Fournier fabrika zaharra desalojatu du Poliziak

Jon Hidalgo / Argazkiak: Ekaitz Anda 2026ko ekainaren 4a

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak goizean desalojatu dute azken urteetan okupatuta egon den Fournier fabrikaren eraikina, Adurtzan. Operatiboan gutxienez zortzi pertsona identifikatu dituzte, eta agintariek azpimarratu dute instalazioak ez zirela bizigarriak.

Goizeko 8:00etatik aurrera, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak operatiboa jarri dute martxan Fournier enpresa zaharreko nabeetan, Heraclio Fournier kaleko fabrika abandonatuan. Epaitegi batek emandako agindu judizial baten ondorioz eraikina husteko prozedura abiatu dute, eta 10:30ean komitibarekin batera sartu dira instalazioetan.

Barruan gutxienez zortzi pertsona aurkitu dituzte, azken hilabeteetan eraikin horietan bizi zirenak. Fabrikatik kanporatu dituzte, eta gizarte langileak bertaratu diren arren, azken informazioen arabera bizileku alternatibarik eskaini gabe kalean geldituko dira bertako biztanleak.

Fournier zaharraren okupazioa ez da kasu isolatua. Inguruko URSSA eta EGA pabiloietan ere bizi dira dozenaka pertsona. Maiatzaren 27an beste operatibo bat egin zuen Poliziak, eta ehun pertsona baino gehiago identifikatu zituzten. Kasu hartan baina, ez zen desalojoa izan, eta Atzerritartasun Bulegoarekin hitzordua eman zien Poliziak. Gau hartan bertan itzuli ahal izan zuten fabrikan lo egitera.

Fournierren kasuan, hustu egin dute fabrika, eta biztanleak desalojatu. Udalak eta Segurtasun Sailak adierazi dutenez, instalazio horiek "ez dituzte betetzen bizigarritasun eta segurtasun baldintzak", eta horregatik egiten dira halako esku hartzeak, "hiriko espazio industrial abandonatuetan segurtasuna, bizikidetza eta lege betetze instituzionala bermatzeko".

Desalojoak kale gorrian utzi ditu bertan bizi ziren pertsonak. Hurbil elkarteko langileak bertaratu dira, baita Maider Etxebarria alkatea ere, egoeraren jarraipena egiteko. Eraikinaren jabeek nabeak erabat ixteko asmoa dutela iragarri dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago