Kimuak taldeak 35 urte daramatza Gasteizko haurrei aisialdi euskaldun eta alternatiboa eskaintzen, bai asteburuetan, bai oporraldietan ere. Baina azken urteetan arazoak izan dituzte haien jarduna behar bezala egiteko, udalarekin hitzartuta zuten lokala asko hondatu delako denboraren poderioz. Udalaren partetik irtenbiderik jaso ez dutela eta, agerraldia egin dute aste honetan, egoera salatzeko, familia eta haurrez lagunduta. Irati Barona haur gisa hasi zen Kimuaken, eta begiralea da egun. Berak azaldu dizkigu proiektuaren nondik norakoak, eta egungo egoera ere aletu.
Zer da Kimuak?
Kimuak da aisialdi talde bat, aisialdi euskaldun eta alternatiboa eskaini nahi duena. Gaur egun 50 ume ditugu gutxi gorabehera, eta 25 bat familia edo, euskaldun eta euskaltzaleak, pixka bat gure balioekin lerratuta daudenak; berdinzale, transfeminista, euskaldun eta euskal kultura sustatzeko asmoa dutenak.
Praktikan zer egiten duzue?
Larunbatetan egiten ditugu ekintzak, ia larunbatero, ekintza berezi zein arruntak. Izan daiteke izotz pistara joatea, mendira buelta bat ematera, edo elkartzea eta jolas batzuk egitea, tailer bat, eskulanen bat edo. Gero, Aste Santuan eta neguan, lau eguneko kanpamentu motz bana egiten dugu, eta udan bagoaz hamar egun udalekuetara, eta mendi martxa ere egiten dugu nagusienekin. Borondatezko lanaren bidez egiten dugu guztia. Kimuak taldearen filosofia da "Gaur ikasi, bihar irakatsi". Hau da, haurrak izan direnak gero begirale bihurtzen dira, eta horrela doa biziraupena bermatzen. Ez dago salto gehiegirik haur eta begiraleen artean orain. Noski, 17 urterekin zure azkenengo urtea da "kimutxo" bezala, eta hor jada hartzen dituzu ardura batzuk, agian egun bat prestatzea udan edo horrelako dinamikaren bat, begirale txip horretan sartzeko pixka bat.
"Kimuakek espazioa ematen die euskaraz egin ahal izateko, akatsak lasai eginda"
Zuk ere, atzo ikasi zenuen eta gaur irakasten duzu?
Bai. Ni Kimuaken egon nintzen duela urte asko. Denbora batez etorri gabe egon behar izan nuen, eta bueltatu nintzen gero. Baina bai, badakit zer den kimutxo izatea, eta orain begirale izatea egokitu zait.
Zer ikasi zenuen zure begiraleengandik, eta zer irakasten duzu orain?
Nik uste dut asko ikasi nuela. Aipatu ditudan balio horietatik; zergatik euskaraz, zergatik giro honetan, zergatik nahastuta txikiak eta nagusiak,... leku askotan harritzen dira txikiak eta nagusiagoak batzen ditugulako. Guk uste dugu nagusiek ere badutela nolabait eredu izateko ardura, begiraleok daukagun bezala, eta txikienek ikas dezaketela nagusiengandik ere. Txikienak normalean bihurrienak dira, baina inuzenteenak ere bai, eta hor oso harreman politak sortzen dira. Ikusten da zelan nagusienak, lehen txiki zirenak, orain zaintzaileagoak diren, eta txikiek arazoren bat baldin badute lagundu egiten diete. Ikusten da nola, nagusitzen doazen heinean, rol desberdinak hartzen dituzten; hori ere polita da, beraien arteko hartu-emana. Eta umeengandik ere asko ikasten dut, batez ere non ditugun hutsuneak, gabeziak. Haiek esaten digute jolas edo ekintzaren bat aspergarria bada, edo errepikakorra, eta gauza berriak pentsatu behar ditugula. Azkenean, ume izatearen esentzia birgogoratzen dizute umeek. Agian zu arduratuta zoaz udalekuetara, begirale gisa, eta umeekin pailazo bat bilakatzen zara, bromak egiten, haien jolasetan sartuta.

