, jaitsiera nabarmena izanik aurreko hauteskundeekiko.

Estefania Beltran de Herediak erretiroa

EAJk nabarmendu du Estefania Beltran de Herediaren erretiroa erabaki pertsonal baten ondorio dela. Senatari gisa azkenekoz hautatua izan zenean jada adierazi zuen 2026a izango zela lehen lerro politikoa uzteko epea. Alderdiak bereziki eskertu dio Senatuan egindako sei urteko lana, euskal interesen eta eskumenen defentsan erakutsitako irmotasunagatik.

Ibilbide instituzional luzea izan du Beltran de Herediak. Uribarri Haranan jaioa, nekazaritza ingeniari teknikoa da, eta 2012tik 2020ra Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua izan zen, Ertzaintzaren arduradun nagusia. Aurretik Arabako Foru Aldundian Nekazaritza diputatu izan zen, baita Arabako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ere. Azken urteotan EAJren bozeramaile izan da Espainiako Senatuan.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago