Joan den ostiral gauean, Aranbizkarra auzoko jai eremuan, gizonezko batek salatu zuen pertsona talde batek inguratu eta presio egin ziola, Espainiako futbol selekzioaren kamiseta ikusgarri zeramalako soinean. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, taldea gizonari bultzaka aritu zen eta kamiseta kentzera behartu nahi izan zuten, edo beste arroparen batekin estaltzera, lekukoen esanetan.
Gizonak Ertzaintzari deitu zion, eta bertaratutako patruilek hiru gazte identifikatu zituzten, 22, 30 eta 32 urtekoak. Poliziak diligentziak zabaldu ditu, eta lesio arinak, koakzioa eta gorroto delitua egotzi die identifikatutako hiru kideei.
Auzoko jaien bitartean Espainia eta Uruguairen arteko Munduko Txapelketako partida ari ziren jokatzen.
Espainiako kamiseten lapurreta
Aranbizkarreko gertakaria baino egun bat lehenago, Ernai gazte antolakundeak protesta ekintza bat egin zuen Iruñea, Bilbo eta Gasteizko zenbait dendetan: Espainiako futbol selekzioaren kamisetak hartu eta lapurtu egin zituzten, protesta gisa. Antolakundeak sare sozialetan zabaldu zuen ekintzaren bideoa, eta azaldu zuten helburua Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzea zela.
Ernairen esanetan, Espainiako selekzioak "Euskal Herriaren erabakitze eskubidea ukatzen" du, eta udako kanpainaren barruan kokatu zuten ekintza, Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez! lelopean. Dendetan egindako sarrerak oso azkarrak izan ziren, eta kamisetak hartu ondoren korrika alde egin zuten. Ez da jakin zer egin duten gero materialarekin.