Hazten ikusten dituzue umeak?
Bai, askotan ikusten ditugu hazten. Ume berriak ere badatoz, baina urtero errepikatzen dute ume askok, gurekin jarraitzen dutenak. Eta polita da ikustea zelan doazen heldutzen, beren jarrera nola aldatzen den, rol desberdinak hartzen dituztela txiki izan edo nagusiago izan.
Guztiak dira euskaldunak?
Ia gehienak, bai. Batzuk badaude agian etxean erdaraz egiten dutenak, baina euskaltzaleak direnak, eta pixka bat gure balioetan lerratzen direnak. Badaude familia erdaldunak ere, eta ume batzuk etorri dira Kimuakera euskaraz jakin gabe. Talka txikiak ere egon dira hor, aisialdi euskalduna izatea nahi dutelako familia euskaldunek, eta euskara menperatzen ez duten haurrak etortzean erdaraz egiten dute batzuetan. Baina, adibidez, nire lehenengo urtean begirale bezala, sartu zen ume bat ez zekiena euskaraz, zero. Hamar egun eman zituen gurekin udan Lesakan, eta ateratzean esaldi batzuk egiten zituen euskaraz. Oso polita da orain ikustea ume horrek zelan egiten duen euskaraz. Hein batean Kimuaki esker ere izango zen. Uste dut Kimuakek ematen diela espazioa euskaraz egin ahal izateko, akatsak lasai eginda.
Orain publikoki salatu duzue zuen lokalaren egoera kaxkarra. Zein da egoera?
Duela hamahiru urte egin zen hitzarmena udalarekin. Partaidetzako sailarekin, PP zegoen orduan udalean. Hitzarmen hartan aitortzen zen Kimuak taldeak egiten zion ekarpena gizarteari, eta baita haurrei ere. Hitzarmen horrek hiru bat urtez iraun zuen, eta gero gobernua aldatu zenean hitzarmena ez zen berriztu. Orduan lokala hondatzen joan da, okerragora egin du. Bere momentuan hitzarmenean agertzen zen mantenua udaletxeak hartzen zuela bere gain, eta hori ez da egin. Orain oso gaizki dago lokala, itoginak, putzuak, zuloak,... Hor geratu zen hitzarmena, eta gu geratu ginen linbo batean bezala, ez zaio jarraipen bat eman. Ni agertu nintzenerako ez zegoen hitzarmenik.

Zein da udalaren jarrera hitzarmen horrekiko?
Duela hiru urte bildu ginen Partaidetzakoekin, esanez beste espazio bat behar genuela umeekin egoteko, hau ez zelako jada segurua. Haiek ere esan ziguten ez egoteko haurrekin han, bestela botako gintuztela. Beste leku bat eskaini ziguten, Molinuevo parke inguruan hau ere. Baina aldaketa hastear ginela adar bat erori zen lokal berriaren teilatu gainera, prozesu guztia gelditu zen, eta esan ziguten ez zeukatela beste aukerarik. Eskaini dizkigute Simon de Beauvoir elkarteen etxea, Rogelio de Alvaro, edo beste espazio bat Aranan. Horiek momentu puntual baterako edo partxe bezala balio dezakete, baina berez ez digute balio, ezin dugu gure materiala gorde, erreserba egin behar dugu, giltzak hartu... ezin dugu hala ibili betiko. Guraso eta familien bidez lortu genuen Odon Apraiz eskolako frontoia erabiltzea, eta hor ibili gara azkenaldian, behintzat leku finko bat eskaini ahal izateko familiei. Udalaren batzarren batean egon gara duela gutxi eskaera egiten, eta bilera ere eskatu dugu udalarekin, baina ez digute erantzunik eman. Hiru urte daramagu zaratarik egin gabe, baina ez dakigu jada nora jo, eta eskaintzen digutenak ez die erantzuten gure beharrei.
"Baliabideak behar ditugu, gauzak modu duin batean egiten jarraitu ahal izateko"
Zer behar duzue zuek?
Espazio zabal bat, egon gaitezkeena barruan tailerrak egiten edo jolasean, euria egiten duenean batez ere. Oinezkoentzako espazioa daukana gertu, parkeren bat edo, eta erreferentziazkoa izango dena familientzat, hau da, finko egon gaitezkeen leku bat, bermatua izango duguna, eta gure materiala gorde dezakeguna. Azkenean, guk asko inprobisatzen dugu, eguraldiaren arabera edo umeen jarreraren arabera, eta gertu behar dugu materiala. Uste dugu ez gaudela eskatzen kristoren baldintzak ere.

Salatu duzue ez duzuela irtenbiderik jaso udalaren partetik.
Gu egon ginen udaleko batzarrean alderdi politiko guztietako ordezkariak daude, eta guztiek azpimarratzen zuten gure lana zela oso baliotsua, eta egiten jarraitzera animatzen gintuzten. Baina guk ezin dugu jarraitu horrelako egoera batean. Udalaren partetik ez dugu erantzunik jaso, eta nekatu egin gara, oso neketsua da, eta azken pausoa izan da salaketa publikoa egitea. Gainera, liberaturen bat balego, kobratuko bagenu zerbait... baina inork ez du kobratzen. Egiten dugu Kimuaken proiektuan sinisten dugulako, ez dago beste arrazoirik. Udalari eskatu diogu lokal bat bilatzeko epe laburrean. Baina badakigu uda datorrela, hauteskundeak datorren urtean... gure azken karta jokatzera gatoz nolabait. Umeentzako nahi dugu lokal hori, ez guretzat. Baliabideak behar ditugu, gauzak modu duin batean egin ahal izateko.