Maider Etxebarria alkateak iragarri du igande honetan pantaila erraldoi bat jarriko dutela "Espainia plazan", Espainia eta Argentinako selekzioen arteko futbol partida ikusteko. Munduko Koparen finalaurrekoetan Santa Barbara plazan egin bezala, oraingoan udaletxe parean kokatuko dute gunea. Alkatearen esanetan, gunearen helburua da "selekzioaren ondoan egotea", eta herritarrei aukera ematea hitzordu historiko horren giroaz gozatzeko.
Finalaurrekoetan baino pantaila are handiagoa izango dela esan du Etxebarriak; 8 x 4,5 metroko azalera izango du. 19:00etan abiatuko da arratsaldeko egitaraua. Lehenik DJ batek girotuko du plaza, eta 20:30ean jada partidaren edukiak proiektatuko dituzte pantailan. 21:00etan da hastekoa finala.
Alkateak nabarmendu du "duela urte batzuk pentsaezina zen irudia" eman zela joan den asteartean Santa Barbara plazan, Espainia eta Frantziaren arteko partida ikusteko gunean. "Giro bikaina" izan zela adierazi du, "erabateko normaltasunez" egon ahal izan zuela jendeak Espainiako kamiseta eta banderekin, eta giro hori errepikatzea nahiko lukeela adierazi du. Espainiako kamiseta jantzita egin du agerraldia alkateak, eta Espainiak irabaztea nahi duela adierazi du.
Zentzu berean, mezu bat helarazi die Espainiako selekzioaren aurka daudenei. Adierazi du kalean pantaila jartzeak "bizikidetza normalizatzen laguntzen duela", eta berak "erabat errespetatzen duela" pertsona batzuei ez gustatzea Espainiako selekzioa, edo nahiago izatea beste bat babestu. Hala, "errespetu bera" eskatu du Espainiako selekzioa "babesten dugunontzat eta une hauetaz gozatu nahi dugunontzat".
Mobilizazioa euskal selekzioaren alde
Finalaren testuinguruan euskal selekzioa aldarrikatzera deitu dute hainbat eragilek, Euskal Herrian euskal selekzioa, Gasteizen asimilaziorik ez! lelopean. Igandean bertan elkarretaratzea deitu dute Gasteizko Alde Zaharrean, 19:00etan Farolonen. Euskal selekzioaren ofizialtasuna eskatzeaz gain, Espainiaren inposaketa salatzeko deia egin dute bertan. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan jarriko dira pantaila handiak kalean finala ikusteko.