Caso 45 liburu denda itxiko dute

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 8a

2023 urte amaieran ireki zuen liburun denda Silvia Mansillak. Argazkia: ALEA

Umorea eta genero beltza ditu ardatz San Martin auzoko dendak.

Umorea eta nobela beltzean espezializatutako Caso 45 liburu dendak ateak itxiko ditu datozen asteetan, Silvia Mansilla arduradunak sare sozialetan iragarri duenez. Bi urte eta erdi igaro dira Gasteizko San Martin auzoko txoko hau inauguratu zuenetik, eta irakurzale ugari batu ditu bidean, baina ezin izan dio proiektuari eutsi.

Dendaren itxiera sare sozialen bidez jakinarazi du, eta bertan online merkataritzak liburu denda independenteen bideragarritasunean eragiten dituen zailtasunak aipatu ditu arrazoi nagusi gisa: "Ahal izan dugun guztia egin dugun arren, liburuei diegun maitasunak ez du itxiera saihestu...".

Denbora honetan, Teodoro Dublang kaleko liburu dendak, salmenta gune izateaz gain, kultur jarduerak sustatu ditu. Genero beltzeko eta umorezko argitalpenen eskaintza egonkorra izan du bere apaletan, eta, horrez gain, liburu aurkezpen ugari eta irakurketa klubaren saioak hartu ditu, joan den apirilean ALEAri azaldu zionez. "Ibilbide honetan komunitate txiki bat sortu dugu. Esperientzia hori gurekin eramango dugu betiko". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago