Zaramagako Bizan berria maiatzean irekiko dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 9a

Bizan berriaren infografia. Argazkia: UDALA

1,4 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri du eraberritze obrak. Otsailaren erdialdera arte luzatu behar izan da obrak amaitzeko epea, ustekabeko arazoak medio.

Gasteizko Gizarte Politiken Sailak maiatzean Zaramagako Bizan berria ireki ahal izango dutela aurreikusi du. Nahi baino gehiago luzatu da obra, ezkutuko akatsak agertu direlako, besteak beste lurperatutako saneamendu eskasa, lokalaren gainean dauden eta Bizanetik igarotzen diren etxebizitzen hodiak egokitzea, fibrozementuzko zorrotenak baliabide eta protokolo egokien arabera kentzea eta abar. Beraz, aurtengo otsailaren erdialdera arte luzatu behar izan zen epea.

Dena den, azken ukituak ematen ari dira eta datorren astean amaituko dira obrak. Ondoren, eraikuntza enpresak obra amaitzen duenean lanen ardura duen Mantentze Zerbitzuak beharrezko erremateak eta egokitzapenak egingo ditu. Aldi berean, Gizarte Politiken Saila altzariak erosten ari da.

Obra hau instalazio guztiak desmuntatu eta eraistearekin hasi zen, eta 1,4 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri du. Orain, zenbateko horri, altzariz hornitzeko kostua gehitu beharko zaio: 90.000 euro inguru.

Gasteizko Taldea kalean dagoen lokalak 709,92 metro koadroko azalera erabilgarri du. Erreformarekin, espazioen banaketa hobea, irudi moderno eta funtzionala eta arretan, irisgarritasunean eta jasangarritasun energetikoan hobekuntza handiak izango ditu. Jantokiak 70 plaza eskaintzen jarraituko du, eta erabilera anitzeko hainbat areto izango ditu: ikus-entzunezkoetarako, topaketarako eta irakurketako aretoak. Gainera, kafetegia, officea, podologia, ile-apaindegia, aldagelak, komunak eta biltegiak ere izango ditu. Horrez gain, zaintzako gizarte zerbitzuetan oinarritutako arreta sistema berria abian jartzeko espazioak ere gehituko zaizkio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago