Hogei taxi lizentzia berri izango ditu Gasteizek

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 22a

Gasteizko taxiak, Katedral berriaren ondoan. Argazkia: EKAITZ ANDA/ ALEA

Guardien egutegi berriak gutxienez 50 taxi bermatzen ditu larunbat eta jaiegun bezperetako gauetan.

Gasteizek dituen 194 lizentziei beste hogei berri gehitzeko izapideak iragarri ditu udalak. Azaldu dutenez, duela bi hamarkada zuen kopuru berbera du gaur egun hiriak, nahiz eta handitu egin den, bai biztanleriari dagokionez, bai hiri hedadurari dagokionez. "Gasteizek taxi gehiago behar ditu eta, horregatik, hogei lizentzia berri sartzea bultzatuko dugu. Zerbitzu irisgarriagoa, modernoagoa eta prestatuagoa nahi dugu, hazi egin den eta eboluzionatzen jarraitzen duen hiriaren beharrei erantzuteko”, nabarmendu du Beatriz Artolazabal alkateordeak.

Taxi zerbitzuaren guardien dekretua argitaratu berritan iragarri du lizentziena. Dekretu honek amaiera eman dio maiatzaren 18an hasi zen administrazio izapideari, Artolazabalek azaldu duenez, sektoreak aurkeztutako alegazio guztiak aztertu eta erantzun ostean. "Dekretu hau behin betikoz onartuta, sektorearekin ia bi urtez egindako elkarrizketekin hasitako prozedura amaitu dugu. Alegazio guztiak entzun eta aztertu ditugu eta, arrazoi objektiboak eta egiaztatuak zeudenean,  beharrezko aldaketak sartu ditugu".

Guardien egutegi berriak gutxienez 50 taxi bermatzen ditu larunbat eta jaiegun bezperetako gauetan, 00:00etatik 08:00etara. Gainera, 35 ibilgailuko gutxieneko zerbitzua ezartzen du igandetan, maiatza eta urria bitartean, 13:00etatik 19:00etara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago