Protesta artean inauguratu dute Zaramagako Bizan berria

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 10a

Arabako esku hartze sozialeko langileek egin duten protestari ihes egin diote udal agintari politikoek eta atzeko atetik sartu dira. 1,5 milioi euro inbertitu dituzte adinekoen espazioa eraberritzeko.

Oihu eta txistuen artean jaso dituzte Arabako esku hartzeko sozialeko langileek Gasteizko udal agintariak Zaramagako Bizan berriaren atarian. Gaur inauguratu dute adinekoentzat zerbitzu anitz jasoko dituen eraikin eraberritua Maider Etxebarria alkateak eta Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak.

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek kontzentrazioa deitu dute goizeko lehen orduan Zaramagako Bizan berrian, 11:00etan aurreikusita zegoelako inaugurazio ofiziala. Halere, agintari politikoek nahiago izan dute atzeko atetik sartu protestari ihes egiteko.

Arabako esku hartze sozialeko sektorearen laugarren hitzarmenaren inguruan lan gatazka dela eta sektoreko langileek zazpi greba egun egin dituzte dagoeneko. Halaber, mobilizazio ugari egin dituzte hitzarmena hobetzeko eskatzeko, eta sektore publikoko langileek dituzten "baldintzak parekatzeko".

Eraberrikuntza

Zaramagako adinekoen instalazioen birmoldaketa sakona egin du Gasteizko Udalak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak onartutako auzoak berroneratzeko Inbertsio Estrategikoen Planean. Espazioak birbanatu, intsonorizazioa eta irisgarritasuna hobetu eta energia eraginkortasuna indartu dituzte, eta 1,5 milioi euroko inbertsioa egin da.

Jantokiak ere gaur ireki ditu ateak, eta 70 plaza ditu. Gainera, zentroak officea, kafetegia, erabilera anitzeko gelak, ikus entzunezkoen gela, topaketetarako eta irakurketarako gelak, ile apaindegia, podologia, aldagelak, komunak eta biltegiak ditu.

Bideoa: PHOT.OK

 

Erlazionatuak

Zaramagako Bizan berria maiatzean irekiko dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute ots 09 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago