Gurean Liburuaren Egunak ez du azoka jendetsurik eta irakurle ilara luzerik sortzen, baina urtez urte gehiago dira ohiturara batzen direnak, irakurketa proposamen berri bila. Lurraldeko dendariek nabari dute egunotan mugimendua altxorraren bila. Baina zeren bila dabiltza? Lana errazte aldera, algoritmoen gomendio orokorretatik urrun, liburu denda txikietako saltzaileengana jo du ALEAk gomendio eske, eta liburu sorta prestatu du Caso 45, Eva Forest Liburutopia, Mara-Mara, Zuloa, Saga, Irazu eta Astrolibros dendetako aukerekin.
Hala, Marta Martinezek Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen ipuin bilduma "aztoragarria" nabarmendu du, noraezean dabiltzan pertsonaien atzetik; Carlos Villarrek Cornelia Funkeren El reino verde haurrentzako abentura liburua gomendatu du, ezkutuko altxor gisa; Elizabeth Taylorren Prohibido morir aquí eleberriaren bidez adinekoen bizipoza aldarrikatu du Juanma Garitaonandiak; Hirune Tobajasek Danele Sarriugarteren Beste zerbait lanaren estilo berezia eta euskararen aldeko hautu politikoa azpimarratu du; Espe Irazuk doluaz eta harreman konplexuez diharduen Comerás flores proposatu du; Silvia Mansillak, berriz, misterioz betetako Esta plaga de almas iradoki du; eta Txintxu Sanmartinek 1919ko Berlinera bidaiatzeko gonbita egin du Dos mujeres desnudas eleberri grafikoaren bidez.
LIBURUAK
'Dena zulo bera zen'
Gasteizko San Frantzisko aldapako Mara-Mara liburu dendatik, Eider Rodriguezen Dena zulo bera zen (Susa) ipuin liburu "indartsu eta aztoragarria" gomendatu du Marta Martinezek. Bikote, lagun eta familia harremanak ardatz dituzten kontakizunotan, pertsonaiak momentu erabakigarri baten atarian ageri dira, noraezean: "Eta, hain zuzen, momentu hori da Eiderrek aipatzen duen zuloa edo pitzadura", dio liburuzainak. Normaltasun nahiaren azpian, ezinegona, sei ipuinetan. "Banan-banan irakurri nahi nituen, poliki, baina guztiak irentsi nituen batera". Egunotan beste irakurketa proposamen ugari egingo dituzte dendatik, besteak beste, Brigitte Vasallo eta Greta Garcia idazleen bisitarekin.
'El reino verde'
Salmenta zerrenda handietatik kanpo dagoen El reino verde (Destino) haurrentzako liburua aukeratu du Gasteizko Astrolibros liburu dendako Carlos Villarrek. Cornelia Funke idazlearen istorio honetan, New Yorkera bizitzera doan neska batek gutun zaharrez betetako kutxa bat aurkituko du alokairuko etxean. Gutun bakoitzak enigma bat planteatuko dio, hirian bertan argitu beharrekoak. "Hamabi urtetik gorakoentzako abentura eta adiskidetasun istorio ederra iruditu zait, ilustrazio berezi eta osagarri desberdinak dituena, baita errezetak ere", nabarmendu du. "Ez dago salduenen zerrendetan, eta askotan saltzaileok erakusten ez baditugu, ezkutuan geratzen dira halako altxorrak".
'Prohibido morir aquí'
Juanma Garitaonandiak zuzentzen duen Saga liburu eta paper dendak hamahiru urte bete ditu Gasteizko Gorbeia kalean. Literaturari dagokionez, haur eta gazte literatura nagusi bada ere, Garitaonandiak Elizabeth Taylorren Prohibido morir aquí (Libros del Asteroide) eleberria aukeratu du oraingoan. "Hasieratik harrapatzen zaituen idazlan bikaina da, bizitzeko gogo handia duen adineko emakume ausart baten istorio bitxia kontatzen duena". Laura Palfreyren istorioa kontatzen du; alargundu berri den emakumea Londresko hotel dotore eta berezi batera joan da bizitzera, beste hainbat adinekorekin batera. Ezusteko adiskidetasun sakon eta bitxia sortuko du idazle gazte batekin.
'Beste zerbait'
Gasteizko Eva Forest Liburutopia liburu dendatik, Hirune Tobajasek Danele Sarriugarteren Beste zerbait (Consonni) gomendatu du, eta lanaren estilo berezia eta euskararen aldeko hautu politikoa azpimarratu ditu. "Kalean erabiltzen den euskara jasotzen du, eta horren inguruko azalpen bat ere ematen du, hizkuntza biziak denborarekin nola moldatu eta egokitzen diren". Zapalkuntza desberdinen pasarteak, irakurketa feministak, ahots eta tonu desberdinak jaso ditu Sarriugartek ezohiko nobela honetan. "Liburuari etiketa bat jartzea ezinezkoa da, 'beste zerbait' baita, tituluak berak esaten duenez", aipatu du Tobajasek. Liburutopian bertan aurkeztu zuen idazleak liburua, eta bertako irakurle txokoan ere parte hartu zuen. Izan ere, poliki-poliki, komunitate sendoa osatzen ari dira Alde Zaharreko liburu dendan, aurkezpen, tailer eta bestelako jarduerekin. "Ematen du, batez ere, neguan goxo egoteko txokoa dela hau, eta gehiago kostatzen zaio jendeari uda partean...". Halere, eskaintzarik ez da falta, eta gonbita hortxe; maiatzean, besteak beste, 'Silueta' aurkeztuko du Harkaitz Canok, eta 'Zubia' Kepa Larreak.
'Comerás flores'
Eltziegoko Irazu denda da Arabako Errioxan geratzen den liburuen azken gotorlekua. 800 biztanleko herri batean liburuetatik soilik bizitzea ezinezkoa denez, Espe Irazuk gogoratu duenez, negozioa paper denda eta aldizkariekin uztartzen du, Amazonen edo gertuko hiri handien lehiari aurre eginez. Liburuaren Egunaren bueltan, Lucia Sollaren Comerás flores (Asteroide) gomendatu du, doluaz eta harreman konplexuez diharduen lan arrakastatsua. "Doluaren erdian, bera baino hogei urte zaharragoa den gizona ezagutuko du protagonistak, eta harreman hori poliki-poliki korapilatuz joango da. Oso interesgarria iruditu zait, eta asko saltzen ari da gainera".
'Esta plaga de almas'
Gasteizko San Martin auzoko Caso 45 liburu dendak bi urte eta erdi daramatza misterioa eta umorea uztartzen, Silvia Mansillaren gidaritzapean. Ahoz ahokoari esker bezero fidelak lortu dituen arren, oraindik ezagutzera emateko lanetan azaldu du. Aurkezpenak eta hilabeteroko irakurle kluba dira lagun gehien biltzen dituzten egunak. Eta jabearen gomendiorik ez dute falta bezeroek. Gaurkoan, Mike McCormack irlandarraren Esta plaga de almas (Sexto Piso) nabarmendu du, kartzelatik atera eta familia etxean aurkitzen ez duen gizon baten suspense istorioa. "Gai politiko eta sozialak modu oso sotilean jorratu ohi ditu, irakurleari gertakarien arteko hutsuneak betetzeko aukera emanez".
'Dos mujeres desnudas'
Komikietan erreferentziazko espazio bilakatu da Gasteizko Pintore kaleko Zuloa liburu denda, 40 urteko ibilbidearekin, eta irakurleentzako gomendioa ere ezin zitekeen bestela izan. Luz egilearen Dos mujeres desnudas (Reservoir Books) eleberri grafikoa gomendatu du Txintxu Sanmartin liburuzainak. Frantzian sari ugari jaso dituen liburu honek 1919ko Berlin erakusten du modu bitxi batean. Koadro baten bitartez, mende bateko historia. "Margolari baten pintzelkadekin hasten da kontakizuna, eta horien bitartez ezagutuko du irakurleak istorioa; leiho baten gisa joango da kalean zer gertatzen den ikusten, nazismoaren garai ilunetan barneratzen".


